Azoken bidegurutzean

Ane Olaizola - Gipuzkoako Hitza 2022ko urr. 7a, 10:11

Tradizio bihurtu dira Gipuzkoan egiten dituzten askotariko azokak. Etorkizuna ezbaian dute, ordea. Elosun bidea amaitzea erabaki dute; Itziarko Periak norabide berria du antolaketa lanetan. Gipuzkoako Hitzan kaleratutako erreportajea da honako hau.

Baserritarren, abeltzainen zein bestelako ekoizleen azokek tradizio handia dute Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan, eta gaur egun oraindik ere garrantzitsuak dira, izan saltzaileentzat zein haien produktuak erostera joaten diren herritarrentzat. Festa giroan ospatu ohi dituzten azokek, ordea, maiz badute ezkutukoa izan ohi den beste alderdi bat: urteetako antolaketaren zama eta lekukoen falta. Bidegurutze horretan gelditu dira, esaterako, Elosuko mendi ganadu feriako eta Itziarko Periako antolatzaileak, eta, bakoitzak bere hausnarketa egin ondoren, Elosukoak bidea amaitzea erabaki du; Itziarkoak, norabide berria hartu du prestaketa lanetan.

Azkoitia eta Bergara arteko Elosua auzoan 41 urtez antolatu dute mendi-ganadu feria —azken bi urteetan ez dute egin, izurriarengatik—, baina urriaren 12an egin ohi zuten azoka behin betiko bukatzea erabaki dute aurten auzotarrek. Iñigo Zubeldia auzo alkateak adierazi duenez, errelebo faltak eraginda bukatu dute bidea: "Lanerako jendea bilatzea gero eta zailagoa egiten ari zitzaigun, eta prestasunez eta ilusioz jardun diren auzoko nagusiak adinean aurrera doaz; atzetik inor ez dator". Elosuarrek beraiek hartu zuten erabakia, batzar nagusi batean: "Auzoaren egoera bistaratzean, ahul sentitu ginen azoka berme batzuekin antolatzeko".

Mendi-ganadu azoka antolatzeko, 80-90 lagun inguru elkartu ohi ziren auzoan, eta feria sonatuak 3.000 bisitari inguru jasotzen zituen, Zubeldiaren arabera. Hain zuzen, auzoaren eta hango elkartearen diru iturri "bakarra" izan ohi zen hura, eta lehen sektoreari bultzada ematea zuen xede. Saltzaileen artean errepikatzen den hitza "pena" dela azpimarratu du hark, eta uste du landa auzoak "arimaren zati handi bat" galduko duela. Hain zuzen ere, arazoaren erroa "auzoak bizi duen egoeran" dagoela uste du Zubeldiak: "Landa eremuen husteak ohituren, kultura herrikoien eta egiteen akabatzea eragiten du pixkanaka". Izan ere, erakundeek oinarrizko zerbitzuak hiriguneetara bideratu dituztela salatu du Elosuko auzo alkateak, hala nola sendagileen bisitak, ikastetxea eta garraio publikoa. "Oinarrizko zerbitzurik gabe, landa eremuak leku idiliko erromantikoak dira, baina bizitzeko zailak".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide