Azken bi asteburuetan Bilboko Euskalduna jauregian sarrera guztiak agortuta eskaini dituen hiru kontzertuekin amaitu du Azkoitiko Bulego musika taldeak gaur, igandea, bere ibilbideko aurreneko etapa. Ordea, gaurko kontzertu horren amaieran eman du sorpresa musika taldeak, etenaldiari ekitearekin batera iragarri du-eta herriko musika taldeak itzulera data: 2027ko martxoaren 6an Bilboko Miribillan eskainiko duen kontzertu handi batekin itzuliko da Bulego agertokietara. "Taldearen ibilbidean etapa berri baten hasiera markatuko duen hitzordua izango da Miribillako kontzertua", azaldu dute musika taldeko kideek.
Agurreko biran erabateko arrakasta lortu ondotik iragarri du musika taldeak noiz itzuliko den zuzenekoak eskaintzera. Bilboko Euskalduna jauregian eman dituen hiru kontzertuez gain, Iruñeko Baluarten urriaren 18an eskaini zuen Bulegok beste kontzertua, eta orduan ere sarrerak guztiak salduta aritu ziren jendaurrean. Bai Iruñean, bai Bilbon, musika taldeak "publikoarekin duen lotura berezia sendotu" egin du.
Itzulera data jakinaraztearekin batera agindu du Azkoitiko musika taldeak "bilakaera bat" erakutsiko duela 2027ko martxoaren 6an. Nolanahi ere, taldearen "esentziari eta hunkitzeko gaitasunari bere horretan" eutsiko diotela nabarmendu dute. "Gaur, musika talde bat baino askoz gehiago da Bulego; musikak eraldatzeko eta batzeko duen indarrean sinesten duen komunitatea da, agertoki bakoitza bere energiarekin eta mezuarekin argitzen duen familia zabala", esan dute taldekideek.
Lehen etapa Bilbon itxi dute gaur, eta aro berria Bilbon bertan irekiko dute, Bilbao Arenan edo Miribillan. Hango kontzerturako sarrerak hilaren 13an, ostegunean, jarriko dituzte salgai, 10:00etan. Ordea, egun horretan Bulego komunitateko kideek izango dute soilik sarrerak erosteko aukera. Sarrera orokorrak hurrengo egunean aterako dituzte salmentara taldearen kanal ofizialean, ordu berean.
Etena, bost urteren ondoren
Bulego Euskal Herriko pop talde arrakastatsuena bihurtu da azken bost urteetan. 2019. urtean sortu zuten taldea, eta egun, Tom Lizarazuk (ahotsa eta gitarra), Ruben Lizarraldek (gitarra), Xabi Arrietak (bateria) eta Elba Azpillagak (teklatuak) osatzen dute taldea. Euskal musika eszenako erreferenteetako bat bihurtu da Bulego, haien soinu argitsuari, mezu positiboari eta publikoarekin duten konexioari esker.
Bi disko argitaratu dituzte musikariek beren lehen etapan: Erdian Oraina (2021) eta Aldatu Aurretik (2023). Era berean, jaialdi garrantzitsuetan aritu dira, hala nola BBK Live, Sonorama Ribera, MUWI La Rioja Music Fest eta jaialdian. Euskal Herriko mugak ere gainditu dituzte azken urte hauetan, besteak beste, Madrilen, Bruselan, Parisen, Londresen, Los Angelesen eta Osakan eskaini baitituzte haiek kontzertuak. Geldialdiaren aurretik egindako azken biran 12.000 sarrera baino gehiago saldu dituzte, argi utziz publiko "leiala" dutela eta haien proposamena "indartsua" dela.