Khizar Shahid: "Argi dut idazle profesionala izan nahi dudala"

Iraia Oteiza 2024ko eka. 11a, 10:00

Khizar Shahid idazlea. (Iraia Oteiza)

Shahid pakistandarra da jaiotzez, baina 11 urte daramatza Azkoitian. COVID-19aren pandemia garaian ekin zion idazteari, eta 19 urte egiterako bi liburu argitaratu ditu.

19 urte baino ez dituen arren, dagoeneko bi liburu idatzi ditu Khizar Shahid (Kamoke, Pakistan, 2005) idazleak. Erizaintza ikasketak egiten hasi izanagatik ere ez dio idazteari utzi, eta bere bigarren lana argitaratu berri du: Lon y el alzar de las Alas de Shanila. Segurtasun eza landu du oraingoan, bere burua pertsonaia nagusian islatuz. Irakurgai dago liburua sarean, www.libroskinglon.com webgunean.

Zerk bultzatu zintuen hain gazte idazten hastera?

Pandemia garaian hasi zen dena, asko gustatzen zaidan Sendokai izeneko telesailaren inguruko idazteko lehiaketa bat egin zutenean. Lehiaketa hartarako atal batzuk idazten hasi nintzen, eta liburua idazten amaitu nuen azkenean. Geroago, haren jarraipena etorri da, bigarren liburu bat, eta trilogia bat osatzea da asmoa. Argi dut idazle profesionala izan nahi dudala.

19 urte baino ez dituzu, eta dagoeneko bi liburu idatzi dituzu. Lon y el despertar del nuevo King of Mean izan zen aurrenekoaren izenburua; oraingoarena, Lon y el alzar de las Alas de Shanila, martxoan argitaratua. Zer du kontagai zure bigarren lanak?

Lehenengo lanean gorrotoa, mendekua eta justizia ziren nagusi; aldiz, bigarrengoan segurtasun ezaren sentipenean jarri dut arreta, bizitzan behin baino gehiagotan izaten dugulako zerbaitetan nahikoa ez garen sentipena, zerbait egiteko gai ez garenarena, eta saiatu arren lortuko ez dugunarena.

Adibidez, nola islatu duzu sentipen hori liburuan?

Kapitulu bat dago, niretzat liburu osoko garrantzitsuena, nahikoa ez izatearen sentipenarekin irudikatu dudana. Ohe bat ageri da bertan. Lon izeneko pertsonaia ohetik jaikitzen da, eta aurrean duen ispiluan bere bizitzako pasarte batzuk ikusten ditu. Bat-batean, bide zuzen bat agertzen da, eta bidearen amaieran Lonek desio duen zerbait dago. Korrika hasten da protagonista, bidea zeharkatu nahian... baina ezin du, erori egiten da, eta atzera ohean esnatzen da. Behin eta berriz saiatzen da, gero eta gertuago dago... baina ez da inoiz iristen. Ez da nahikoa nahi duen hori lortzeko. Liburuan behin eta berriz ageri da nahikoa ez izatearen sentipen hori pertsonaia ezberdinetan.

Aurreko lanak apur bat zure sentimenduak azaleratzeko balio izan zizun. Bigarren liburu honekin zer sentipen izan duzu?

Gutxiespena, norbere burua maitatzea, onartzea, egin ahal duela sinetsaraztea... gai horietan jarri dut arreta bigarren liburuan. Lon eta bere barneko umearen istorioa kontatzen dut segurtasun ezarekin lotuta, eta nire buruaren isla dela esan dezaket. Umetan beldur handia nion hazteari, ez nuelako heldu zahar, aspergarri eta serioa izan nahi. 18 urte betetzear nengoela, umetan amesten nuen heldu hura izatera iritsi nahi nuen, eta beldurra alde batera utzita, erronka moduan hartu nuen. Ikaragarri polita izan da errealitatean gertatua liburuan islatzea.

Lon pertsonaiaren trilogiako azken liburua idaztekotan zara. Nola jarraituko du istorioak?

Hirugarren liburua osatzeko ideia oso argi dut, eta badakit trilogia nola amaitu nahi dudan. Bere istorioa eta bere mundua izango ditu, eta aurreko bi lanak bezalaxe, www.libroskinglon.com webgunean jarriko dut irakurgai.

Baina horretan hasi aurretik, nire liburu propio bat edo gehiago idatzi nahiko nituzke, hutsetik nik sortutakoak. Horiek ez lirateke fantasiazkoak izango, literatura arlo gehiago ukitu nahi ditudalako. Idazle moduan garatu nahi dut.

Erizaintza gradua ikasten hasi zara, eta idazle lanetan jarraitu nahi duzu. Posible al da biak uztartzea?

Idazten jarraitu nahi dut; hori oso garbi daukat. Duela gutxi bururatu zitzaidan esaldi bat nire bizitzako lelo bilakatu da: Erizaintzak zentzua ematen dio nire izateari, baina idazteak nire errealitateari. Egiaz zerbait egin nahi denean handik edo hemendik ateratzen da denbora. Nik erizaina izan nahi dut, baina baita idazlea ere, eta badakit biak egiteko gai naizela. Idaztea behar dut, eta horretan jarraituko dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide