Aktorea

Iban Garate: "Ikastolako lagunekin elkartzea bezalakoa izan da 'Agur Etxebeste!' egitea"

Ihintza Elustondo 2019ko urr. 4a, 10:48

Estreinatu berri da 'Agur Etxebeste!' filma, eta eskualdeko hainbat aktorek parte hartu du bertan: Telmo Esnal zarauztarra da zuzendarietako bat, eta Elena Irureta zumaiarra, Iñake Irastorza oriotarra eta Iban Garate azkoitiarra aktore lanetan aritu dira, besteak beste. Aktore azkoitiarrarekin hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZAk.

Aspaldian aktore lanak alboratuta izan baditu ere, "pozik" itzuli da 'Agur Etxebeste!' filmaren grabaketetara Iban Garate (Azkoitia, 1982). Iñaki pertsonaia gorpuztu du pelikulan, etxebestetarren erreinuko kiderik "normalena". Aktorearen jaioterrian emango dute filma asteburuan, eta "ilusioz" dago.

Agur Etxebeste! estreinatu berri da Donostiako Zinemaldian, baita inguruko hainbat herritan ere. Zer moduzko harrera ari da izaten filma?

Zinemaldian, Bergaran eta Bilbon aurre estreinaldiak egin genituen, eta leku horietan, behintzat, oso harrera ona izan du filmak. Jendea ondo pasatzeko gogoz joaten da zinemara, eta hori behintzat topatzen du film honetan. 90 minutu irribarrea ahoan pasatzen dituzte ikusleek; algarak ere entzuten direla esaten dute askok, eta ikusi besterik ez dago Twitterren-eta idatzi dituzten iritziak. Horretaz aparte, egunkarietako kritikei dagokienez ere, sentipen onarekin gaude. Geure buruari eta geure gizarteari barre egin nahi diegu pelikula honekin, eta uste dut hori gertatzen ari dela. Inportantea izaten da zinemara joateko eguraldi txar samarra egitea, eta oraindik ez du egin [barreak]. Beraz, asteburu honetan euria egingo balu, denok gustura. Gu pozik gaude jendeak esan digunarekin. Nik uste lehenengo Aupa Etxebeste! harekin dezente paralelismo topatzen dituela jendeak Agur Etxebeste! filmean; garai hartan ondo joan zen, eta orain ere hala joatea espero dugu.

Azkoitian emango dute asteburuan. Ilusio berezia egiten al dizu?

Neu kanpoan izango naiz asteburuan, baina joango nintzatekeen bestela. Denoi egiten digu ilusio pixka bat geure lanak etxean aurkezteak. Badakit Azpeitian eta Zarautzen oso harrera ona izan duela filmak. Herrietan-eta badago gose bat... Duela hamalau urte jendeak gosea zuen pelikulak euskaraz ikusteko, eta are gehiago: uste dut sekula inor joan gabe zegoela euskaraz pelikula bat ikustera zinema areto batera, Aupa Etxebeste! egin genuenean. Orduan guztiok harrapatu gintuen ikusteko nahiarekin eta gose horrekin. Orain, hamalau urte pasatu eta gero, asko aldatu da testuingurua, eta euskal zinemagintzak esan dezake pauso handiak eman dituela. Industria bat sortu da, eta erakundeak ere lagun ditugu: ahalegin handia egiten du Eusko Jaurlaritzak, eta EITBk ere euskal zinema promozionatzeko apustu sendoa egiten du. Gainera, jendea oso lagun izan dugu prozesu honetan.

Euskal zinema osasuntsu dagoela esango al zenuke?

Askok esaten dute loraldian dagoela, eta agian, hori esatea asko esatea da, gazte samarra delako euskal zinemaren industria. Baina ikusten da kimu batzuk, behintzat, eman dituela, eta horietako batzuk indartsu datozela. Orain gogoan dauzkat Loreak eta Handia filmak, gure mugetatik kanpora ere oso preziatuak izan direnak. Marka bat sortzen ere ari gara. Orain beste arreta eta begi batzuekin ikusten dute euskal zinemagintza kanpoan. Hamalau urtean panorama aldatu egin da zorionez, eta aldatzen ari da oraindik, baina ez nuke esango loraldi batean gaudenik ere. Kimuak datoz, kimu indartsuak; ez dakit nolako zuhaitza loratuko den, agian loratu ere ez da egingo, baina kimuak indartsu datozela, bai.

Duela hamalau urte Aupa Etxebeste! filma grabatu zenuten aktore talde bera aritu zarete Agur Etxebeste! grabatzen. Nolakoa izan da haiekin elkartzea?

Ikastolako lagunak berriz ikustea bezala izan da hori. Hamalau urte asko dira, eta batzuetan sentitzen duzu ez dela denborarik pasatu. Nire lehen filma izan zen Aupa Etxebeste!; harrezkero egin ditut beste bost edo sei, baina hura lehena izan zen. Eta zuzendarientzat ere lehen filma izan zen. Denontzat zen nahiko gauza berria, nahiz eta aktoreetako batzuk  ezagunak ziren ordurako; baina berezia izan zen errodaje hura. Ederra da ikustea grabaketa prozesu hartako giroa zein izan zen, eta orain, hamalau urte beranduago, beste bat dela giroa. Hasteko, pertsonaien gaineko azalpen asko eman beharrik ez delako egon, ezagutzen genituelako denok, eta askoz lasaiago geundelako. Eta zuzendariak ere seguruago ikusten nituen, arriskatzeko gogoarekin. Arriskuak hartzea beti da zinemaren mesedetan, eta iruditzen zait Agur Etxebeste!-n horren adibide batzuk badaudela. Paralelismo handiak egin daitezke Aupa Etxebeste!-rekin, baina ezberdinak dira.

Iñakiren pertsonaia gorpuztu duzu film honetan. Ba al du Iban Garateren antzik?

Antzik ez dauka. Familia horretan dagoen pertsona normalena da Iñaki. Inguruan oso pertsonaia markatuak dauzka, eta  ikuslearen begia da Iñaki. Etengabe zera esaten du: "Hauek zertan ari dira?". Baina gauza bat egiten du beti: familia estutasunean dagoenean, haren alde egiten du. Eta astakeriarik handiena egin behar bada ere, alde izango du familiak Iñaki. Familiaren sekretua gorde egingo du, eta pertsona arduratsua da, zentzu horretan. Familiaren alde baldin bada, egin egiten du. Zentzu horretan, agian, antz pixka bat izan dezakegu, baina bestela, Iñaki Etxebesteren ingurua eta Ibanen ingurua oso ezberdinak dira. Ez dut uste Patrizio Etxebeste edo Maria Luisa Uranga gure aita eta amarekin konpara daitezkeenik [barreak].

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Maxixatzen.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide