Candido Ibar: "Epaiketa justu bat eginez gero, libre utziko lukete Pablo"

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 28a, 09:37

Ibañarrietan jaioa, gazte zela joan zen AEBetara Candido Ibar, eta han urte ugari badaramatza ere, ez du galdu zestoar hizkera. Bere seme Pabloren errugabetasuna aldeko borrokan dago murgilduta.

Pablo Ibar eta Candido Ibar. (Candido Ibar) AEBetan zabalik dagoen auzi judizial luzeenetakoa da Pablo Ibarrena. 24 urte daramatza preso Floridan, eta horietatik 15 heriotzaren korridorean eman ditu. 1994an klub baten jabea eta han lanean ari ziren bi neska hiltzea egotzita, 2000. urtean heriotzara zigortu zuten Ibar, baina 16 urte geroago, zigorra baliogabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak, eta orain berriz epaituko dute. Hirugarren epaiketari egin beharko dio, beraz, aurre. Haren aita Candido Ibarrekin (Zestoa, 1945) hitz egin du HITZAk. Zer moduz dago Pablo? Azkenengo bisitak oso onak izan ditugu. Pablok bere abokatuekin hitz egin du, eta epaiketarako prest daude guztiak. Semea gustura ikusi dut bisitetan, eta abokatuekin ere hala dago. 2000. urtean epaileak heriotzaren korridorera zigortu zuen, eta 2016an epaia bertan behera utzi zuten. Zer gertatu zen? 2000. urteko epaiketan Pablok ez zuen abokatu ona eduki. Bi urte lehenago, Pablo eta Seth Peñalver epaitu zituzten, haiek zirelakoan hiru lagunen hiltzaileak. Baina epaiketa hura baliogabetu egin zuten — epaimahaia ez zen ados jarri errudunak ziren edo ez erabakitzerakoan–. Bigarren epaiketaren atarian gaixotu egin zen orduko gure abokatua, eta atxilotu egin zuten. Orduan, gure semea eta Peñalver banaka epaitu zituzten. Abokatu hura ez zen batere ona, eta epaileak erruduntzat jo zuen Pablo. Auzitegi Gorenak epaiketa errepikatzeko agindu zuen duela bi urte eta erdi, aurrekoan Pablok prestigiozko abokaturik ez zuelako eduki eta frogen ebidentzia gutxi zeudelako. Pablok epaiketa justua izan dezala eskatzen duzue senideok. Epaiketa justu bat eginez gero, libre utziko lukete Pablo. Beti dago hori hala ez izateko arriskua, epaimahaiak baitu azken hitza. Lehen epaiketan Pablorekin batera epaitu zuten beste laguna aske geratu zen duela zortzi urte. Epaileak biak jo zituen erruduntzat, baina 2006an Peñalverren zigorra baliogabetu egin zuten, eta beste epaiketa baterako apelazioa eman zioten. Esan ziguten Pabloren auzian ere gauzak ez zeudela ondo eginda. Hori jakin genuenean, abokatuaren aurka agertu ginen, eta azkenean, Gorenak berriz epaitzeko aukera eman dio Pablori. Aurreko abokatuaren jokaera kritikatzen duzue. Zergatik? Ez zegoen ondo; gaixo zegoen. Ez zuen egin beharreko lana egin, eta abokatuak berak ere aitortu zuen hori. Onartu zuen bere erruz zegoela Pablo kartzelan. Hiltzaileen bideo bat erakutsi zuen Poliziak epaiketa hartan, eta lekuko batzuek esan zuten haietako batek Pabloren antz handia zuela. Hori da okerrena; izan ere, bideoan agertzen den pertsonak Pabloren antza du. Biak dira gazteak, eta ile motza eta bibote txikia dute. Baina ondo begiratuz gero, adituek diote puntu askotan ez dutela bat egiten Pabloren ezaugarriek eta bideoan azaltzen direnarenak. Adituetako batek, gainera, kalkulatu zuen bideoko pertsona Pablo baino lau zentimetro txikiagoa zela. Baina adituen