Munduan zehar 500 emanaldi inguru eskaini ostean, Azkoitian egingo du geldialdia Xirriquiteula Bartzelonako antzerki konpainiaren Laika antzezlanak. Baztartxo antzokian taularatuko dute familiei zuzendutako obra larunbatean 17:00etan, eta hara bertaratzen direnek benetako gertakarietan oinarritutako sorkuntza lan "apartaz" gozatzeko aukera izango dute. Sarrerak salgai daude Entradium atarian.
1957. urtean Moskun girotzen da istorioa, Gerra Hotzean eta espaziora aurrena iristeko lasterketa betean. Laika txakurtxoa kale gorrian bizi da, baina gutxien uste duena da Lurraren inguruan orbitatzen duen lehen izaki biziduna izango dela. Hori da istorioaren abiapuntua, eta gertaera historiko haren irudia izan zen, hain zuzen, 2018an konpainia lan hori sortzera bultzatu zuena, egileetako bat den Daniel Carrerak (Badalona, Katalunia, 1972) azaldu duenez. Izan ere, errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa da Laika: antzezlanean, protagonista den albaitariak eta zientifikoak jaso duen mandatuari muzin egin eta Laika aske uztea erabaki du, eta hori bada antzezlanaren abenturaren parte. Gainontzekoa, berriz, benetako gertakarietan oinarrituta dagoela adierazi du artistak.
Duela mende erdi jazo zen gertaera oinarri duen kontakizuna umeentzat arrotza izan daitekeela jakitun da artista bera, baina hark adierazi du testuinguruan "arreta berezirik" jarri gabe, umeak abenturan murgiltzen direla: "Antzezlaneko bi protagonistekin, Laikarekin eta haren zaintzailearekin, konektatzen du publikoak, eta ikuskizunak irauten duen ordubetean pertsonaia horiei lotuta egongo da". Gertaera horiek ezagutzen ez dituenarentzat "jantzitegi kontua" besterik ez da izango testuingurua, baina istorioa biltzen duen ingurumari hori guztia ere "asko zaindutakoa" dela azpimarratu du hark: "Errusiarrek edota ukrainarrek esan izan digute hunkitu egin direla antzezlana ikustean, garai hartara eraman ditugulako". Horrez gain, umeentzako ez ezik, zenbait heldurentzako ere ezezaguna izan daiteke Laikaren historia, konpainiak horretaz jabetzeko aukera izan baitu obra nazioarteko hainbat herrialdetan taularatu eta gero. "Hong Kongetik itzuli berri gara, eta, esaterako, hango publikoaren erdiak inoiz entzun gabe zuen Laikaren historia", esan du. Dena den, orain arteko publikoaren erantzuna "izugarria" izan dela berretsi du hark.
Obrak baditu hainbat ezaugarri berezi egiten dutenak: batetik, modu kolektiboan sortutakoa da; hau da, oholtzan agertzen direnak obra sortu zuten berberak dira. "Artisau lana erabatekoa da, beraz", dio Carrerak. Bestetik, lan bakar batean teknika ugari lantzen dituzte: "Proiekzioak daude, txotxongiloak, itzalak, antzerki bufoa, dramatikoa, off-eko ahotsa… Guztia elkarri oso ondo lotuta dago, bakoitzak baitu bere zentzua". Hain zuzen, artistaren hitzetan, horixe da munduko hainbat tokitatik deitu izanaren eta Laikaren bizitza hain luzea izatearen arrazoi nagusia, eta horren emaitza da, berriz, jaso duten sari sorta. Besteak beste, MAX haur, gazte edo familientzako ikuskizunik onenaren saria jaso zuen 2021ean.
Hizkuntzaren erabilera ere azpimarragarria da obra horretan, pertsonaiek "oso modu berezian" –asmatutakoan– hitz egiten baitute errusieraz: "Hizkuntza propioa du antzezlanak, eta ikusleak barre asko egiten du horrekin, ezer ulertu gabe, guztia ulertzen baitu". Era berean, jatorrizko antzezlana hamabi hizkuntzatara egokituta dago, tartean euskarara, eta Azkoitiko saioa, beraz, euskaraz izango da. Carreraren hitzetan, "oso modu naturalean" sortu zen off-eko ahotsaren bidez antzezlana beste hizkuntzetara eramateko beharra, ikuskizunak ere har dezakeelako "dokumental itxura". Hori horrela, herrialdez herrialde itzulpenak egin izan dituzte, eta sortzaileak kontatu du, esaterako, duela gutxi Taipein izan direnean, taiwaneraz eskaini dutela saioa. "Zinez ederra" deritzo hark modu horretara lan egiteari, kasu horretan, artistak beraiek izanagatik testua "ulertzen ez" dutenak.