Azkoitiko igerilekuen irisgarritasuna ezagutzeko bideoa kaleratu du IDO taldeak

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 3a, 10:59

Inma eta Ursula Urteagarekin izan da Instalakuntza Duinak Orain taldea, bi herritarrek "gertutik" ezagutzen baitituzte igerilekuko irisgarritasun arazoak; Ursula Urteagak garun paralisia du, eta ama-alabek igerilekura iristeko egin behar duten bidea kontatu du Inma Ursulak bideoan.

https://www.youtube.com/watch?v=xn3FG7556U8

Azkoitiko Elkargunean dauden igerilekuen irisgarritasuna ezagutarazteko bideo bat kaleratu du Instalakuntza Duinak Orain taldeak. Inma eta Ursula Urteagarekin izan dira taldeko kideak, biek "gertutik" ezagutzen baitituzte hango irisgarritasun arazoak; Ursula Urteagak garun paralisia du, eta ama-alabek igerilekura iristeko egin behar duten bidea kontatu du Inma Urteagak bideoan.

Duela bi urte egin zuten bezala, igerilekuko irisgarritasunari buruzko bideo sorta bat kaleratuko du taldeak udan zehar, eta argitaratu berri dutena da lehenengoa. Bertan, arazoa hainbat ikuspuntutatik jorratuko dute, eta horretarako herritarren iritziak jasoko dituzte.

Duela bi urte sortu zen Instalakuntza Duinak Orain taldea Azkoitian, Elkarguneko igerileku estaliak dituen leku falta eta irisgarritasun arazoak salatzeko asmoz. Igerilekua berritzea eskatzeko 2.090 sinadura bildu zituzten herrian, eta egun, Azkoitian igerileku berri bat egiteko Sestra ingenieritza eta arkitektura enpresak azterketa bat egina du. Orain, kiroldegiaren irisgarritasunari buruzko beste azterketa egiten ari dira Instalakuntza Duinak Orain taldea eta Gipuzkoako Kirol Egokituko federazioa, egungo azpiegiturak dituen gabeziak identifikatzeko asmoz. Uda osterako azterketa prest edukitzea aurreikusten du taldeak, eta orduan helaraziko diete informazioa "interesa duten guztiei". Egungo egoera aztertuz eta parte hartze bidez egiten ari diren hirugaren azterketa da orain lantzen ari direna, taldearen helburua baita arazoaren xehetasun guztiak aztertzea. Izan ere, etorkizunean igerileku berria egiten badute, azpiegitura horrek orduko beharrei erantzun behar diela uste dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide