Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak Orona Fundazioaren Binakako Txapelketako finala jokatuko du. Ezkurra II.ak eta Larrañagak 2-0 (15-8 eta 15-6) irabazi zieten herenegun, zapatua, Aldabe eta Azpirozi Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta Jai Alai frontoian jokatutako finalerdia. Ezkurra II.a eta Larrañaga aurkariak baino gehiago izan ziren, eta ligaxkaren lehen itzulian bi bikoteek jokatu zuten partidaren antz handia izan zuen. Ezkurra Aldabe baino hobeto aritu zen aurreko koadroetan, eta Larrañagak bizkarra erakutsi zion Azpirozi atzean. Azkoitiarrak sakearekin apurtu zuen lehia, bereziki, lehen setean; Ezkurrak, berriz, bikain bukatu zituen aukera guztiak, batez ere, bigarren setean.
Lehenengo setean, irabazleek oso serio jokatu zuten, eta hala lortu zuten abantaila hartzea; 15-8 irabazi zuten aurreneko dema. Aldabek bi tantorekin hasi zuen partida, baina zortzi eta hutseko partzial bati esker lortu zuten Ezkurrak eta Larrañagak lehia iraultzea. Larrañagak zazpi tanto egin zituen –bost saketik– eta Ezkurrak beste lau egin zituen. Ezkurra eta Larrañaga oso seguru agertu ziren kantxan, bi horiek ez zuten-eta pilota bakar bat ere huts egin. Gorriek ondo eraman zuten sei-zazpi tantoko aldea, harik eta hamabosgarren tantora iritsi arte.
Abantaila hartuta, bigarren seta lehen setaren antzera hasi zuten bikoteek. Urdinak huts eta hiru aurreratu ziren, baina gorriek azkar erreakzionatu zuten, eta sei tanto egin zituzten jarraian. Bigarren setean, Ezkurrak markatu zuen erritmoa; pilota oso bizi ateratzen zitzaion hari saskitik eta konfiantza handiz jokatu zuen. Pixkanaka urdinek konfiantza galdu zuten, eta lehen setean bezala, irabazleek ondo zuzendu zuten hamabosgarren tantora arteko bidea.
Txapelketaren final nagusia datorren ostiralean, urtarrilak 2, jokatuko dute Ezkurra II.ak eta Larrañagak, Ansa II.a eta Zubiriren aurka. 16:30ean hasiko da neurketa, Hernaniko Galarreta Jai Alai frontoian. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen saltzeko; honako lotura honetan eskuratu daitezke.