informazioa Pabloren aurkako epaiaren ondoren atera da. Epaiketa ahalik eta azkarren errepika dezatela eskatu duzue azken urteetan. Zer gertatu da horrenbeste luzatzeko? Pentsa zenbat urtetan ari garen borrokan. Semeak 24 urte daramatza preso, eta 18 urte bete dira heriotzaren korridorean sartu zutenetik. Duela bi urte eta erdi irten zen handik, eta epaiketak lehenago hasi behar zuen. Baina behin eta berriz atzeratu du fiskalak. Beti zituen horretarako aitzakiak: lekukoak ezin zituela bilatu, fiskala berria zela eta hark auzia aztertu egin behar zuela... Aurrekoan ez bezala, oraingoan epaimahaiak aho batez hartu beharko du zigorraren gaineko erabakia. Aurreko epaiketan, epaimahaiko hamabi kideek ados jarri behar zuten Pabloren erruduntasuna onartzeko. Ezarri beharreko zigorra, ordea, gehiengo arruntarekin onar zezaketen, eta epaileari zegokion ondoren zigorra ezartzea. Duela urtebete, ordea, legea aldatu zuten, eta orain epaimahaiak aho batez erabaki beharko du auzipetuari zer zigor jarri, eta epaileak ez dauka erabakimenik. Hori hala izanik, baikor al zaudete? Uste dut lege aldaketak gure alde egiten duela. Pablo oraingo legearekin epaitu izan balute 2000. urtean, ez zuketen heriotza zigorrera kondenatuko. Izan ere, epaimahaiko bederatzi kide Pablori heriotzaren zigorra ezartzearen alde agertu ziren, eta hiru kontra. Fiskalak, dena den, dagoeneko esan du heriotza zigorra eskatuko duela. Bai, ezin diogu horri beste bueltarik eman. Haiek dauzkate legeak, eta haiek erabakitzen dute. Nola aurreikusten duzue datorren epaiketa? Ondo joan behar luke. Orain, abokatu hobeak ditugu, adituek bideoaren gainean aitormen berriak egin dituzte, eta lehen azaleratu ez zen gauza asko dago orain. Jakin dugu, esaterako, lekuko batek 8.000 dolar jaso zituela Pabloren aurkako testigantza emateagatik. Bestalde, fiskalak esan zuen Pablo eta Peñalver gau hartan biktimen klubean izan zirela, eta Pablok ukatu egiten zuen hori. Hango bideoetan ikusten da gauero nortzuk sartzen ziren klubera, baina hilketaren eguneko bideoa borratuta dago. Zergatik? Astelehenean hasiko dira epaimahaia aukeratzen. Nolako prozesua izango da? 1.800 pertsona daude deituta epaimahaikide izateko. Hautagai guztiak aztertuko dituzte, eta galderak egingo dizkiete, hala nola galdetuko diete zer iritzi duten heriotza zigorraz edo inoiz izan al duten seniderik atxilotuta. Epaimahaikide izateko baldintzetako bat da haiek auzia ez ezagutzea, baina oso zaila da hori, auziak medioetan oihartzuna izan duelako. Uste dut beste estatu batean egin beharko litzatekeela epaiketa, hemen ezaguna delako kasua. Epaiketako gastuei aurre egiteko finantzaketa kolektibo kanpaina hasita duzue. Aurretik ere egin dugu hainbat kanpaina zenbait tokitan. Oraindik diru dezente falta zaigu gastu guztiei aurre egiteko. Izan ere, 1,3 milioi dolar behar genituen lau abokatuak ordaintzeko, eta 255.000 dolar falta zaizkigu. Nolako oihartzuna du kasuak AEBetan? Gorenak hartutako erabakia tarteko, medioek ez dute orain asko hitz egiten auziaz, baina duela urte batzuk gure aurka egiten zuten. Kasuaren inguruko zerbait argitaratzen bazen, beti zen Pabloren aurkakoa. Orain, ordea, giroa apaldu egin da. Gobernuek indar handia dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide