'Aita Mari' ontziko soroslea

Javier Telleria: "Portura iristean hasten da etorkinen bigarren infernua"

Julene Frantzesena 2021ko ots. 19a, 09:20

Mediterraneo itsasoan da, ‘Aita Mari’ ontziarekin, erreskate lanetan. Aurrenekoz joan da zeregin horretara, eta itsasora ateratzen diren pertsonei laguntzeko "gogoz" dago.

Aita Mari erreskate ontzia joan zen ostiralean abiatu zen Adratik (Almeria, Espainia) Mediterraneo itsasorantz. Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH) gobernuz kanpoko erakundeak Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzeko erabiltzen duen ontzia da Aita Mari, eta oraingoan, Libia du jomugan. Hain zuzen ere, Libia eta Italia arteko migrazio bidera iristeko ordu batzuk falta zitzaizkiela hitz egin zuen UROLA KOSTAKO HITZAk Javier Telleria (Donostia, 1959) Azkoitiko bizilagunarekin. Atzo 102 pertsona erreskatatu zituen ontziak, baina elkarrizketa hau aurrez egindakoa da. Telleria soroslea da, eta lehen aldiz parte hartuko du erreskate lanetan.

Nolatan batu zara Aita Mariren zereginetara?

Kasualitatez. Harremana nuen Azkoitiko Parrokiako erretorearekin, Parrokiako taldearekin eta Itsas Salbamendu Humanitarioko kide batekin, eta abenduan esan zidaten sorosle bat behar zutela itsasontzian Libiara joateko. Soroslea naizenez eta denbora banuenez, joateko prest agertu nintzen. Hemen nago berriz ere, urte askoren ostean, itsasoan; oraingoan pertsona koitadu horiei laguntzeko prest.

Asteak pasatu dituzue Adran, ez aurrera, ez atzera. Zer gertatu da?

Aita Mari abenduren 23an iritsi zen Adrara, eta 50 egun igarota itsasoratu zen joan zen ostiralean. Adran pasatutako egunak luzeak eta gogorrak izan dira, eta itsasontziari ikuskapen zorrotzak egin dizkiote. Ontzia lehorrean zela oso urduri egon gara eskifaiako eta ISHko kideak, Mediterraneoko heriotzaren korridorean baitzeuden pertsonak egunero. Une oso hunkigarria bizi izan genuen ostiralean, Mediterraneora abiatu aurretik; izan ere, Adran jende asko aritu da lanean, eta itsasontziaren irteera pozik hartu zuten horiek. Dena prest dugu atera ginen unetik, edozein momentutan edozer gerta baitaiteke.

Zenbat lagun zaudete Aita Mariko lantaldean?

Legez itsasontzian izan behar duten zortzi lagun eta bost boluntario; hau da, lehen kapitaina, lehen ofiziala, bigarren ofiziala, bi marinel, sukaldari bat, bi makinista, kazetari bat, mediku bat, bi erizain eta sorosle bat. Ontziko kideon artean oso giro ona dago, eta oso pozik nago. Ni naiz zaharrena, denen aitona.

Zein da Libia eta Italia artean, itsasoan, dagoen errealitatea?

Mediterraneoan egunero ari dira hiltzen pertsonak; asko gazteak dira. Horiek bizitzeko eskubidea dute, libre bizitzekoa, baina lehen giza eskubidea ukatuta dute: libre jaiotzea. Askatasun bila ateratzen dira itsasora, bizitza berri baten bila, eta prest daude bidean bizitza uzteko; askok lagatzen dute, zoritxarrez. Itsasoa ederra da eguzkitan zaudenean eta lasai dagoenean, baina Mediterraneoan hotz egiten du, eta pertsona horiek oso baldintza eskasetan sartzen dira itsasora.

Erreskate bat egiteko zer plan duzue?

Legearen barruan jokatu behar da beti. Itsas salbamenduko eremuan ontzi prekarioren bat ikusiz gero, Alarm Phone Alemaniako gobernuz kanpoko erakundeak bidalitako alarma mezuak jasotzen ditugu irratiz. GKE-ek, armadak eta kostazainek jasotzen dituzte mezu horiek, eta gertuen dagoena joaten da ontzi hori dagoen lekura. Aita Mariri egokitzen bazaio joatea, lekura iritsi eta ikuskapena egingo dugu aurrena, eta abisua emango diegu Greziako edo Italiako autoritateei. Zer egin behar den galdetzen zaie horiei, eta esaten dutenaren arabera jokatzen du taldeak. Libiako agintariei ez zaie abisatzen, giza eskubideak ez direnez bermatzen, portu ez seguru bezala dagoelako aitortuta. Italiako agintariek-eta aurrera jarraitzeko esaten badute, lanean hasten gara; ordura arte ezin izaten da ezer egin. Itsasoan diren pertsonak erreskatatutakoan zer portutara eraman ere agintariek zehazten dute. Orduan hasten da etorkinen hurrengo infernua. Ni lehen aldiz etorri naiz, baina taldean bada lehen ere hemen izan den jendea, eta horiek kontatzen dituztenak…

Zer gertatzen da portura iritsitako pertsona horiekin?

Adibide bat jarriko dut: gure ama Frantziara eraman zuten 1936an, baina Eusko Jaurlaritzak kokatu egin zituen han; esan zien nora joan, norengana, noiz arte… Europak ez du halako ezer egiten, baina Europak behar du jende hori. Irekiak izan behar dugu; izan ere, Espainiako Gerran joan egin zen jendea Euskal Herritik, baina gero itzuli ere bai. Migratzaileak gu bezalakoxe pertsonak dira, ez dira bigarren mailakoak. Garbi daukat: aberatsak izan balira, ate denak zabalik izango zituzketen. Zoritxarrez, ordea, ez dira, ez aberatsak, ez libreak. Bizitzen ari naizena etikaren aldeko ekintza pertsonal txiki bat da, baina arazoa oso larria da, egoera oso tristea da, eta nahi edo ez, hor dago. Ea itsasoan gauzak behar bezala egiteko gai garen, eta pertsona horiei lasaitasuna eta maitasuna eskaintzen diegun.

Eta nolakoa izaten da pertsona horiekin lehen kontaktua?

Taldeko marineletako batek egiten du hori: senegaldarra da, Irunen [Gipuzkoa] bizi da, eta hura ikustean asko lasaitzen dira normalean. Izan ere, askok uretara salto egiten dute, beldurrez, eta ez dute igerian jakiten. Kontua da Libiako kostazainek harrapatzea baino nahiago dutela uretan itotzea; haientzat infernura itzultzea da hori. Goxotasunez eta gizatasunez tratatu behar ditugu, nahikoa sufrimendu pasatu baitute ordurako; eta gero ere pasatu beharko dute. Aita Mariren magalean dauden egunetan, behintzat, pertsona bezala tratatuta senti daitezen nahi dugu.

Noiz itzuliko zarete?

Ez dakigu. Erreskateen araberakoa ere izango da misioaren iraupena. Dena den, Italiako eta Greziako autoritateen esku dago erabakia: ikusi beharko da zenbat denboran nahi duten gu hemen egotea eta zer oztopo jartzen dizkiguten. Baporea, izatez, itsasoan bi hilabete pasatzeko dago prestatuta, baina datarik ezin dugu esan. Hori bai, hemen gauden denbora itsasotik ahalik eta jende gehien ateratzeko aprobetxatu nahi dugu.

Inoiz pentsatu al zenuen halako proiektu batean parte hartzerik?

Ez nuen espero. Bizitzaren bidean zoazela, norabideak agertzen dira, eta bat edo beste hartzen duzu, nahiz eta ez jakin nora eramango zaituen bide horrek. Kasu honetan, ordea, oso argi dago iparra: jendeari laguntzea eta hemen dagoen holokaustoa salatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide