Basurdeak gora, larre berdeak behera

Ihintza Elustondo 2019ko api. 17a, 16:26

Basurdeen kopuruak gora egin du azkenaldian, eta hainbat baserritar kexu da, eraso egiten diotelako animaliek. Haietako bat da Joseba Zubizarreta azkoitiarra; basurdeek "larreak izorratzen" dizkiotela salatu du.

Basurdeak igaro ondoren, honela gelditu ohi dira Zabale baserriko larreak. (Zabale)

Gero eta basurde gehiago dabil inguruotan. Haien populazioa nabarmen hazi da azken hamarkadan, adituen arabera, hainbat arrazoi tarteko. Besteak beste, eragina izan du ehiztarien grebak. Basurdeen gorakadaren ondorioz, Euskal Herri osoan ez ezik, eskualdean ere badira kalteak antzeman dituztenak. Haietako bat da Joseba Zubizarreta baserritar azkoitiarra.

Zabale baserrian bizi da Zubizarreta, eta hamazazpi hektareako lurrak ditu inguruan. Ganadua libre ibili ohi da larrean, eta animaliek zelai horietako belarra dute elikagai. Dena den, azken urteotan hektarea horietako belarrarekin ez du nahikoa izaten ganaduak. Basurdeak igarotzen dira Zubizarretaren belardietatik, eta hondatu egiten dituzte larreak. "Larrea altxatzen dute basurdeek, lurrari buelta ematen diote, eta belardia izorratzen dute". Dituen hamazazpi hektareetatik hiruzpalau urtero kaltetzen dizkiotela azaldu du Zubizarretak. Horregatik, bestelako elikagaiak ere eman behar izaten dizkio baserritarrak ganaduari.

Arazoa ez dela berria azaldu du azkoitiarrak: "Urtero-urtero erasotzen dute basurdeek, eta azken bospasei urteetan kexak jartzen ari naiz. Salaketa mordo bat ipini dut; agian, 30 edo 50". Haren arabera, ez dira ohiko basurdeak kaltea egiten ari direnak: "Basurdeen eta txerrien arteko arraza nahasketak dira. Niri aitona-amonek irakatsi zidaten basurdeek urtean kume bat izaten zutela, eta gaur egun, hiru-lau-bost ekartzen dituzte". Hark esan duenez, egun, "edozein lekutan" ikus daitezke basurdeak, eta lehen ez, "askoz ere basatiagoak" zirelako animaliak.

Kontrol falta

Egoeraren aurrean, "kontrola" falta dela uste du baserritarrak. "Basurdea sailkatu eta kontrolatu egin behar da. Denak akabatu behar dira? Ez. Baina Foru Aldundiak edo ardura duenak basurde kopuru bat zehaztu beharko luke, eta horiek sano eta ondo daudela kontrolatu. Horrez gain, jabe pribatuen lurretara ez direla joaten ziurtatu behar lukete. Izan ere, guk larreak ondo itxita ere, basurdeek duten indarrarekin, segituan egiten diote zuloa hesiari. Gure ganadua guk geuk zaindu behar izaten dugu, eta basurdeak ez dira guk zaindu beharrekoak. Hala ere, gu ari gara denak zaintzen, eta kalte egiten digute; nire kasuan, larrea kentzen didatelako".

Gainera, basurdeen artean gaitzak hedatu direla azaldu du Zubizarretak, eta horiek ganaduetara zabaltzeko arriskua dagoela dio, askotan leku berdinetik edaten dutelako ura.

Zabale baserrian duela gutxi eraso egin dute basurdeek, eta honela gelditu zen ingurua:

https://www.youtube.com/watch?v=ZI-RePFrK0s&feature=youtu.be

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide