Iosu Epelde. (Kris Fernandez)
Noiz eta nolatan hasi zinen boxeoan?
Betidanik jarraitu izan dut boxeoa. Telebistan ikusten nituen saioak, gau ekitaldietara ere joaten nintzen eta Zumaian irakasle batek gimnasioa ireki zuela jakin nuen. 22 urte nituen orduan, eta probatzea erabaki nuen. Raul, irakaslea, kubatarra eta oso ona da; amateur mailako selekzioan aritutakoa da. Zazpi urte daramatzat berarekin, eta oso gustura nabil.
Beste kirolen bat ere egindakoa izango zara. Zer du boxeoak beste kirolek ez dutena?
Karatea edota pilota ere praktikatu izan ditut. Boxeoa, ordea, oso kirol konpletoa da beste kirolekin konparatuta. Lehiaketetan aritu naizen arren, kirolaren bitartez ongizatea bilatzen dut. Boxeoak balio positiboak eskaintzen dizkit, bestearekiko errespetua, adibidez; errespetua kirolean nahiz bizitzan. Entrenamenduak taldeka egiten ditugu, eta taldean sortzen denak, asko transmititzen dit.
Balioak nabarmentzen dituzu, baina gizartean kirol erasokor bezala ikusten da boxeoa.
Baina nondik datorkigu ideia hori? Pelikuletatik. Mafiak eta agresibitatea bezalako ideiak etortzen zaizkigu burura horrelakoetan, baina ez du errealitatearekin inongo zerikusirik. Boxeora lehenbizikoz gerturatzen diren pertsonak, kirola nolakoa den ikusten dutenean, harrituta gelditzen dira. Horrek erakusten du boxeoa ez dela erasokorra.
Nola aldatu daiteke uste orokor hori?
Boxeora gerturatzeko esango nioke jendeari. Etorri eta ezagutu dezatela benetan nolakoa den boxeoa. Kirol guztiak bezala, boxeoa bezalako kirol txikiek ere merezi dute ezagutzea. Informa daitezela, eta informazio horretan oinarritu daitezela beren iritziak eraikitzerakoan. Ikusi, eta gero bakoitzak erabaki dezala.
Nola hartu zuten zure inguruan boxeoan hastea?
Hasi aurretik, kirola oso gustukoa nuela jakin bazekiten. Etxean zakua ere banuen, eta azkenean, lehenago edo beranduago, boxeoan hasiko nintzela bazekiten. Ez zen sorpresa handia izan etxean. Ingurukoek, berriz, ni boxeoan hasi nintzenean, ez zuten asko ezagutzen kirola, baina pixkanaka ari da zabaltzen, eta boxeoa zer den ikusten hasi da jendea.
Noiz eta nola entrenatzen zara?
Bi egunetan joaten naiz Zumaiara, asteartetan eta ostegunetan. Horrez gain, beste egun batean ere entrenatzaileari laguntzera joaten naiz umeak eta gazteak entrenatzen. Entrenamenduetan hainbat ariketa egiten ditugu: zakua, soka saltoa, boxeo teknikak.... Lehiaketzeko, ordea, askoz gehiago entrenatu behar izaten da.
Zer du berezia Zumaia Cuban Boxing taldeak?
Boxeo legeak denentzat berdinak dira, baina badira desberdintasunak. Gure kasuan, irakasle kubatarra izanda, Kubako boxeoa lantzen dugu. Kuban teknikari ematen zaio garrantzia nagusiki, eta zentzu horretan, aldea dugu beste eskolekiko.
Borrokaldirik egin al duzu?
Orain dela bi urte lehiatzen hastea erabaki nuen. Sentitu nahi nuen zer zen, eta esperientzia berri bat bezala hartu nuen. Hasieran, boxeo borrokaldi bat egitea zen asmoa, baina azkenean, hiru egin nituen. Egia esan, oso ondo joan zen, gustura aritu nintzen. Borrokaldirako bereziki prestatu nintzen, eta saio hori eginda, gainontzekoetan lehiatzeko aukera sortu zitzaidan. Baina probatzeko helburua nuen, eta probatuta, uztea erabaki nuen.
Borrokaldia barrutik oso gogorra al da?
Borrokaldia asko disfrutatzen dela esango nuke. Gogorrak aurretik egin behar izaten dituzun entrenamenduak dira. Asko zaindu behar zara, ez entrenamenduetan bakarrik, janaria ere bai. Baina esfortzuak merezi du, eta denei berdina esango nieke; esperientzia polita dela.
Hiru borrokaldi soilik eginda, lehiak uztea erabaki zenuen. Ez al zaitu motibatzen lehiatzeak?
Askok lehiatzea nahi izaten dute. Niretzat, ordea, boxeoa afizioa izatea eta horrekin gozatzea da garaipena. Lehiatzen aritu nintzenean ondo pasatu nuen, eta oraindik ere jarraitzen dut lehiatzen, baina lasterketa herrikoietan eta antzekoetan. Nire helburua zerbait gustura egitea da.
Ez da mundu erraza izango boxeoarena...
Ez da mundu erraza, ez. Laguntza gutxi dituen kirola da. Baina hedatzen doan heinean, gure ondorengoek erraztasun eta baliabide gehiago izango dituzte.
Inguruan zaletasun handia al dago?
Zaletasuna asko ari da zabaltzen. Hainbat telebista kate boxeoa transmititzen hasi direnetik, jendea kirola ezagutzen hasi da. Garai batean, boxeoaz hitz egiterakoan, Mike Tyson etortzen zitzaigun burura. Borrokaldi batean hozkada egin zion aurkariari, eta hori betirako gelditu zen. Orain, ordea, gauzak aldatzen ari dira. Mugimendu handia ari da sortzen, eta adin desberdinetako jendearengana zabaldu da kirola. Neskak ere gero eta gehiago ari dira gerturatzen. Azkoitiko beste bi pertsona ere ibiltzen dira Zumaian boxeoan, bi edo hiru azpeitiar ere bai.... Hala ere, lana tarteko edo, askok utzi egin behar izaten dute gero kirola.
Zeintzuk dira zure indarguneak?
Ez dakit erantzuten. Ilusioa, motibazioa eta konstantzia direla esango nuke. Oso gustura joaten naiz entrenatzera, eta urtean oso entrenamendu gutxi, oso gutxi, galtzen ditut. Ikasteko ilusioarekin jarraitzen dut. Orain hilabeteko oporrak ditut, eta Bartzelonara joango naiz. Arreba han bizi da, hango gimnasio baten berri izan dut, eta gauza berriak ikasteko aprobetxatuko dut egonaldia. Azkenean, aberasgarria dela iruditzen zait. Hori da nire helburua, boxeoak dituen alde guztien inguruan ikastea. Beti dago zerbait ikasteko.
Erreferenterik baduzu?
Morales mexikarra gustuko nuen 11 edo 12 urte nituenean. Baina erreferente bezala beti izan ditut gimnasioan nire aurretik ibili izan direnak: Lito, Mikel... Horien pausoak jarraitu izan ditut, beraiekin entrenatu dut eta beraiekin ikasitakoa haurrei eta umeei erakusten saiatzen naiz orain.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Ikasten jarraitzea da asmoa. Orain dudan ilusioa mantendu eta jendeari transmititzea, hori da erronka nagusia. Azkoitian taldea sortzea ere polita izango litzateke. Duela urte batzuk egon zen talde bat, eta Zumaiako irakaslea prest agertu da Azkoitira etorri eta entrenamenduak egiteko. Gainera, gela bat izango genuke Elkargunean astean ordu eta erdiko bi saio egiteko. Ea boxeoak indarra hartzen duen eta taldea osa dezakegun. Hamar pertsona beharko genituzke, eta aukera badagoela iruditzen zait.
Noiz arte jarraituko duzu boxeoan?
Gogoa eta ilusioa ditudan bitartean jarraituko dut. Nahiz eta entrenamenduetara ezin joan, neure kasa jarraituko dut beti. Modu batean edo ez bada bestean, beti jarraituko dut boxeoan. Boxeoa filosofia bat da, bizitzeko modu bat. Ez da entrenatzea bakarrik; korrika egiten dut, muskulazioa lantzen dut... Boxeoarekin zerikusia duen zerbait egiten saiatzen naiz egunero. Boxeotik bizitzea ez da xedea, baina gustura nagoen bitartean, jarraitu egingo dut. Denborak esango du noiz arte.