Aitor Goenaga ETBko 'Gailurra Xtreme' saioan kameralari lanetan. (Argazkia: ETB)
Nondik datorkizu ikus-entzunezkoetarako grina?
Ikastea ez nuen gustuko, eta 18 urterekin mekanizazio tailer batean hasi nintzen lanean. Pintura enpresa batean ere aritu nintzen denbora batez, baina jabetu nintzen bizitza guztia lanean pasatu behar eta gustuko zerbaitetan aritzea garrantzitsua zela. Hala, 24 urterekin, lana utzi eta ikasten hasi nintzen. Betidanik gustatu izan zait ikus-entzunezkoen mundua, eta, besteak beste, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan errealizazioa ikasi nuen.
Eta, geroztik, zinemagintzan tokia egin nahian zabiltza, ezta?
Donostiako Quartan Irudi Zerbitzuak enpresan egin nituen praktikak: Euskalteli, Laboral Kutxari eta Valladolideko upategi bati iragarkiak egin genizkien eta ETBko
Auzolan saioa ere grabatu genuen. Mundu hark betetzen ninduela garbi nuen.
Duela bi urte, Madrilera egin zenuen jauzi. Zer moduz?
Zinemaren barruan argazki zuzendaritza ari naiz ikasten. Hiru urteko ikasketak dira eta bigarren mailan nago. Hasieran banuen beldur pixka bat Azkoititik Madrilera nola egingo nintzen, baina uste baino errazago moldatu naiz. Zailena gaztelaniaz hitz egitea egin zait. Azkar antzematen didate nongoa naizen!
Ikasi eta lan egiten duzu, ezta?
Hainbat ekoizpen etxetatik deitzen didate, eta freelance modura aritzen naiz. Iazko udan, adibidez,
El increible finde menguante filma grabatzen aritu nintzen Madrilen eta Nafarroan. Oso esperientzia ona izan zen.
Lanari dagokionez, segurtasun eza duzue: lan bat amaitu eta gero zer izango den ez jakitea. Nola bizi duzue hori?
Zinemarena lan bat baino gehiago, bizitzeko modu bat da. Gaur lan bat bukatu eta bihar zer izango den aztarrenik ez dugu izaten, baina ezegonkortasun horrekin bizitzen ikasi egiten duzu.
Kameralari bezala, nora iristea gustatuko litzaizuke?
Une honetan, Espainian zinemaren erdigunea Madril da, eta hemen dago lan mugimendu handiena. Baina nire asmoa da honetatik bizitzea eta lana Euskal Herrian aurkitzea.
Zer osasun du gaur egun zinemagintzak Euskal Herrian?
Oso film onak ekoizten dira gaur egun Euskal Herrian.
Loreak lanaren aurretik ekoiztu zituzten pelikula on asko, baina
Loreak filmak izugarrizko
boom-a izan zuen, eta geroztik oso ondo ikusia dago euskal zinema, oro har, Espainian. Eta Goya sarietan
Handiak izan duen harrera ezinhobea ere izugarria izan da.
ETBko Gailurra Xtreme saioan aritu zara berriki lanean. Zer moduzko esperientzia izan da?
Irailean grabatu genuen saioa, eta GR-11 bidearen erdia egin genuen, hasi Hondarribian eta Monte Perdidoraino, zortzi etapatan. Fisikoki ondo egotea zen eskatzen zuten baldintzetako bat, egunero mendian 25 kilometro korrika egin behar izan ditugu eta.
Parte hartzaileek ez ezik, kameralariek ere, beraz, gorriak ikusi dituzue?
Beldur pixka batekin joan nintzen Gailurra Xtremera, ez nekien eta fisikoki aguantatuko nuen edo ez. Lehiakideek ez ezik, kameralariok ere majo sufritu dugu. Baina egia esan, izugarrizko antolakuntza zuen saioak atzetik. Guztira, 40 lagun inguru ginen, haietatik sei kameralariak eta hamabi lehiakideak. Kameralariok ardura handia izan dugu, lehiakideen ahalik eta irudi onenak hartu nahi izan ditugu. Alabaina, kamera eskuetan hartuta korrika egin behar izan dugu mendian, eta baldintza horietan min hartzeko arriskua bikoiztu egiten da. Etxetik ikus-entzuleek ordubeteko saioa ikusten dute, baina horrek atzetik ehunka orduko grabazio lana du, eta zuzendariek, errealizatzaileek eta muntatzaileek izugarrizko lana egiten dute.
Jende andana ezagutzeko parada izango zenuen. Zer nolako harremana izan duzu haiekin?
Arazorik ez dugu izan eta harreman ona izan dut guztiekin. [Xabier Orbegozo]
Arria V.arekin hartu-eman berezia izan dut, etapa asko elkarrekin egin ditugulako eta bera errezildarra izanik, lehendik ere bistaz ezagutzen ginelako. Ibon Gaztañazpi aurkezlea, berriz, Auzolan saiotik ezagutzen nuen, eta harekin ere oso ongi moldatu naiz. Artista hutsa da.