Herrian aranondo gorriak eta platanondoak daude "egoera kaskarrenean", Kimubat Taldearen azterketaren arabera

Andoni Elduaien 2024ko abu. 22a, 09:00

Gaztanenea parkearen buetako platanondoak, eta atzean zedroa.

Azpeitiko Kimubat Taldeak Azkoitiko Udalaren eskariz egin du herriko zuhaitz helduen osasun egoera azterketa teknikoa. Guztira, 50 zuhaitz espezie baino gehiago ikuskatu dituzte azterlana egin ahal izateko, eta ondorioztatu dute zenbait kaletako zuhaitzak eraistea komeni dela. Egoera txarrenean dauden zuhaitzak dira aranondo gorriak eta platanondoak.

Azkoitiko Udalaren eskariz, Azpeitiko Kimubat Taldeak herriko zuhaitz helduen osasun egoera ezagutzeko azterketa teknikoa egin du, eta ondorioztatu dute aranondo gorriak eta platanondoak direla Azkoitian "egoera kaskarrenean" dauden zuhaitzak. "Zuhaitz multzo garrantzitsua" aukeratu du azterketa egin duen Kimubat Taldeko Mikel Igarataundik, eta bi zuhaitz mota horien inguruan ikusi dituzte gabezia handienak. 

Dena den, adierazi du "orokorrean", zuhaitzak ez daudela egoera txarrean. "Aranondo gorriak ezin dira kimatu, adarretatik onddoak sartzen zaizkielako. Gaixorik daude, eta eraisteko moduan. Platanondoak ere herrian asko daude. Zuhaitz gogorra da, baina eremu batzuetan oso zigortuta dago. Gaztanenea parkeko zedroa ere egoera txarrean dago, nahiz eta erortzeko arriskurik ez duen".

Bi zuhaitz mota horiez gain, azterlanean kezka sortzen duten beste zenbait zuhaitz ere detektatu ditu Kimubatek. Intsausti jauregiaren atzealdeko berdegunean dauden sei zuhaitz handienak, Juin auzoan dagoen beilatokiaren inguruan dauden beste lau, eta Xabier Munibe kaleko parkearen ondoko zedroa nabarmendu ditu Igarataundik. "Epe motzean erortzeko arriskurik ez badute ere, eboluzio kaskarra izango dutela ondorioztatzen da", azaldu du azterlanaren egileak. Horren aurrean, kezka sortzen duten zuhaitz horiek eraistea eta berriak sartzea gomendatu du Igarataundik, "flora mantentzeko".

Eraisteko gomendioa

Bestelako 50 zuhaitz espezie baino gehiago ere ikuskatu dituzte, ordea, Kimubat Taldeko kideek, eta aurrez aipaturiko espeziez gain, bestelako batzuk ere aztertu dituzte, besteak beste, gereziondoak, indigaztainak eta urkiak. Gainera, zuhaitz batzuk eraisteko gomendioa egin dio Kimubat Taldeak udalari, baina badaude mantendu ahal diren beste zenbait zuhaitz ere. Azken horientzako neurri zuzentzaileak ere zehaztu dituzte azterlanaren ondoren. 

Eraisteko gomendioa egin duten zuhaitzen artean daude, Zuazola kaleko Cotoneaster eta Judasen arbola bana; Julio Urkixo kaleko bi aranondo gorri; Izarraitz kaleko bi Judasen arbola; Klara Doneko haritz eta platanondo bana; parrokia aurreko nahiz Intsausti parkeko Aligustre japoniar bana; eta, azkenik, Julio Urkixoko astigar zilarreztatu bat eta aranondoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide