Nor da Rina Cabeza?
Jendeak beste pertsona bat bezala ezagutu nau. Zakilarekin jaiotzeagatik gizarteak mutiltzat hartu nau, baina erakutsi dut ez dagoela zertan hala izan.
Zakilarekin jaio zinen eta genero eta sexu horren mendean bizi izan zara hainbat urtez. Identitate horri lotutako zer oroitzapen dituzu?
Umetan, futbol taldean aritzen nintzen, nire adin bereko mutil guztiak bezala. Gustatzen zitzaidan futbola, baina utzi egin nuen azkenean, ez nintzelako eroso sentitzen mutilen giro hartan. Eskolako gelako meriendetan, berriz, neskak mutilon kontra jolasten genuen harrapaketan. Neskaren bat ezkutatuta aurkitzen banuen, isilik geratzen nintzen, eta irabazten uzten nion hari. Uste dut neskek onar nintzaten nahi nuelako egiten nuela hori. Bestalde, marikoia eta halako irainak jasaten nituen, baina esan horiek inoiz ez didate eragin.
Noiz esan zenuen lehenengoz neska izatea nahi zenuela?
13 bat urte nituenean, anaiari kontatzea erabaki nuen. Oporretan geunden eta anaiari esan nion zerbait kontatu behar niola. "Badakit zer den. Neska izan nahi duzu", bota zidan berak.
Ekintza askatzailea izan al zen?
Izugarrizko askapena izan zen benetan nor nintzen esatea. Gainera, hasieratik onartu ninduten, eta nire benetako nortasuna bizi ahal izan nuen ordutik aurrera. Izugarrizko zoriontasuna eman zidan horrek.
Ingurukoek nola hartu zuten zure erabakia?
Amak ere arazorik gabe onartu ninduen. Aitari kontatzeko, berriz, bi urte pasatu ziren. Tradizionalagoa da hura, eta onartuko ez zuenaren beldur nintzen. Neska izan nahi nuela esan nionean, shock egoeran geratu zen hasieran, ezusteko handia izan zen beretzat. Aitari pixka bat kostatu egin zitzaion onartzea. Lagunek, berriz, hasieratik onartu ninduten.
Zer bide hasi zenuen orduan?
Familiako medikuarengana joan nintzen aurrena, eta hark Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitateko Unitatera bideratu ninduen. Han, psikologo batek hartu ninduen eta halako galderak egin zizkidan: "Umetan, autoekin ala panpinekin jolasten zenuen?". Ez bata eta ez bestea, nik irakurri egiten nuela erantzun nion. Harrituta geratu zen bera, espero zuelako panpinekin jolasten nuela eta kolore arrosa gustatzen zitzaidala erantzungo niola; zaharkitutako eskemak jarraitzen dituzte oraindik. Emakume transexuala nintzela baieztatzen zuen agiria eman zidaten zita hartan, eta handik endokrinoarengana joan nintzen. Segituan hasi nintzen hormonak hartzen.
Zenbat urte zenituen orduan?
15 urte nituen hormonak hartzen hasi nintzenean, eta orduan erabaki nuen eskolako tutoreari kontatzea. Irakaslea izugarri poztu zen hari esateko konfiantza izan nuelako. Eskolako zuzendariekin eta irakasleekin bilerak egin eta gero, gelakideei kontatu genien. Oso ondo onartu ninduten guztiek, baina bazegoen ukatzen ninduen irakasle bat. Behin, gelakide guztiek haren aurka egin zuten: «Rina berak nahi duena da, eta gustatu ala ez, onartu egin behar duzu», esan zioten. Negar egin nuen, erabat hunkitu ninduen babes hark. Etika irakaslea zen.
Trantsituaren zer unetan zaude egun?
Erabakita dut alua eduki nahi dudala, baina operatzeko adin nagusikoa izan behar dut. Beraz, 18 urte betetzeko zain nago. Laster urtebete egingo dut hormonak hartzen hasi nintzenetik, baina bi urte igaro behar dira NANean zehaztutako sexua aldatzeko. Oraingoz, nortasun agiri horretan soilik izena daukat aldatuta.
Zer iruditzen zaizkizu transexualek jarraitu behar dituzuen pauso horiek guztiak?
Tontokeria hutsak iruditzen zaizkit. Psikologoaren zita, esateko, soberan dago. Izan ere, nik badakit nor naizen, eta hori norberak baino hobeto inork ez daki. Gainera, hark egiten dituen galderak ez dira batere egokiak. Esaterako, nire sexu orientazioa zein zen galdetu zidan psikologoak, eta bisexuala nintzela erantzun nionean, harrituta geratu zen, bere pentsaera eskema heterosexualitatera mugatzen zelako.
Bazterketarik jasan al duzu transexuala izateagatik?
Herrian askok gaizki begiratzen didate eta entzuten ditut niri buruzko esanak, baina badaude defentatu izan nautenak ere. Hasieran, komun publikoetara joateko izugarrizko lotsa sentitzen nuen. Behin, hara sartu eta andre batek gaizki begiratu zidan. Orduan, beste emakume batek hari esan zion nik ere han txiza egiteko aukera nuela.
Komunen kasua aipatu duzu. Gizartea prest al dago transexualentzako?
Informazio gehiago egongo balitz, prest egongo litzateke. Gustatuko litzaidake egotea, baina ez dago prest gizartea guretzako. Izan ere, informaziorik ez dago transexualitateari buruz, eta horregatik egin dut urratsa gaurko hitzaldia emateko. Erakutsi nahi dut transexualitatea gauza normala dela eta ez diogula beldurrik izan behar. Naturaltasunez jorratu behar dugu gaia.
Zertan aldatu zara sexuz aldatu zaretenik?
Askoz ere segurtasun gehiago dut orain. Lehen oso pertsona itxia nintzen, eta ni naizenetik eta jendeak onartu nauenetik, askoz irekiagoa naiz. Horrelakoa naiz, nahi duenak onartuko nau. Ez naiz itxiko eta naizen bezalakoa izaten jarraituko dut.
Zer esango zenioke transexualitatea ukatzen duen bati?
Esango nioke bakoitza askea dela nahi duen hori izateko. Dena den, inoiz aldatuko ez diren pertsonak daude, eta haiekin eztabaidatzea denbora galtzea iruditzen zait. Halere, ez genioke beldurrik izan behar desberdina den hori ezagutzeari. Desberdina izateak ez du zertan txarra izan behar.