Reyes Azkoitia. (Nerea Uranga)
Reyes Azkoitiak (Azkoitia, 1952) jaurtiko du biharko Pelotai Euneko pilotakada. Dena den, argi utzi nahi izan du omenaldirik ez duela jasoko, pilotakada jaurti baino ez duela egingo: "Omenaldia zela esan izan balidate, ezetz esango nukeen. Omenaldirik ez dudala irabazi iruditzen zait".
Nola hartu zenuen Pelotai Euneko sakea egiteko gonbidapena?
Hasieran, sekulako harridura eragin zidan. Horrelako gauzek ez didate grazia handirik egiten. Nik esaten nien: "Ez al dago beste inor?". Ez zait axola frontoian nagoenean edo mutikoekin pilotan ari naizenean arreta piztea, baina ni leku batean jarri eta denak niri begira egotea... Hori ezin dut jasan.
Zer iruditzen zaizu Azkoitian Pelotai Eune antolatzea?
Azkoitiak pilotaren munduan izan duen izena kontuan izanda, primeran iruditzen zait egun bat pilotari eskaintzea.
Zer esan nahi du zuretzat egun horretan pilotakada botatzeko aukera izateak?
Sekulako ohorea sentitzen dut, baina baita harridura ere. Txikia naiz altueraz, eta halakoetan are txikiagoa sentitzen naiz. Pentsatzen dut ni baino gehiago merezi duen jendea egongo dela; horrela sentitzen dut.
Pilota munduan mutilez inguratuta ibiltzea tokatuko zitzaizun askotan...
Mutil artean ibiltzearena gaindituta daukat aspalditik. Jaio nintzenetik nabil ni mutil artean. Gainera, oso eroso sentitzen naiz, etxean ere denak mutilak izan ditudalako.
Bergarako Pilota Eskolako entrenatzailea zara. Klub horretako emakume bakarra al zara?
Pilotan badabiltza neskak, baina ibilbide guztian klubaren zuzendaritzan egon den emakume bakarra naiz, nik dakidala. Pilota mundua oso mutilena izan da, baina, hala ere, nire ikasleentzat beraien entrenatzailea izan naiz, ez neska bat.
Gaur egun, zer harreman duzu pilotarekin?
Egungo zuzendaritza taldea osatzen dugunok denboraldi honetan utziko dugu Bergarako Pilota Eskola zuzentzea. Ja denok jubilatuta gaude, eta gazte batzuk ari dira taldea sortzen dagoeneko. Gazteak oso ondo formatuta daude; neurekin pilota ikasten ibilitakoak dira, eta oso harro sentitzen naiz beraiek hartuko dutelako gure lekukoa.
Erabat moztuko al duzu pilotarekin duzun harremana?
Ardurak utziko ditut, baina frontoian ibiliko naiz, ez dakit beste inora joaten eta. Arratsaldeetan ez naiz egunero-egunero lagunekin kafea hartzera joaten, astean behin joanda ere kontu denekin enteratzen naiz, eta, beraz, frontoian ematen ditut arratsalde gehienak. Frontoiak kendu izan dit arratsaldean lagunekin egoteko denbora hori, baina beno, gustura joaten naiz ni pilotalekura. Aurrerantzean ere joaten jarraitzea pentsatzen dut, baina kantxa barruan egon beharrean, harmailan jarrita egongo naiz.
Nondik datorkizu pilotarako halako afizioa?
Uste dut etxetik datorkidala, pilotan aritzen baitziren anaia eta. Martirietan ez zegoen besterik: sokadantza edo pilota. Eta niri pilota gehiago gustatzen zitzaidan.
Bergaran bizi zara aspalditik. Joaten al zara Azkoitira?
Gutxi joaten naiz, eta joaten naizenean ere, gehienetan pilota tarteko izan ohi da.