2023ko udal eta foru hauteskundeak

"Aldaketa baterako urratsak" egitea eskatu dute kultur arloko zenbait kidek

Andoni Elduaien 2023ko eka. 15a, 08:28

Azkoitiko udaleko bilkura aretoa. (Artxiboa)

Kulturgintzan diharduten hainbat lagunek ere "aldaketaren alde" egin dute, astelehenean zenbait kirolarik egin bezala. Guztira, hamasei lagunek sinatu dute adierazpena, eta "arduraz jokatzeko eta benetako aldaketa baterako urratsak egiteko" eskatu dute horiek.

Astelehenean Azkoitiko zenbait kirolarik "aldaketa baten beharra" aldarrikatu zuten, eta gaur, osteguna, kultur arloan diharduten zenbait herritarrek bat egin dute "aldaketaren alde". Kulturgintzako hamasei lagunek oharra igorri dute hedabide honetara, eta adierazi dute "Azkoitiko herritarren gehiengoak aldaketaren aldeko bozka" eman zuela maiatzaren 28an.

Etzi, zapatua, egingo dute kargu hartze ekitaldia hautetsiek, eta datozen orduetan jakingo da aldaketa hori gauzatuko den edo ez; izan ere, Azkoitia Bai herri plataforma gaur da erabakitzekoa larunbatean emango duen botoa zein izango den.

Egun horren atarian, manifestua sinatu dutenek adierazi dute "kultur mugimendu aktiboa eta sortzailea" nahi dutela herrirako. "Horretarako, guk beharrezko ikusten dugu aldaketa. Eskuartean dugun aukera honen aurrean arduraz jokatzeko eta benetako aldaketa baterako urratsak egiteko eskatzen dugu", azaldu dute.

Kultur arloko honako hamasei herritar hauek sinatu dute adierazpena:

  • Ariane Aldalur antzerkigintzako kidea
  • Xabier Etxaniz trikitilaria
  • Julene Iturbe bertsolaria
  • Jon Andoni Martin Pegote argazkilaria
  • Juan Ramon Azpitarte Imuntzo trikitilaria
  • Iñigo Antsorregi idazlea
  • Asier Garate Txibilter trikitilaria
  • Beñat Uzin musikaria
  • Eneritz Artetxe bertsolaria
  • Suharri Aranburu musikaria eta marrazkilaria
  • Idoia Uranga aktorea eta zuzendaria
  • Ekaitz Etxezarreta musikaria
  • Malen Bastarrika antzerkigintzako kidea
  • Koldo Campos idazlea
  • Aitor Goenaga zinemagintzako kamera
  • Nestor Cruz musikaria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide