Azkoitiko Udalak aurten ere etorkinei euskara irakasteko Mundukoloreak errefortzu programa jarri zuen martxan ikasturte hasieran AEKrekin elkarlanean; azken bi urteetan Azkoitira bizitzera joandako LHko eta DBHko ikasle etorkinei dago zuzenduta programa, eta udalak adierazi duenez, helburua ikasleek "lehenbailehen" euskara ikastea da, D ereduko hezkuntza programan integratu daitezen. Ikastetxeetatik kanpo eskaini dizkie udalak laguntza eskolak ikasleei, eta guztira, 37 ikaslek parte hartu dute aurtengo edizioan; LHko hogei ikaslek eta DBHko hamazazpik. Mundukoloreak programan parte hartu duten ikasle guztiek diploma bana jaso dute; mailaren arabera, "euskaraz bizitzeko gai zara" eta "euskaraz bizitzeko bidean zara" nota jarri diete ikasleei.
Mari Jose Arregi, Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotziak azaldu duenez, "ikastetxeen eskaera" izan zen Mundukoloreak programa, eta Azkoitiko Udalak AEKrekin elkarlanean jarri zuen martxan egitasmoa duela urte batzuk. Arregi egitasmoan parte hartu duten ikasleen gurasoekin, Azkoitiko AEK-ko arduradunekin eta herriko ikastetxeetako ordezkariekin batu da gaur, ostirala, balorazio bilera egiteko. Horrez gain, beraiek programaren inguruan duten iritzia eta hobetzeko ekarpenak jaso ditu.
Helburu bikoitza
Arregik umeekin egiten duten lanaren inguruko xehetasunen berri eman die ikasleen gurasoei bileran, eta euskara ikasteko egin dituzten proiektuak zeintzuk izan diren azaldu die. Hark azaldu duenez, gurasoak "oso eskertuta" daude egitasmoaren arduradunekin, eta gaineratu du gurasoek antzeman dutela beraien seme-alabek euskararen ulermenean eta erabileran izandako aurrerapena. Halaber, Arregik gaineratu du, gurasoek beraiek ere euskara ikasteko duten aukeren inguruan galdetu dietela. Hain zuzen ere, Arregik azaldu du, programaren xedea ikasleak euskalduntzea ez ezik, gurasoak "euskarara erakartzea" eta euskararen erabilerarekiko "jarrera positiboa" izatea ere badela. Azkoitia "oso herri euskalduna" dela gaineratu du udaleko ordezkariak, eta euskarak "integraziorako bidea" zabaltzen duela.