Abenduaren 1ean xakelariz beteko da Elkargunea

Ane Olaizola 2024ko aza. 16a, 15:01

Mertxe Zubillaga, Izaro Arriola eta Igor Isuzkiza, kartelaren aurkezpenean. (Anaitasuna Kakute kluba)

Abenduaren 1an jokatuko dute xake txapelketa Elkargunean, eta Anaitasuna Kakute taldeko zein udaleko ordezkariek aurtengo edizioaren kartela aurkeztu dute. Dagoeneko 120 jokalarik eman dute izena.

Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta, 29. San Andres txapelketa jokatuko dute datorren abenduaren 1ean, eta haren kartela aurkeztu zuten ostiralean klubak Kultur Etxean duen egoitzan. Izaro Arriola Gipuzkoako hirugarren mailako txapeldun berria, Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotzia eta Igor Isuzkiza Kirol zinegotzia izan ziren agerraldian, klubeko kideekin batera.

Elkargunean jokatuko dute txapelketa, eta 10:00etan hasiko dira partidak, eta antolatzaileen arabera, 157 jokalarirentzako lekua izango da. Hain zuzen, dagoeneko 35 klubetako 120 jokalari izena emanda daudela jakinarazi du klubak, eta jokalari horien artean daude, Enrique Tejedor Nazioarteko Maisua eta hainbatetan Espainiako txapelduna izandakoa, Alejandro Franco maisua, Miguel Quintero, Fernando Arauz eta Elisabet Ruiz. Epaile lanetan, berriz, Mikel Almansa arituko da, eta hark ondoan izango ditu Aitor Herran, Jose Maria Villanueva, Aingeru Virto eta Asier Plazaola.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten garrantzia berezia ematen ari dira emakumeen kategoriari zein erdialdean kokatzen diren beste kategoriei, eta horietan jarriko dute indarra: "Anaitasuna Kakute klubean emakumezko xakelari asko daude, eta horiek motibatu behar ditugu. Txapelketak sustapen ekonomiko handiagoa izan beharko luke kategoria altuetako sariak hobetu ahal izateko, beraz, bien bitartean, erdiko kategorietako sariak hobetuko ditugu, horiek hartzen dutelako zatirik handiena". Hori hala, kategoria bakoitzeko jokalariak dagokion saria jasotzeko "borrokatuko" du, eta horrez gain, txanda bakoitzean zozketak egingo dituzte, "emozioa bukaeraraino" mantentzeko asmoz. 

Klubak eskerrak eman dizkie txapelketaren laguntzaileei, horien babesik gabe, ez zuketelako "posible" egitasmoa antolatzea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide