Gutuna

Azkoitiarren kaleak eta sukaldeak, kutsatuta

Urola Aktiboa taldea 2023ko mai. 25a, 13:12

Urola Aktiboa taldeak gutuna igorri du erredakziora. Azkoitiko Udalak hala eskatuta, Geobiotek enpresak 5G teknologiak herrian duen eragina aztertzeko Azkoitian egin duen azterketaren emaitzak izan ditu taldeak oinarri.

2021ean hasi zen bide luze honetan, hainbat bileraren eta Azkoitiko Udalak osoko bilkuran sinatutako nahiz 2022an onartutako mozio baten ondoren, urrats txikiak egiten jarraitzen dugu 5G teknologiak osasunean eta ingurumenean izan dezakeen eragina zein den jakiteko.

Gaur esan dezakegu, horrelako neurketetan espezializatutako Geobiotek enpresak egindako txosten ofizial bat daukagula eskuartean. Udalak berak eskatu zuen txosten hori, hura jarri zen harremanetan enpresa horrekin, eta hala jakinarazi ziguten orain dela hilabete batzuk.

Hainbat astez txosten horren zain egon ondoren, eskuetara jasotzeko eguna iritsi zaigu, datu guztiak egiaztatu ahal izateko eguna.

Txostena sakon aztertu ondoren, ohartu gara Europako Kontseiluko 1815 ebazpenean aipatzen diren mugetatik gora daudela herriko gune asko, eta horren aurrean, gure kezka eta ardura adierazi nahi izan dizkiogu udalari.

Herriaren %40,54a 100 eta 1.000 hW/m2 artean dago, eta %18,92a, 1.000tik gora.

Datu horiek izugarriak dira!

Floreaga eta San Martin auzoak oso zigortuak izaten ari dira.

Eskola inguruak, parkeak, San Jose egoitza, Atanotarren plaza, Abaraxka ingurua, Urrategi auzoa, Bizkargi-Jandonianiz, Bizkargi-Julio Urkixo, Idiakez kalea, Balda kalea, Trenbidearen Zumardia, Aizkibel... Izugarria da!

Espainiako Industria Ministerioaren neurketan, muga horietatik gorako balioak agertzen dira.
Eta gainera, ministerioko erregistroan agertzen ez diren frekuentziak neurtu dira.

Hori irregulartasun bat da, onartu ezinezkoa!

Udalak 2022an sinatutako mozioaren puntuetariko batzuk dira honako hauek:

  • Azkoitiko Udalak adierazten du bat egiten duela Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarraren 1815 ebazpenarekin.
  • Azkoitiko Udalak, gobernu zentralari 5G segurua dela adierazten duten ikerketak nahiz ebidentziak eskatzen dizkio, eta erabakiak edo neurriak prekauzio printzipioaren arabera har ditzala.

Herrian dugun panorama ikusita, zer egiteko asmoa duten eta egoera hori nola eta noiz konponduko duten galdetu diegu gure udal ordezkariei. Denbora luzez zain egon ondoren, salatu nahi dugu ez dugula inongo erantzunik jaso.

Azkoitiko herritarrok gure sukaldeak kutsaturik ditugula jakinda, geure zaharrak eta gaztetxoak, herritar guztiok, parkeetan eta kaleetan Europako Kontseiluaren neurrietatik kanpo isurtzen ari diren emisioen kaltea gugan dugularik (horrek gure osasunean dakartzan kalteak, minbiziak, eta abar), gaiari seriotasunez heltzeko eta mozioan sinatutakoa betez nahiz arduraz jokatuz, udalari eskatzen diogu lehenbailehen konponbidea jar diezaiolai. 

Txostenak garbi azaltzen du TMEBen birkokapena, horien urruntzea edota emisioen norabideak zein potentziak kontrolatzea tokatzen zaiola Azkoitiko Udalari.

Konpainiei eskatu eta exijitu behar die udalak aipaturiko aldaketak egin ditzatela.

Honako lotura honetan aurki daiteke udalak bere webgunean publikatuta duen Geobiotek enpresaren txostena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide