Iñigo Dierez, idazlea

"Beti izan dut nobela bat argitaratzeko ametsa"

Ihintza Elustondo 2019ko ots. 28a, 10:20

Iñigo Dierez idazle azkoitiarrak bere lehen eleberria kaleratu du: 'Katu'. Jazarpena jasaten duen Asier mutikoaren istorioa kontatu du, beldurrezko generoa baliatuta. Atzo aurkeztu zuen liburua, Donostian.

 

Iñigo Dierez, atzo, liburua aurkeztu ostean. (Iñigo Dierez)

Antzerkigintzan egin duen ibilbideagatik da ezaguna Iñigo Dierez (Azkoitia, 1993), baina literaturaren munduan lehen urratsak egitera ere ausartu da. Atzo aurkeztu zuen bere lehen eleberria Donostian, lagunak eta senitartekoak bertan zirela: Katu (Elkar).

Zer kontatu duzu liburuan?

Asier izeneko mutil baten istorioa azaldu dut. Asier bullyinga sufritzen ari da hiru kideren partetik, eta egoera desesperatu batean dago. Halako batean, begi horidun katu beltz bat azalduko zaio bidean, eta proposamen bat egingo dio. Katuak esango dio hiru pertsona horiek hiltzeko ahalmena daukala berak nahi baldin badu, baina horrek ondorio bat izango duela: berak asko maite duen pertsona bat ere hil egin beharko duela. Dilema moral hori planteatzen dio katuak, eta Asierrek erabaki bat hartu beharko du; erabaki horren ondorioak kontatu ditut nobelan. Liburuaren mezua honako hau da: hartzen ditugun erabakien arduradunak gu garela eta ondorioak onartu egin behar ditugula.

Zergatik katua, eta ez beste animalia bat?

Katuak asko gustatzen zaizkit, baina horretaz aparte, literaturan katu beltzak indar handia izan du, eta beldurrezko elementu bezala, oso polita eta erakargarria iruditzen zait. Probatzea pentsatu nuen: "Ea zer gertatzen den katu beltzaren irudia ematen badiot antagonistari". Egia esan, asko gustatu zitzaidan, eta horrelaxe gelditu da.

Gaur egun pil-pilean dagoen gai bat txertatu duzu kontakizunean: eskola jazarpenarena.

Zenbait pertsonaren jarrerari kritika egin nahi nion. Askotan, bullying kasu baten aurrean, zera entzuten duzu: "Horiek umeen kontuak dira" edo "ez da hainbesterako". Nire intentzioa ez da irakasleei eta gurasoei eraso egitea, baizik eta sinpleki jarrera hori kritikatzea. Asierrek ez du inguruan babesik sentitzen: ez amaren partetik, ez irakaslearen aldetik... Egoera horretan, katua izan daiteke salbazioa.

Izenburua ere hortik etorriko da...

Neuri ez zait gustatzen izenburuekin literatura handirik egitea, nahiago dut izenburua harira joatea. Nobelako pertsonaia nagusia katua denez eta nire pertsonaia gustukoena ere badenez, pentsatu nuen Katu izenburu polita zela istorio honentzat.

Zergatik aukeratu duzu beldurrezko generoa?

Idazle batek zera esaten omen zuen: beldurrezko istorioak helduentzako ipuinak zirela, berriz umeak garela sentiarazten digutelako. Ni beldurrezko generoaren oso zalea naiz, Stephen Kingen lanak goitik behera irakurtzen ditut, eta zineman ere gustatzen zait beldurrezko filmek duten adrenalina puntu hori. Gainera, gizakion alderdi ilun hori esploratzea atsegin dut. Eta idazteko ere asko gustatzen zait genero hori, eroso sentitzen naizelako.

Antzerkigintzan hainbat lan egin duzu azkenaldian. Nolatan animatu zara literaturara salto egitera?

Egia esan, beti izan dut nobela bat argitaratzeko ametsa. Asko irakurtzen dut, eta beti esaten nuen: "Neuk ere idatzi behar dut nobela bat egunen batean". Nire aitona Iñaki Dierez idazlea zen, eta txikitatik izan dut idazteko grina. Egia da saiakera asko egin ditudala, beste bi edo hiru nobela egongo dira hasi eta bukatzeko daudenak; izan ere, nobela bat idaztea maratoi bat egitea bezala da: denbora behar du, sakrifizioa. Baina bukaerara iristen zarenean, sekulako poza sentitzen duzu.

Asko haserretu al zara zure buruarekin maratoi honetan?

Ez. Egia esan, banaiz pixka bat exijentea neure buruarekin, baina kasu honetan, ez naiz haserretzera iritsi. Oso prozesu polita izan da, eta asko gozatu dut.

Nondik datorkizu idazteko afizioa?

Aitonarengandik datorkidala esango nuke. Txiki-txikia nintzela, irakurtzen ikusten nuen aitona, idazten ere bai askotan; gainera, etxean ditugu berak idatzitako bi liburu inoiz argitaratu ez zirenak. Uste dut berak kutsatu ninduela; beti esaten dut berari esker naizela idazlea gaur egun. Berak zaletu ninduen liburuak irakurtzera, berari esker maite dut irakurtzea, literatura... Eta idaztea ere bai; izan ere, uste dut idazle izateko gakoa dela irakurle sutsua izatea.

Noiz idazten duzu?

Oso gauekoa naiz. Oso despistatua ere izan naiteke; horregatik, gauez, eskuko telefonoko distrazioak gutxitu direnean eta kaleko bizitza itzali denean, askoz ere hobeto idazten dut. Gaupasa asko egindakoa naiz; 22:30 aldera idazten hasi, eta 08:00 aldera ohera joandakoa naiz behin baino gehiagotan.

Esaten dute pertsona guztiek egin beharreko gauza dela liburu bat idaztea. Zuk jada egin duzu. Hemendik aurrera, zer?

Esaten dute liburu bat argitaratu, zuhaitz bat landatu eta ume bat izan behar direla. Nik oraintxe argitaratu dut lehen liburua, zuhaitzak landatu nituen txikitan, baina ez daukat presarik seme-alabak edukitzeko, oraingoz. Beraz, uste dut bigarren liburuaren bila joango naizela.

Jarraitzeko asmoa duzu, beraz.

Bai, ideia bat badut buruan, baina ez dut batere sakondu. Kaos hau pasatzen denean, eta pixka bat lasaitzen naizenean, uste dut jarriko naizela horretara. Ez dakit noiz, baina espero dut etorkizunean bigarren liburu horri buruz hitz egin ahal izatea.

MOTZEAN

Zerk pozten dizu eguna?
Lagunekin terraza batean kafe bat hartzeak.

Eta zerk garraztu?
Zenbait politikari telebistan hitz egiten ikusteak.

Liburu bat?
Stephen Kingen It.

Antzezlan bat?
Kepa Errastiren Erlauntza.

Filmik gustukoena?
Cohen anaien Barton Fink.

Amets bat?
New Yorkera joan eta han gidoilari lanak egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide