Azkoitia Lagunkoiak adinekoen ongizatea hobetzeko egin duen diagnostikoa aukeztuko du

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 26a, 13:30

Azkoitia Lagunkoiak parte hartze prozesu bat egin du, herriko adinekoen egoera nolakoa den jakiteko eta proposamen berriak jasotzeko. Azterketaren emaitzak ostegunean aurkeztuko ditu taldeak, Elkargunean, 18:00etan.

Azkoitia Lagunkoia egitasmoak diagnostiko bat landu du, herria zenbateraino den lagunkoia aztertzeko eta proposamen berriak jasotzeko. Azkoitia Lagunkoiaren helburua da herria adin guztietako bizilagunentzat, eta bereziki adineko pertsonentzat, lagunkoiagoa izatea. Taldeak datorren ostegunean, otsailaren 28an, aurkeztuko ditu diagnostikoaren emaitzak, Azkoitiko Elkargunean, 18:00etan hasita. 

Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Eusko Jaurlaritzaren adar bat da, adinekoen bizi kalitatea hobetzea helburu duena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herri ari da parte hartzen egitasmo horretan, eta horien artean da Azkoitia. Azkoitia 2017ko maiatzean batu zen proiektura, eta ordutik etengabeko lana egin du herriko adinekoz osatutako talde batek. Ostegunean aurkeztuko duten diagnostikoa Azkoitia Lagunkoiak egindako parte hartze prozesu baten emaitza da, eta guztira, 589 lagunek parte hartu dute galdeketetan.

Zortzi eremu

Zortzi ikerketa eremu jorratu dituzte diagnostikoa osatzeko. Landutako hiru lehen gaiak honako hauek dira: aire zabaleko espazioak eta eraikinak, garraioa eta etxebizitza. Herriko ingurune fisikoaren funtsezko ezaugarriak jaso dituzte eremu horietan, eragin handia baitute pertsonen mugikortasunean, segurtasunean, osasunean  eta gizarte partaidetzan. Hurrengo hiru gaiak, berriz, honako hauek dira: sareak eta gizarte laguntza, enplegua eta partaidetza, eta errespetua eta gizarteratzea; azken horiek gizarte ingurunearekin eta kulturarekin erlazionatutako alderdiak islatzen dituzte, eta pertsonen partaidetzari eta ongizate subjektiboari eragiten die nagusiki. Enpleguari eta partaidetzari dagokiona da ikertutako beste arlo bat; adinekoek lan ordaindua eta ez ordaindua lortzeko dituzten aukerak, erretiroaren esperientzia, herri partaidetzako jarduerak eta aisiari buruzko informazioa landu dute atal horietan. Bestalde, errespetuari eta gizarteratzeari dagokienez, adinekoen inguruko pertzepzioak, jokabideak eta portaerak aztertu dituzte. Gainera, komunikazioa, informazioa eta gizarte nahiz osasun zerbitzuak ere aztertu dituzte diagnostikoan.

Azkoitia Lagunkoia taldeak uste du, diagnostikoaren bidez, zahartze aktiboa "erabaki politikoen erdian" jarriko dutela, eta "ikuspegi integratzaile eta zeharkakotik" jardungo dutela hainbat eremutan, "ez bakarrik gizarte zerbitzuetan edo osasunean". Azkoitia Lagunkoiak herritarrekin partekatu nahi ditu diagnostikoaren emaitzak, eta horretarako, azkoitiar denak gonbidatu ditu osteguneko aurkezpenera, "herritarren eta herriko hainbat eragileren parte hartzea ezinbestekoa delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide