Musikaria

Mikel Iraeta: "Ilusioa egingo lidake abestiek entzuleei zerbait transmitituko balie"

Andoni Elduaien 2019ko aza. 19a, 14:44

Ro eta Zizel taldeetako kidea da Mikel Iraeta (Azkoitia, 1992), baina argitara atera berri du bakarkako bere lehen lana: 'Isha'. Grabaketa eta nahasketa Iraetak egin ditu; masterizazio lana, berriz, Cadizko (Andaluzia, Espainia) Kadifornia estudioan egin dute. Lana plataforma digital guztietan egoteaz gain, formatu fisikoan erosteko aukera ere egongo da. 'Isha' diskoa Durangoko Azokan eskuratzeko aukera egongo dela aitortu du musikari azkoitiarrak. Aurkeztu berri duen lanari buruz hitz egin du Iraetak.

Mikel Iraeta musikari azkoitiarra.
  • Noiz jarri zenuen abian Isha proiektua?

Ez dakit zehazki noiz hasi zen, pixkanaka irteten joan den proiektua izan baita. Musika sortzea gustatzen zait eta pixkanaka kantuak egiten joaten naiz. Batzutan Zizel taldearentzat eta beste batzuetan Ro taldearentzat balio dezaketen abestiak ateratzen zaizkit. Sortutako beste abesti batzuk, ordea, oso neureak sentitu ditut eta ez nituen bi talde horietan ikusten. Beraz, azken hilabete hauetan kantu horiek biltzea eta argitaratzea erabaki dut.

  • Zergatik Isha izena?

Zizelek argitaratuko duen diskoaren izena formula matematiko bat da, eta X da formula horretako aldagai bat. Keinu bat egin nahi nion disko horri, baina IXA idatzita ez zitzaidan gustatzen, eta ISHA bezala idatzita esanahirik ba al zuen begiratu nuen. Kasualitatez aurkitu nuen albanieraz ISHAk “ni nintzen” esan nahi zuela. Abestien izenak niretzat bereziak diren datak direla kontuan hartuta, ezin hobeto datorkit, data horiek ni nintzena adierazten baitute.

  • Bost kantu ditu diskoak. Zer transmititu nahi duzu abesti horien bitartez?

Ez dago intentzio berezirik, gauza desberdinak transmititzen dizkidate. Espero dut norbaiti zerbait transmititzea. Berdin zait zer, baina ilusioa egingo lidake abestiek entzuleei zerbait transmitituko balieke.

  • Nolako musika estiloa landu duzu diskoan?

Musika elektronikoa. Azken urteetan elektronika asko entzuten nabil, baita pianista desberdinak ere. Izugarri gustatzen zait bien arteko nahasketa. Horrelako zerbait lantzea nahi nuen, baina zerbait egitera joaten naizenean normalean beste zerbait ateratzen zait. Beraz, ez dakit zehazki zer den landu dudana, baina garbi ikusten dut gustatzen zaizkidan estilo guztiak jasota gelditu direla diskoan.

  • Zenbat denbora eskaini diozu proiektuari?

Asko, pila bat. Ordu kantitatea idatzita ikusiko banu agian beldurtu egingo nintzateke. Ordu gehiago eskaini nahi nizkion, baina gauzak uzten eta zerbait berria egiten hasten jakin behar da. Beraz, orain beste zerbaiti eskainiko dizkiot orduak.

  • Grabaketa eta nahasketa ere zeuk egin dituzu. Lan erraza izan al da?

Ez da erraza izan, baina gustura egin dudan lana izan da. Lanketa hori izan da egitea gehien kostatu zaidana, ez baitut esperientzarik. Azken urtean, ordea, Alberto Martinezek asko irakatsi dit, eta informazio horri esker neure kabuz zerbait egiteko gai izan naiz.

  • Zergatik jo duzu autoekoizpenera?

Ez da horren erraza alboan zure lana ekoizteko prest dagoen norbait izatea; beraz, autoekoizpenaren bidea geratzen da. Gaur egungo baliabideekin askok jotzen dute autoekoizpenaren bidetik.

  • Betidanik izan duzu bakarkako disko bat argitaratzeko grina?

Urte honen hasieran disko bat ateratzea ez zegoen nire planen artean; ez dut betidanik izan grin hori. Naturalki atera zait. Horrez gain, pertsona batzuek eman didaten babesa erabakigarria izan da aurrera egiteko.

  • Disko fisikoa salgai egongo da Durangoko Azokan. Interneten ba al da diskoa entzuteko aukerarik?

Bai, Interneten entzungai dago plataforma gehienetan: Spotify, Youtube, Badok ataria, Bandcamp, Apple Music, Deezer… Horrez gain, aurtengo Durangoko Azokan ere egongo da salgai disko fisikoa.

  • Kontzertuak ematea da Iraetak buruan duen hurrengo helburua?

Hurrengo helburua ez, baina bada helburu bat. Momentuan, Ro taldearekin igotzen naiz agertokira, eta horrek asetzen nau. Ilusioa egiten dit, ordea, neure abestiak zuzenean jotzeak. Noiz ez dakit, baina nahikoa ziur nago emango dudala kontzerturen bat.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Maxixatzen-en webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide