Azkoitiko Udalaren Euskara sailak zabalik du euskararen presentzia indartzeko merkatariei, ostalariei eta enpresei zuzendutako diru laguntza eskatzeko epea. Hil honen amaierara bitartean, urriaren 31ra arte, egin dezakete diru laguntza eskaera interesa duten merkatariek eta enpresek.
Besteak beste, webgunea, programa informatikoak eta establezimenduen barruko nahiz kanpoko errotulazioa euskaraz jartzeko, publizitatea euskaraz egiteko, eta poltsetan, txarteletan, fakturetan zein gainerako materialetan euskara erabiltzeko egin daiteke laguntza eskaera.
Kostuaren %60ko laguntza jasoko dute onuradunek webgunea edota publizitatea euskaraz egiteagatik, gehienez 600 euroko mugarekin. Poltsak, kartazalak, bisita-txartelak, fakturak, zigiluak eta bestelako materiala euskaraz aurkezteagatik ere kostuaren %60ko diru laguntza emango du erakundeak, baina, kasu horretan, gehienez 360 eurokoa izango da laguntza. Kanpoko errotulua euskaraz jartzeagatik, ostera, laguntza kostuaren erdia izango da, 360 euroko gehiengoarekin, eta programa informatikoak euskaraz egiteagatik, kostuaren %100 emango da, gehienez, 600 eurora arteko laguntza.
Diru laguntza lerro honi buruzko informazioa eskatzeko, udalaren 943-85 71 75 telefonora deitu daiteke edota euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi. Diru laguntza eskaerak online egin daitezke, Azkoitiko Udalaren webgunearen bidez, baina, baita aurrez aurre ere; azken aukera baliatu nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko dute.