Juan Jose Larrañaga margolari zenaren erakusketa, zabalik

Iraia Oteiza 2024ko eka. 14a, 10:10

'Juan Jose Larrañaga 100 urte (1924-2024)' erakusketa atzo, irekiera egunean. (Iraia Oteiza)

Larrañaga jaio zela 100 urte bete ziren atzo, eta haren omenezko erakusketa zabaldu dute Azkoitiko Portaleburun. Margolari zenaren 32 lan jarri dituzte erakusgai.

Juan Jose Larrañaga margolari azkoitiarra jaio zela 100 urte bete ziren atzo, eta urteurrenaren harira, margolari zenaren omenezko erakusketa zabaldu dute Portaleburu erakusketa aretoan.

Familiak hala erabakita jarri dute erakusketa, Larrañagaren lanak herritarrei erakusteko asmoz: "Gure aita zenaren koadroetako asko etxe partikularretan daude gordeta, eta ondorioz, ez dira ezagunak. Horiek herritarrentzat erakusgai jartzea pentsatu dugu, halako data esanguratsuan aitari ere merezi duen omenaldia eginez", azaldu du Ramon Larrañaga margolari zenaren semeak.

Hori hala, Juan Jose Larrañaga 100 urte (1924-2024) izenburupean, familian gordeta dituzten lanetako batzuk eta partikularrei eskatutako beste batzuk jarri dituzte erakusgai, orotara 32 koadro: "Familian ditugun 21 koadro eraman ditugu Portaleburura, eta gainerakoak partikularrei eskatu dizkiegu. Gustu handiz utzi dizkigute erakusketarako lanak", dio semeak.

32 koadro horietatik 11 euskal paisaien lanak dira, beste zortzi obra Errioxako eta Gaztelako (Espainia) paisaienak, sei lan itsas paisaiei lotutakoak, eta zazpi natura hil. Margolari azkoitiarrak 1960tik 1981era bitartean margotutako lanak dira ikusgai daudenak, eta horietako askotan ageri da Azkoitia: "Paisaia asko margotu zituen, atsegin zuen horretan aritzea, eta olio pintura inpresionista landu zuen gehienbat. Azkoitiarra izaki, herriko txoko asko islatu zituen margolanetan", dio Larrañagaren semeak. Horren adibide, Plazaberri, Izarraitz, San Juan zahar, San Martin edota Baldako eskailerak ageri dira erakusketan dauden koadroetan.

Duela hemezortzi urte ere egin zuten Larrañagaren omenezko beste erakusketa bat, 2006an, margolaria hil zela 25 urte bete zirenean. Semeak azaldu duenez, "harrera ona" izan zuen orduko erakusketak, eta jaio zela 100 urte betetzen diren egunean beste erakusketa bat egitea "polita" iruditu zaie.

Koadroak, osagarriekin

Margolariaren semearen arabera, Larrañagak apunteak hartzen zituen koadroak margotu aurretik, eta zenbait zirriborro zein marrazki egiteko ohitura zuen. Horiek ere gordeta dituzte, eta erakusketan jarri dituzte ikusgai, koadroen osagarri moduan. Horiez gain, margolari azkoitiarraren aurreneko lanak ere erakusgai daude, umea zela egindakoak.

Ekainaren 23ra bitartean egongo da Larrañagaren lanak ikusteko aukera Portaleburu erakusketa aretoan, honako ordutegi honetan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara zein 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide