Iñigo Aranbarri: "Ezkontza batean ezkutatzen den hipokrisia du hizpide antzezlanak"

Ainitze Agirrezabala 2018ko urt. 19a, 10:55

Ezkontzetako itxurakeria oinarri, ‘Txarriboda’ obra estreinatuko du bihar Errenterian Hika konpainiak. Imanol ezkongaia hezurmamituko du Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1983).

'Txarriboda' antzezlanean Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra (erdikoa). Hika teatroa Ezkontzetako itxurakeria oinarri, Txarriboda obra estreinatuko du bihar Errenterian Hika konpainiak. Imanol ezkongaia hezurmamituko du Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1983). Noiztik ari zarete obra hau prestatzen? Irailean hasi ginen, eta bi hilabete eta erdi eman ditugu obra prestatzen. Sei aktore gara taldean, eta egonaldiak egin ditugu Hernanin, Durangon, Azpeitian  eta Errenterian. Nahikoa gogor aritu gara lanean, egia esan. Zer moduzko esperientzia izan da Azpeitiko egonaldia? Oso gustura egon ginen. Azaroan bi aste egin genituen eta abenduan beste hiru. Noski, sei aktoreren agendak batzeak nahikoa lan du, eta astean hirutan goizez izaten genituen entseguak, eta arratsaldez beste bi egunetan. Ondorioz, astean bitan Azpeitian geratzen ginen lotan, sei lagunetik lau Bilbo aldetik zetozen eta. Egunean zazpi orduz aritzen ginen. Soreasu areto erraldoia da, eta hotza ere pasatu dugu. Gainontzean, ondo moldatu gara. Espazio aldetik areto handia izateak askatasuna ematen zigun lanerako garaian. Zer du hizpide Txarriboda antzezlanak? Kabaret kodea du oinarri antzerki obrak. Probokazio puntu bat ere badu, nahiz eta publikoa errespetatuko dugun. Azkenean, kritika sozial bat egiten du beti kabaretak, eta probokazio ukitua izaten du. Istorioa bi planotan kontatzen da: alde batetik, jantokian gertatzen dena irudikatzen dugu, eta, bestetik, sukaldean zerbitzariek eta sukaldariek ezkontza nola ikusten duten. Ezkontza baten atzean ezkutatzen den hipokrisia du hizpide lanak: guztiok dugu kanpora begira itxura bat, eta ezkontzetan hori azpimarratu egiten dugu. Denok elegante janzten eta orrazten gara, eta irribarrerik ederrena ateratzen dugu. Baina, gero, bakoitzak barruan ditugu istorioak eta trapu zaharrak, eta istorio guzti horien arteko kontakizun bat da obra. Imanol ezkongaiaren pertsonaia hezurmamituko duzu. Zer rol jokatuko duzu? Antzerki jolasean oinarritutako lana da. Aktore bakoitzak gutxienez pertsonaia bat baino gehiago antzeztuko ditugu. Nire kasuan, batez ere, ezkongaiaren rola jokatuko dut, eta sukaldeko zerbitzarietako bat ere irudikatuko dut. Imanol perfekzionista samarra da, eta exijentzia maila altuak ditu bere buruarekiko eta ingurukoekiko. Azkenean, estatus sozial bat mantentze nahi horretan, guztiekin ongi geratu nahi du. Herri txikietatik hasi eta hiri handietaraino, geure itxura zaintzeko guztiok dugun nahi hori oso markatuta du Imanolek. Ezkontza egunetan guztiok markatuago izaten dugu itxurakeria, eta Imanolek egun horretan dena perfektua izatea nahi du. Abestu eta dantza egingo duzu. Erronka handia izan da? Ez pentsa! Egia esan, inoiz ez zait egokitu aurrez kabaret batean lana egitea, baina nire xumetasunean, kantatzea eta dantza egitea gustuko ditut. Kukai konpainiako Eneko Gilek lagundu digu koreografiekin. Abestiei dagokienez, berriz, Afu taldearen, Anariren, Antton Valverderen eta Imanol Larzabalen hainbat euskal kanta hautatu ditugu.  Kabaretaren proposamena egin zidatenean, ilusio handiz hartu nuen, eta oso gustura aritzen naiz. Seiok oso talde polita eta anitza osatzen dugu eta gozatu egiten dugu dantzan, abesten eta antzezten. Patxi Gonzalez taldekideak berak sortutako abesti bat kantatuko du, eta Iñaki Marurik, berriz, zuzenean joko du pianoa antzezlanean. Hogei bat emanaldi dituzue lotuta. Ezin hobeto hasi zarete... Estreinatzerako hainbeste emanaldi lotuta izatea luxu ederra da. Gaur Errenteriako institutuan aurrestreinatuko dugu, baina bihar dugu estreinaldia, Errenteriako kulturgunean, 20:00etan. Gero, Oñatin, Azpeitian [hilaren 26an], Donostian eta Azkoitian [otsailaren 3an] eskainiko dugu, besteak beste. Estreinaldiaren bezperan tximeleta asko dituzu sabelean? Lana gogoz egin dugu antzezlana fintzeko, eta sukaldeko lanak ondo eginda, gogoz nago. Zer beste lan dituzu esku artean? Film labur bati ekingo diogu otsaila hasieran. Joan zen urtean, berriz, pare bat filmetan paper txiki bana jokatu nuen, eta aurten estreinatuko dira lan horiek: Oreina eta Vitoria, 3 de marzo. Egia esan, nahikoa saltsatan nabil.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide