Azkoitiko EH Bilduren sei udal hautetsiak prentsaren aurrean agertu ziren atzo, herenegungo udalbatzarrean hartutako erabakien gaineko beren iritzia emateko. Asteazkenean, agintaldi berriko lehen osoko bilkuran, EAJk eta PSE-EEk osatu duten Udal Gobernuak proposatutako batzordeen antolaketa, zinegotzien liberazioak eta soldatak onartu zituzten, besteak beste. Azken bi puntu horiek eztabaida sortu zuten eta oposizioan dauden EH Bilduk eta Azkoitia Baik kontrako botoa eman zuten. Eudelek 11.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietarako ezartzen dituen soldata publikoen baremoan aukeran dauden kopururik altuenak ezarri dizkiete beren buruei Azkoitiko Udal Gobernuko kideek, soldata "oso-oso altuak", EH Bilduren esanetan. Bestetik, Udal Gobernua osatzen duten bederatzi zinegotzietatik zortzik izango dute dedikazioren bat udalean –EAJko zazpik eta PSE-EEren bakarrak– eta, beraz, soldata jasoko dute hortik.
EH Bilduk atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, liberazio osoak eta partzialak batuta, "ia 7 liberazio oso" (6,8 da kopuru zehatza) batuko dituzte aipatutako zortzi zinegotziek; aurreko agintaldian, kopuru hori lau liberazio osotik behera egon zen. Horrela, udalak hautetsien soldatentzako "urtero milioi erdi euro" bideratu beharko dituela diote ezker abertzalearen koalizioko kideek.
Udalbatzarrean esandakoak berretsi zituzten atzo EH Bilduren udal ordezkariek. Lehen udalbatzarrean onartutako soldatak eta liberazioak "gehiegizkoak" direla salatzearekin bat, oposizioak izango duen %100eko liberazioa nola banatu ezin erabakitzea ere kritikatu zuten atzo. Oposizioaren liberatuaren soldata gobernukideek izango dituztenak baino "milaka euro baxuagoa" izango dela nabarmentzeaz gain, EH Bildu kexu da Udal Gobernuak atzera bota zuelako bere eskaria: liberazioa bi zinegotziren artean banatzea zen koalizioaren asmoa, baina aurkera hori onartzeko aurkeztu zuen emendakina atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk. EH Bildurentzat "kezkagarria" da, halaber, udaleko batzorde informatiboak herritarrentzat irekiak izateko eskaera ere atzera bota izana. "Legeak ahalbidetzen duen moduan, uste dugu batzorde horiek irekiak izan behar dutela, herritarrek bertan egoteko aukera izan behar dutela eta erabateko gardentasunarekin jokatu behar dugula udalaren gestioan". Herritarren parte hartzeari "bizkarra ematea" eta udalean "hermetismoa mantentzea" egotzi die koalizioak jeltzaleei eta sozialistei.
"Gehiengo oso kaltegarria"
Finean, EH Bilduk kezka adierazi du "EAJ eta PSE-EE tandemaren lehen pausoak" zeintzuk izan diren ikusita. Gobernuan dauden bi alderdien akordioarekin, "berriro ere gehiengo oso kaltegarria" osatu dutela deritzo koalizioak. "Ez dugu uste Udal Gobernuak ondo hasi duenik agintaldia. Oposizioa eta herritarren parte hartzea albo batera utzi ditu eta gehiengo osoarekin horiek gainetik pasatzen hasi da".
Hala ere, aurrekoaren ildotik, "agintaldi honetan ere elkarlanerako eskua zabalik" izango duela adierazi zuten EH Bilduren zinegotziek, "herritarrei entzunez eta azkoitiar guztiak kontuan hartzen". Horregatik, espero du "Javier Zubizarretaren gobernuak hartu duen bide honekin ez jarraitzea eta herritarren ordezkari garen talde guztiekin elkarlanerako marko komunak martxan jartzea".