Musika, poesia eta margoa batuta, 'Hi haiz zuhaitz' ikuskizuna taularatuko dute larunbatean

Ane Olaizola 2024ko ira. 10a, 10:37

Andoni Salamero poeta.

Gorka Larrañaga margolari azkoitiarra, Andoni Salamero poeta eta Pello Ramirez musikaria dira ikuskizunaren sustatzaileak, eta Baztartxoko emanaldira batuko dira Iraurgi abesbatza, Araitz Etxaniz trikitilaria eta Naia Arrizabalaga bertsolaria. Doako sarrera izango du.

Musika, pintura eta poesia batzen dituen Hi haiz zuhaitz emanaldia eskainiko dute datorren larunbatean Azkoitiko Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Arte diziplina desberdinek eta metaforek bat egiten duten ikuskizunaren sortzaileak dira Gorka Larrañaga margolari azkoitiarra, Andoni Salamero poeta eta Pello Ramirez musikaria, eta Azkoitian eskainiko duten saiora batu dira Iraurgi abesbatza, Araitz Etxaniz trikitilaria eta Naia Arrizabalaga bertsolaria.

Sustatzaileen arabera, honako hau da ikuskizunaren abiapuntua: “Lau lagun, txelo-jotzaile bat, margolari bat, abesbatza bateko zuzendaria eta poeta bat paseatzera atera dira mendira, eta ibilian baso suntsitu bat ikusi dute. Triskantza haren inguruko guztia misterio handia da, norbait edo zerbait izan da ezbehar horren eragilea. Basoa berreskuratzeko asmoz, lau lagunak leku hura zaharberritzeko burutazioa izango dute, horretarako, bakoitzak dituen gaitasunez baliatuko dira”. Hain zuzen, sortzaileek pertsonen "barruarekin" alderatzen dute basoa: "Geuk gure pentsamendu, sentimendu, portaera hala nola ekintzez, egunero, desitxuratzen edo itxuratzen dugu bakoitza den zuhaitza, eta baita gure inguruan ditugun giza-zuhaitzen ingurunea ere, hain zuzen, portaera, pentsamendu zein sentimendu horiek eragiten baikaituzte”.

Haien arabera, "beldurra eta maitasuna" dira ikuskizunaren muina: "Kanporatzen dugun bizitzatik, sortzen dugun errealitate anitz eta bakar horren erantzuleak eta fidatzaileak geu gara, eta horregatik, hobe da barnetik hartzen dugun erabakia egokia izatea, gizakiak gorrotatu baino, elkar ulertzeko”. Bide horretan, "elkartasuna, beratasuna eta errespetua" aldarrikatzen dituzte.

Azkoitia 700 egitarauaren barruan antolatu dute ikuskizuna, eta doakoa izango da. Ez dago aurrez sarrerak erreserbatu beharrik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide