Orratza eta haria, 100 urteko ibilia

Ainitze Agirrezabala 2018ko urt. 10a, 09:47

Mendea da Azkoitiko Aldalur jostundegia sortu zuela Juan Jose Aldalurrek. Haren seme Pedro ere hamaika puntada emana da. Egun, Aldalur ahizpak dira jabeak.

Mariajesus, Itziar eta Olatz Aldalur ahizpak, Aldalur jostundegian. (Ainitze Agirrezabala) Asko dira urteen joanarekin eta belaunaldi berrien etorrerarekin desagertu diren ofizioak. Asko eta askotarikoak ziren duela hamarkada batzuetara arte ezinbestekoak ziruditen ogibideak. Esaterako, XVI. mendetik, sastre ugari izan da Azkoitian, besteak beste, Martin Zahar, Lekeitio, Aldalur... Baina gaur egun lasto artean orratz galdua bilatzea baino zailagoa da gizon jostuna aurkitzea. Arropa neurrira josteko langintza orain dela hiru hamarkada utzi zuten albo batera Azkoitiko Aldalur jostundegian, baina negozioak ateak zabaldu zituela mendea bete da. Gaur egun, Olatz (1951), Itziar (1953) eta Mariajesus (1960) Aldalur ahizpak dira dendaren arduradunak, baina haien aitona zena, Juan Jose Aldalur, izan zen jostundegiaren sortzailea. Itziar Aldalurren esanetan, aitaren aldeko aitita Azkoitiko Ugarte Igara baserrikoa zen jaiotzez, eta joskintzarako zaletasuna nondik-norakoa zuen ez badakite ere, azaldu du Azpeitiko eta Zumaiako jostundegi banatan ikasi zuela lanbidea aitona zenak. "Azkoitiko Aranguren tailerrean eta Gasteizko joskintza eskolan ere aritu zen ogibidea perfekzionatzen. Gero, ezkondu eta Kale Nagusiko 83. zenbakiko azken solairuan jarri zen bizitzen. Aurrena, bere etxean jarri zuen lantegia, eta urte batzuk beranduago, gaur egun Aldalur jostundegia den lekuan zabaldu zuen negozioa, Kale Nagusiko 104. zenbakian". Hain zuzen ere, udaletxeko artxiboan aurkitu duten zerga agiri bati esker jakin dute Juan Jose Aldalur ofizialki 1917an hasi zela joskintza negozioarekin. Olatz Aldalurren esanetan, garai hartan, erlijioak "indar handia" izanik, apaizentzat sotanak josten "lan asko" egin zuen haien aitonak. Aldalur familian, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jaso dute joskintza ofizioa. Hala, Juan Jose Aldalurren seme Pedrok ere orratza, haria eta titarea hartu eta aitaren bideari heldu zion. Mariajesusek kontatu duenez, haien aitak Mallorcan (Herrialde Katalanak) egin zuen soldadutza, eta gero, gerra lehertzean, Ebroko frontean aritu zen, zazpi urtez. Hark azaldu duenez, aitak Donostiako La Fuente jostundegian ikasi zuen ofizioa, eta Bartzelonan mozketa eta jantzigintza titulua eskuratu zuen, 1948an. Handik bueltan, bere aitaren ondoan hasi zen jostun lanetan. "Izugarri esku ona zuen gure aitak josteko", dio alabetan gazteenak: "Saiatua zen oso, txukuna bere lanean eta perfekzionista. Garai hartan, ez zen aurrez egindako arroparik saltzen, dena neurrira egin beharra zegoen, eta herriko zein Azpeitiko eta Zestoako hainbati eta hainbati josi zion arropa. Bezero leial asko zituen". Jantziak egiteko materialari dagokionez, Mariajesusek gaineratu du Bilboko Sucesores de Alejandro Martinez etxetik erosten zuela haien aitak oihala. "Kolore grisa, urdin iluna eta beixa oso modan zeuden. Bezero bakoitzak, oro har, gutxienez, bi jantzi izaten zituen, bata udakoa eta bestea negukoa. Azkoitian, gainera, jendeak ohitura handia zuen Aste Santuko elizkizunetarako traje berria estreinatzeko". Mende beteko ibilbidean, pasadizoak ere hamaika dituztela aipatu du Olatz Aldalurrek. "Gure aitak inoiz ere ez zigun esan lehen trajea norentzat josi zuen, kobratu gabe geratu zitzaion eta". Hiru alabek aho batez diote aitak josten zuen jantzi bakoitza bezeroaren gorputzera "erabat egokitzen" zela, eta "detailerik txikienak ere kontuan hartzen" zituela. "Askotan esaten zuen, igeltseroek bezala, orduko kobratuko balu, artisau lan hura ordainduko lukeen inor ez litzatekeela egongo". Etorkizuna albainduz Pedro Aldalurrek erretiroa hartzean, negozio eredu berri bati heldu zioten hiru ahizpek: "Arropa etxe bat baino gehiago saiatu zen gure aita egindako arropa salgai jartzera animatzen, baina hark ez zuen pausoa eman nahi izan, eta aita jubilatzean, duela 30 urte, hasi ginen fabrikatutako arropa saltzen". Jostundegiaren etorkizunaz galdetuta, Aldalur ahizpek diote "nahiz eta seme-alabek beraien lana izan, agian, ustekabean, norbait animatuko" dela. Aldalurtarren historia josten jarraitzeko orratza eta haria, behintzat, ez dituzte faltako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide