Nondik datorkizu Eurovision jaialdiarekiko zaletasuna?
Txikitatik ikusi izan dut finala familiarekin etxean, eta momentu berezi bat izaten zen guztiontzat. Izan ere, afari berezi bat egiten genuen familia elkartzeko eta denok batera ikusteko saioa. Horrela, nahi gabe, egun berezi bat bilakatu zen finalaren eguna; hortik dator nire zaletasuna.
Urtero joaten al zara Eurovisionera?
2006. urtean joan nintzen lehen aldiz, Suediara, eta ordutik urtero errepikatu dut esperientzia.
Euskovision orrialdearen sortzaileetakoa zara. Zer da Euskovision?
Gaztea irratian kolaboratzen dut, Eurovision jaialdiaren inguruko informazioa kontatzen diet, eta pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela Euskal Herriak aukera izatea jaialdian parte hartzeko. Konturatu ginen Eurovisionen bueltako lotsa puntu hori oso handia dela Euskal Herrian; jendeak ikusten du eta jarraitzen du, baina askok ez dute aitortzen ikusten dutela. Horregatik, polita iruditu zitzaigun Eurovisionez euskaraz hitz egin ahal izateko atari bat sortzea, baita Euskal Herriak jaialdian parte hartzeko izango lituzkeen aukerez aritzeko ere: lehiaketak eginez, lehiaketa horiek tokian tokiko jendearekin partekatuz, zein izango litzatekeen Euskal Herriko abeslaririk onena edo kanturik egokiena komentatzeko, lehiakideekin horri buruz hitz egiteko... Asmoa zen euskara eta euskal kultura nahiz artistak Eurovision bezalako jaialdi batera gerturatzea.
Orrialdearekin jarraitzen al duzu oraindik?
Aurreko urtean izan zen gure azken urtea. Izan ere, lan handia eskatzen du webguneak, eta partaide bakoitzak geure lana dugu. Horregatik, erabaki genuen aurten atseden pixka bat hartzea. Aurten ez gara talde bezala etorri Tel Avivera; batzuk Euskal Herrian gelditu dira eta beste batzuk etorri gara. Baina webgunearekin ez dugu jarraitzen uneotan.
Zuk zein euskal talde eramango zenuke Eurovisionera?
2017an garbi geneukan Berri Txarrak izango litzatekeeela hautagai onena momentu horretan. Baina, era berean, interesgarria iruditzen zait Alaitz eta Maider edo Huntza bezalako talde bat eramatea. Oraintxe bertan, Huntzak oso ondo egingo luke, eta Izarok ere bai. Lau artista horietakoren bat eramango nuke Eurovisionera.
Ikurrina erakustea debekatu zuten orain dela urte batzuk Eurovisionen. Zer iruditu zitzaizun keinu hori?
Hasiera batean ulertu genuen ikurrina debekatu zutela, eta gainera, Estatu Islamikoa bezalako talde batekin konparatu zuten. Baina azkenean, dena argitu zen, eta esan nahi zutena zen beti esan izan dena: ofizialki parte hartzen ez duten estatuen ikurrak ezin dira sartu, hau da, ikur autonomikoak, beste ikur batzuk... Berez ez daude debekatuta, baina ezin dira sartu. Azkenean, barkamena eskatu zuten, eta arazorik gabe sartu nintzen ikurrinarekin 2016an, 2017an eta 2018an. Inoiz ez dut izan arazorik ikurrina jaialdira sartzeko, ezta nire lagunek ere. 2016ko polemika hori argitu zen Eurovisionen eta TVEren partetik, eta denak normal jarraitu zuen; ez zigun asko eragin bizitzan. Momentuan, noski, gaizki hartu genuen, baina argitu dugu kontua.
Ikurrina eramaten jarraitzen duzue, beraz, Eurovisionera?
Bai, bai, noski. Aurten galtzerdietan ere bai.
(I.A.)Tel Aviven da aurtengo Eurovision, Israelen, eta nahikoa polemika sortu du horrek. Nolako giroa dago han?
Polemika handiko edizioa izaten ari da, Israelen parte delako Tel Aviv, eta Israel gatazkan dagoelako Palestinarekin. Politikoki egoera hori horrelakoa da, baina Eurovision jaialdian ez da asko nabaritu. Hemen guk sentitzen duguna da urteroko giro bera, urteroko segurtasun bera... Polemika kontuan ez da asko sartu Eurovision; horregatik ez dira ari ospatzen jaialdia Jerusalemen, probokaziotzat har zezaketelako beste herri batzuek. Baina polemikarik ez dut nabaritu hemen: ez dago boikot talderik edo antzekorik. Oraingoz, behintzat, ez zait horrelakorik ikusterik tokatu, baina bihar ez dakit zer gertatuko den. Momentuz dena oso ondo doa eta jendeak oso ondo hartu gaitu; egia da bertakoei ere hori interesatzen zaiela, guk beraiei buruz ondo hitz egiteko.
Zer da Eurovisionetik gehien gusatzen zaizuna? Zerk erakartzen du jendea?
Azken finean, champions bat bezala da, baina futbola gustatzen ez zaigunontzat. Futbola jarraitzen duenak bere taldeagatik edo faboritoagatik gauzak sentitzen ditu, eta gauza bera gertatzen da Olinpiar Jokoetan. Niri kirola ez zait gustazten, eta hau beste lehiaketa bat da musikazaleontzat, musika beste era batera gozatzeko eta zure faboritoak izateko. Saltsa asko du jaialdiak, eta horregatik da berezia; Europako hainbat herrik parte hartzen dutelako eta lehiaketa bat delako. Lehiaketa puntu hori daukan edozerk erakarri egiten nau, eta gainera musika gustatzen zaidanez, ba are gehiago.
Ekitaldia "politizatuta" dagoela esan ohi dute askok, eta irabazteko, herrialdeek elkarren bizilagunei ematen dietela botoa. Hala iruditzen al zaizu, edo hori mitoa da?
Esango nuke politizatuta egon zela aspaldi jaialdia; izan ere, lehen epaimahaiak ez zuen botorik ematen, publikoak soilik ematen zuen. Egia da puntuak ematerakoan herrialdeen artean egiten zituzten telefono dei horiek eragin egiten zutela. Dena den, aitortu beharra daukat orain arte irabazi izan duten herrialdeak onenak iruditu zaizkidala. Jaialdian epaimahaia sartu zenean aldatu egin zen egoera, eta nik uste dut politizazioaren kontua gaur egun mito bat dela. Adibidez, Espainiako jendeak esaten du, Espainiako abeslaria postu txarrean gelditzen dela jaialdia politizatuta dagoelako, eta hori ez da egia: Espainia sailkapenaren atzeko aldean gelditzen da gaizki egiten duelako. Ez dago beste arrazoirik.
Zer behar da Eurovision irabazteko?
Nik uste dut hiru osagaiko errezeta bat dela erantzuna: ahots polita, edo behintzat, abeslariak karisma izatea, batetik; abesti ona, bigarrenik; eta azkenik, eszenaratzea. Gaur egun garrantzitsuena eszenaratzea da; sortzaile ona edo irudimen handikoa izan behar zara, telebistarako egindako lehiaketa bat delako. Askotan pasatu da abeslari eta abesti ona izanagatik, puntu asko ez lortzea. Esango nuke errezetaren %50 dela egun eszenaratzea.
Nork uste duzu irabaziko duela biharko finala?
Uste dut Herbehereetako taldeak irabaziko duela, baina Frantziak, agian, sorpresa eman dezake. Ez dakit besteren batek sorpresa eman dezakeen; entseguak ikusi ditut, eta ez dut uste. Ziurrenik Herbehereak gailenduko dira, baina hala ere, nire faboritoa Zipre da.