Juan Felipe: "Tokiko istorio bat hartu eta interes orokorrekoa bihurtzea zen asmoa"

Ane Olaizola 2024ko eka. 13a, 09:42

Juan Felipe. (Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza)

Casilda, beste pausuen oihartzuna dokumentalak itxiko du igandean Juan Felipek zuzendutako hiru dokumentalek osatu duten zikloa Azkoitiko Matadeixen, eta zuzendaria bera han izango da.

Casilda Hernaez militante anarkista donostiarrak (1914-1992) egindako bidea eta utzitako arrastoa kontatzen dituen dokumentala eskainiko dute igandean Azkoitiko Matadeixen, 19:30ean hasita, eta ondoren, lanaren zuzendari Juan Felipek (Madril, 1962) solasaldia eskainiko du. 

1930eko hamarkadan Donostian oso ezaguna izan zen Casilda Hernaez militante anarkista. Nola deskribatzen duzu hura?

Bi hitzetan deskribatuko nuke: borrokalaria eta iraultzailea. Libertarioa zen, baita ameslaria ere, uste baitzuen mundua desberdina izan zitekeela, betiere gizartea horretarako prest baldin bazegoen.

CNT sindikatuko militantea izan zen, eta langile klasearen eta emakumeen eskubideen alde borrokatu zuen. Zer testuingurutan bizi zen?

Aldaketa betean zegoen Gipuzkoa: Lehenengo Mundu Gerraz geroztik uda Miarritzen [Lapurdi] igarotzen zuen goi burgesia Donostiara joaten hasi zen. Donostian kasinoa zegoen, eta hiriburua aldaketa handi batean sartu zen; aberatsak Donostian etxebizitzak erosten hasi ziren, eta horrekin, langile klasea periferiara bidali zuten. Ordea, gaur pentsa genezakeenetik urrun, langile klasea antolatuta zegoen. Hain zuzen, Gipuzkoa borrokalari bat deskubritu dut dokumental hau eginez, orduan guztia ez baitzen meza eta arrosarioa. Klase kontzientzia zuen Gipuzkoa iraultzailea ere bazegoen. Garai hartan bizitzea egokitu zitzaion Casildari.

CNT sindikatua gorakada betean zen hamarkada haren hasieran, eta orduan sortu zen EAE-ANV alderdia ere. 

Dokumentalean deskubritu dudan beste gauzetako bat da sindikalismo anarkistak indarra zuela Euskal Herrian. Noski, ez zuen izan Katalunian adinakoa, baina hemen bazuen pisua. Elizari lotutako Euskal Herria zegoen moduan, langile klaseari lotutakoa ere bazegoen. Garai hartan, euskal burgesiak identitatearen kartarekin jokatzen zuen, eta identitatearen bidez langile klaseengana iristen zen. 1930ean sortu zen ANV alderdia: batez ere alderdi komunistatik zetozen hango kideak, baina bazuten identitateari lotutako sentimendua. Hori inflexio puntua izan zen, alderdi hark CNTrekin osatzen zuen tandema indartsua izan baitzen. Identitatearen eta klasearen arteko dikotomia desagertu egin zen ANVren sorrerarekin, ulertu zelako herri batenganako eta langile klase sentimenduak elkar zitezkeela burgesa izan gabe. Casildaren dokumentalean agertzen da gertaera hori, baina gustura landuko nuke gehiago.

Gero, frankismoan, Hernaezek eta haren bikotekide Felix Likinianok Miarritzen aterpea ematen zien iheslariei, haiek ere erbestean zirela. Zer egiten zuten?

Hego Euskal Herritik ihesi zihoazen eta borrokan jarraitzen zuten guztiei ateak zabaltzen zizkieten, EAJko zein PSOEko kideei barne, nahiz eta horiek orain ukatu egiten duten Casildari Donostian kale bat eskaintzea. Horrez gain, garai hartan Euskal Herrian sortzen hasi ziren erakunde armatuetako kideak ere hartu zituzten. Diotenez, Miarritzen zegoen kanpin bateko tabernan sekulako eztabaidak izaten ziren ezkertiarren, anarkisten... artean. Asaldura handia zegoen. 

Diozunez, Hernaezen pausoei jarraituz, «ezezaguna» den Donostia ezagutu ahal izango du ikusleak. Haren zer arrasto du hiriak?

Hasteko, haren izena daraman liburu denda bat dago, eta «Casilda baino adore handiagoa duzu» esaldia ere ezaguna da. Horrez gain, intsumisioa, borroka autonomoa eta libertarioa, irrati libreak, okupazioa... orduko borrokalari horien guztien herentzia izan dira, eta Donostian, ezin uka daiteke arrastoa Casildak eta Felixek utzitakoa denik.

2022an estreinatu zenuen dokumentala Donostiako Zinemaldi Alternatiboan. Zer erantzun izan du lanak?

Erantzun desberdina izan du. Mugimendu libertariotik nator ni, eta mugimendu libertarioak bere alde onak eta hutsuneak ditu. Hutsuneetako bat zera da: Katalunian edo Madrilen gertatzen ez bada, ez da existitzen; heroi guztiak bi leku horietan besterik ez daude, eta horrek izorratu egiten nau. Beraz, nire asmoa zen tokiko istorio bat hartu eta interes orokorrekoa bihurtzea. Casildak Madrilgo eta Bartzelonako kaleetan borrokatu izan balu, egun bere izeneko ateneo bat izango zukeen. Feminismoa dezente ari da aitortzen Casildaren lana, baina mugimendu libertarioa, gutxiago. 

Ezusteko handiak izan ditut lan honekin: erabateko arrakasta izan du, esaterako, Gaztela eta Leonen [Espainia]. Madrilen eta Bartzelonan, berriz, behin baino ez naiz izan. Nire aurreko El tiempo de las cerezas eta Indomables dokumentalek adinako arrakastarik ez du izan Casildarenak, eta, beraz, esan dezaket ez dudala helburua bete. Harago joango nintzela uste nuen.

Aipatu dituzun bi dokumental horiek ikusi ahal izan dira azken asteetan Matadeixen, eta lan horiek ere mugimendu libertarioa jorratzen dute: lehenengoak Franco hil ondorengo trantsizio garaia du ardatz, eta bigarrenak Mujeres Libres erakunde feminista eta anarkista.

Mugimendu libertarioak duen hutsunetako beste bat da ikus-entzunezkoetan oso gutxi landu dela libertarismoa. Trantsizioan haustura mingarria gertatu zen, eta esango nuke ikuspegi anbibalentetik inork gutxik jorratu duela gai hori ikus-entzunezkoetan. Trantsizioaren alde bietatik atera, eta kanpotik kontatu nuen historia El tiempo de las cerezas lanean, horixe baita nire obsesioa. Beti esaten dut istorioak ipuinak bailiran kontatzen ditudala, baina kontatzen ditudan gauzak egiazkoak dira; ez dira fikzioa. Nire asmoa da ideia libertarioak zabaltzea, eta inoiz kontatu gabekoak badira, are hobeto. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide