Zugaz taldeak irekiko du larunbatean Azkoitiko Udaberriko Musikaldia

Urola Kostako Hitza 2019ko mai. 2a, 11:13

Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, maiatzeko lau larunbatetan doako kontzertuak izango dira Santa Kutz komentuan. Antolatzaileek, joan-etorria egiteko autobus zerbitzua prestatu dute beste behin.

Maiatzarekin batera, musika doinuz beteko da Azkoitiko Santa Kutz auzoan dagoen komentua. Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Udaberriko Musikaldia antolatu dute hotegita zortzigarren urtez, eta larunbat honetan, hilaren 4an, izango da lehen emanaldia. Elena Cadierno eta Mercedes Medina piano-jotzaileek osatzen duten Zugaz taldeak irekiko du aurtengo egitasmoa, eta bi musikariek Aita Donostia, Maurice Ravel, Alexandre Tansman edota George Gershwin konpositoreen obrak eskainiko dituzte lau eskutara.

Ohi bezala, maiatzeko lau larunbatetan izango dira kontzertuak Santa Kutzen, eta bigarren saioa, hilaren 11koa, Suhar gizonezkoen abesbatzak eskainiko du. Esteban Urzelaik zuzentzen du korua, eta abeslariekin batera, taldean parte hartzen dute Amaia Zipitria piano-jotzaileak, Juan Ignacio Emme biolontxelistak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak. Taldeak Mendelssohn, Schubert eta Brucknerren obrak hautatu ditu Udaberriko Musikaldirako.

Hilaren 18ko kontzertuan, berriz, ahotsak protagonismo berezia hartuko du. Izan ere, Haizea Muñoz sopranoak eta Paula Iragorri mezzosopranoak eskainiko duten kontzertua Santa Kutzeko altarean, eta horien ondoan izango da Borja Rubiños piano-jotzailea. Monteverdi, Häendel, Gluck edota Mozarten obrak interpretatuko dituzte horiek.

Azken emanaldia, berriz, Oiasso Kamerata hari-orkestrarena taldearena izango da, hilaren 25ean. Kontzertu guztiak 18:30ean hasiko da, eta beti bezala, antolatzaileek autobusak prestatuko dituzte kontzertuetara joateko. 18:30ean abiatuko dira autobusak Julio Urkixo kalean dagoen geltokitik, eta kontzertua amaitutakoan, herrigunera itzultzeko zerbitzua ere egongo da. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide