Sanandresak, tradizioaren eta inklusiorako bidearen artean

Ane Olaizola 2024ko aza. 29a, 15:55

San Andres eguneko postu bat, joan zen urtean. (Mailo Oiarzabal)

San Andres egunak hartuko du bihar Azkoitia, eta ohiko ekintzekin ospatuko dituzte herritarrek festak. Marea Urdinak hainbat neurri hartu eta eremuak egokituko ditu.

Azken asteetan motorrak berotzen aritu ostean, bihar izango da sanandresetako jai egun handia Azkoitian, eta beste behin tradizioari gorazarre egingo diote herritarrek San Andres egunean, ez baitute hutsik egingo ohiturazko protagonista diren taloek, herri kirolek zein pilota partidek.

Udalak eta eragileek ohiko egitarauari eutsi diote sanandresetan, eta ohi bezala, goizean goizetik hasiko dira ospakizunak. Musika doinuek emango diote hasiera San Andres egunari kalean, eta goiztiarra izango da Txuri Urdin elkarteak antolatzen duen marrazki lehiaketa ere. Beste behin, ehunka ume erakarriko ditu egitasmoak: 09:00etan elkarteak Jausoron duen egoitzan materiala jaso eta herriko txokoak marrazten aritu ostean, parte hartzaileek 12:00etarako utzi beharko dituzte lanak Berdura Plazan, eta 14:00etan egingo dute sari banaketa. Gainera, saritutako lanak Etxe Beltzen jarriko dituzte gero ikusgai.

Eguerdirako, plazan kokatuko da festaren epizentroa: Izarraitz Lanbide Heziketak, Azkoitia BHIk, Floreaga ikastetxeak, Azpeitiko Ikasberri ikastolak eta Presoen Lagunek postu bana jarriko dute plazaren bueltan, herritarrek jan-edanaz goza dezaten; bitartean, Txikia IV.ak, Larrañagak, Ostolazak, Zelaik, Guztak eta Goenatxo III.ak herri kirol saioa eskainiko dute.

Marea Urdina elkarteak, gainera, adierazi du "inklusioaren eta irisgarritasunaren eredu" bihurtu direla sanandresak. Izan ere, bihar plazaren bueltan txosnak jartzen dituzten eragileek inklusiora bideratutako hainbat neurri hartuko dituzte. Hain zuzen, aniztasun funtzionala dutenentzako lehentasunezko eremua, zaratarik gabeko gunea eta kontzertuetarako gune egokitua ezarriko dituzte, eta postuetako menuak piktograma bidez ere erakutsiko dituzte. "Parte hartzaile guztien artean errespetua, enpatia eta elkarlana sustatzen dituen giroa sortzen dute neurriok; espazio eskuragarriak eta lagunkoiak sortzea ez ezik, elkarbizitza eta elkartruke solidarioaren garrantzia nabarmentzen dute, eta kultura inklusiboa sortzen lagundu", esan du elkarteak.

Batetik, postuek lehentasunezko eremu bat izango dute aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, eskaera egiteko orduan haiek lehentasuna izan dezaten; horretarako udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara jo beharko da, han egin behar baita egiaztagiri txartelaren eskaera. Bestetik, postuetako musikagatik, kontzertuengatik eta jendetzagatik, sanandresetan ere "zarata maila altuak" egon ohi dira Marea Urdinakoen arabera, eta horren aurrean, zaratarik gabeko eremua edo lasai egoteko gunea egokituko dute Portaleburu erakusketa aretoan. Lehentasun txartela duten pertsonek erabili ahalko dute gune hori, 12:00etatik 15:30era bitartean. Horrez gain, Oihan Vegaren plazako ikuskizuna Kultur Etxetik jarraitzeko aukera izango dute aniztasun funtzionala dutenek; horretarako, Kultura sailera deitu (943-85 71 70) edo kultu@azkoitia.eus helbidera idatzi beharko da aurrez.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide