Inma Garate. (I.G.)
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da, eta data seinalatu horretarako egun gutxi falta direla, egoera, oraindik orain, "tristea" dela nabarmendu du Inma Garate fiskalak (Azkoitia, 1958). Hamabost bat urtez genero indarkeria auziez arduratu da, eta kritikoa da egungo justizia sistemarekin.
Zertan datza fiskal baten jardunak?
Salaketa, normalean, ertzain etxean jartzen da, eta gero, atestatua tratu txarren epaitegira iristen da. Gero, epaileak deklaraziok hartzen ditu, eta horietan gu egoten gara normalean; lekukoekin ez, baina emakumeekin eta erasotzaileekin bai. Babes agindua eskatzea ere guri dagokigu. Legeak esaten du emakumea babestu behar duela fiskalak. Baina, kasu askotan, nahiko zaila izaten da hori, epaitegira iristen direnean, emakumeak oraindik indartu gabe egoten direlako, eta ondorioz, askotan atzera egiten dutelako.
Zein da egungo errealitatea?
Uste dut epaitegira azkarregi etortzen dela jendea; nire iritzia da hori, ez Fiskaltzarena. Horrekin ez dut esan nahi ez dutenik epaitegira etorri behar; uste dut epaitegira jo baino lehen beste leku batzuetara joan behar luketela. Baina leku horiek ez daude prestatuta.
Zer lekutaz ari zara?
Soziologo batengana, psikologo batengana... joan behar lukete. Guardiako epaitegiaren ondoan guardiako psikologo talde batek egon behar luke, eta emakumeak ez luke salaketarik jarri behar psikologikoki indartu arte. Emakumeak salaketa jartzen duenean, protokolo bat jartzen da martxan, minbizia dutenen kasuan egiten den bezala. Eta protokolo hori bukatu arte jarraitu behar du, nahiz eta aurrera egiteko gogorik ez izan. Beti bezala, emakumeon borondatea ez dute aintzat hartzen. Nire iritziz, gauzak ez daude ondo eginda.
Justizia ez dago prestatuta emakumea babesteko?
Ez.
Salaketa asko iristen al dira auzitegira?
Bai, eta egiazkoak ez diren salaketak oso gutxi dira. Gai honi lotutako salaketa faltsuen kopurua ez da besteetakoa baino handiagoa, baina beti horretaz hitz egiten da. Badirudi emakumea beti gezurretan ari dela...
Epaitegira iristen diren salaketek errealitate osoa islatzen al dute?
Ez. Isilean pasatzen diren kasu gehiago daude; horietako asko, adinekoen artean. Gurasoak haurrik gabe gelditzen direnean, berriro bakarrik gelditzen direnean, indarkeria kasu asko gertatzen dira. Hori argi dago, baina 60 urtetik gorako jendeak nekez jotzen du epaitegietara.
Gazteen artean ere gero eta indarkeria kasu gehiago daudela diote.
Bai, eta hori gure errua da. Nork hazi ditu gazte horiek? Nondik jaso dute heziketa? Oso gutxi hitz egiten da etxeko indarkeriaz, baina umeak gurasoen aurka zer egiten ari diren ikusi beharra dago. Aitarekin edo amarekin halakoak egiten badituzte, albokoarekin zer ez ote dute egingo!
Hezkuntzaren arloan asko al dago oraindik egiteko?
Bai. Edozein lekutan eta momentutan matxismoa azaltzen da. Erabiltzen dugun hizkerari erreparatuz gero, argi ikusten da hori. Eta hori gainditzeko, denbora asko behar da. Bide horretan, emakumeak sentimenduak galtzen ditu, hor bai galtzen garela.
Zergatik diozu sentimenduetan eragiten duela horrek?
Emakumeok beti besteak babesten ibiltzen garelako. Beti ari gara esaten: "Pena ematen dit", "hau egiten badiot, kartzelara joango da"... Emakumea beti dabil sentimendu horiekin, eta gizonak ez du halakorik pentsatzen.
Gizona mina ematen aritu arren, emakumeak hura babesteko beharra sentitzen al du?
Bai, askotan ikusi dut hori. Emakume bati gauzak ondo joan dakizkion, gizonezkoak bezala jokatu behar du; bestela, kili-kolo ibiliko da. Baina ezin dugu gizonezko batek bezala pentsatu, ezberdinak garelako eta gure hormonak oso ezberdinak direlako. Nik parekidetasun osoa aldarrikatzen dut, eta ez berdintasuna. Gai honetan berdintasuna hitza ez zait batere gustatzen. Ni ez naiz gizon baten antzekoa, eta ezta nahi ere, baina parean egotea nahi dut, eta hori da nire ustez garrantzitsuena.
Parekidetasuna lortzeko, ezinbestean gizon baten jarrera hartu behar du emakumeak?
Noski, gizonezko batek ez baitu sekula emakume baten jarrera hartuko, ez zaio komeni eta. Indartzeko eta psikologikoki gogor ibiltzeko, gauza asko egin behar ditugu oraindik, eta horrekin txiki-txikitatik hasi behar dugu.
Hezkuntzan ez duzula asko sinesten esan izan duzu.
Bai, hala da. Izan ere, zer emaitza lortu ditugu gaur arte? Gero eta txarragoak: umeak gero eta okerrago dabiltza. Horregatik, uste dut trafiko kontuekin bezala egin behar dela: zigorrak handitu, eta istripu kopurua jaisten da, eta uste dut genero indarkeriaren kasuan ere antzeko zerbait egin beharko dela. Hezkuntzarekin behintzat ez dugu gauza handirik lortu. Denbora asko pasatu behar da umearekin, eta gaur egun, ez dago astirik ezertarako. Horrek funtzionatzen ez duenez, zigor gehiago jarri beharko dira. Nahiko gogorra da hau esatea, baina...
Salaketa jartzeak duen eraginkortasuna zalantzan jarri da zenbaitetan. Zer iritzi duzu horretaz?
Salaketa egin behar dela garbi dago, baina emakumea indartu aurretik ezin zaio eskatu orain eskatzen dioguna. Emakumea tratu txarra jasota etortzen da epaitegira, eta han ematen dioguna ez dut uste oso tratu ona denik. Goiz batean bospasei kasu baldin baditugu, horiei erantzun bat eman behar zaie, eta askotan, gauzak ez dira behar bezala egiten. Emakume bakoitzarentzat bere arazoa da arazorik handiena, eta guretzat beste arazo bat besterik ez da.
Emakumeei lagundu nahi eta ezina sentitu izan al duzu inoiz?
Bai. Emakume askok ez du gizonaren kontra deklaratu nahi izaten, eta isil-isilik gelditzen dira; gainera, legeak aukera ematen die horretarako. Ez dute ezer esaten, eta kasua artxibatu egiten da. Baina hurrengo egunean berriro joko du gizonak.
La Manadaren kasuak oihartzun zabala izan du gizartean. Behar bezala zigortzen al ditu justiziak indarkeria matxista eragiten duten pertsonak?
Legea idatzita dago; Zigor Kodea politikariek egiten dute, ezin gara ahaztu horretaz. Baina zigorrak, nire iritziz, txikiegiak dira.
Legea gizonen begietatik egina dagoela salatu izan du batek baino gehiagok.
Noski, garbi dago hori. Eta beste gauza bat ere bai: emakumearen arerio handiena emakumea da. Gizonek, normalean, bat egiten dute halako kontuetan, eta guk ez; guk aurrekoa zalantzan jartzen dugu askotan. "Zerbait egingo zuen", eta halakoak entzun ohi dira.
Zergatik hartzen du indarkeriazko jarrera gizon batek emakume baten aurrean?
Testosteronagatik; bestela ezinezkoa da. Eta heziketarengatik ere bai, noski. Dena batera, molotov koktela.
Zer egin daiteke egoera hobetzeko?
Jakingo banu... Lehen pentsatzen nuen hezkuntzarekin zerbait lortuko genuela, baina ez dut gauza handirik ikusten. Gure artean lan asko egin behar dugu, emakumeok elkar babestu behar dugu.