Sanandresak, jai giro ederrean

Ainitze Agirrezabala 2017ko aza. 30a, 15:16

Ehunka lagun batu dira eguerdi aldera Azkoitiko plazan eta kaleetan zehar. Umeek sormena landu dute goizean, eta herri kirol jaialdiak hartu du plaza eguerdian. Bosgarren Urkome Sariak ere banatu dituzte, udaletxeko areto nagusian.

Hotz eta euria gogoz botaz esnatu da San Andres Eguna gaur Azkoitian, baina orduek aurrera egin ahala, atera eutsi dio eguraldiak eta eguzkiak pixka bat berotu du giroa. Ehundaka lagun batu dira plazan eta herriko kaleetan eguerdi partean, San Andres Egunean ohikoak diren talo eta txistorrak jateko gogoz. Umeek sormena landu dute goizean hasita, Marrazki eta Akuarela Lehiaketa izan baitituzte. Herriko iturriak eta noblezien etxeak gaitzat hartuta, pare bat orduz aritu dira marrazten, bakarka nahiz taldean. Ondoren, azoka plazan eta Etxe Beltzen jarri dituzte erakusgai artelanak. Bestalde, sabelaren gozagarri, janari eta edari postu ugari izan dira plazan, eta animaliak ere jarri dituzte ikusgai, Ikurriñaren plazan. Txerrikumeak izan dira nagusi gaurkoan, San Andres jaien irudia baita animalia preziatu hau. Azkoitiko AEK-k, esaterako, txerri txiki bat zozkatu du. Eliza aurrean eta Plaza Berrian, berriz, artisau produktuen hamaika postu izan dira. Era berean, guerdi partean, herri kirol zaleek bete dute plaza. Larrañagak eta Txikia IV.a aizkolariek dena eman dute lehian, eta harria jasotzen, berriz, Xabier Aranburu Guzta eta Jon Unanue Goenatxo III.a aritu dira buruz buru. Karmele Gisasola Zelai-k ere hartu du parte gaurko herri kirol erakustaldian, eta harria jasotzen eta ingudearekin aritu da. Bosgarrenez, Urkome Sariak Gaur, San Andres Eguna, jakinarazi dituzte Urkome Sarien V. edizioko irabazleen izenak, Azkoitiko udaletxeko areto nagusian egindako sari banaketa ekitaldian. Bertan izan dira Alazne Larrañaga Iraurgi Berritzeneko teknikaria, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Ana Eizagirre Urkomeko presidentea, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Miguel Lozano HAZI-ko teknikaria. Guztira, zortzi proiektu aurkeztu dituzte eta horietatik bost saritu dituzte. Lau sari epaimahaiak aukeratutako proiektuen egileek jaso dituzte eta bosgarrena, berriz, bozka gehien jaso duen proiektuak. Azaroaren 7tik 30era bitartean 864 bozka eman dituzte erabiltzaileek, eta botoen %33,8 jaso du Miguel Arribasen Hazi ekologikoen merkaturatze zuzenerako tokiko ekoizleen sarea proiektuak. Azkoitiko eta Azpeitiko batek baino gehiagok jaso dute 2017ko Urkome Sarietako bat. Elikadura burujabetza proiektuari esker, Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jartzen duen ataleko saria eskuratu du, esaterako, Aitziber Aizpuruk. Agurtzane Odriozola azkoitiarrak eta Xabier Izagirre eta Ioritz Aizpuru azpeitiarrek taldean garatu duten 'Denda eredu berri bat' proiektua ere saritua izan da. Hirugarrenik, Landa Eremuko azpeigitura eta zerbitzuak bermatzeko atalean, Ainara Agirregabiriak jaso du saria, azpeitiar eta azkoitiarrez osatutako Hazi Kooperatibaren izenean. Atal bakoitzeko irabazleak 2.000 euroko saria jaso du. Honakoak dira Urkome Sariak 2017ko sarituak:
  • Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen saria
Denda eredu berri bat: Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik bilduko dituen gunea, heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendak osatua. Salmentaz haratago, kontzientziazio ekimen ezberdinak burutuko dituen proiektua da, produktuak balorean jarriz, lehen sektorea indartu asmoz. Egileak: Agurtzane Odriozola, Xabier Izagirre eta Ioritz Aizpuru.
  • Nekazaritza jardueraren sustapena atalean
Hazi ekologikoen merkaturatze zuzenerako tokiko ekoizleen sarea: Deskribapena: Euskal Herrian hazi ekologikoen lehen esperientzia eragiteko proiektua da, (circuito corto) eremu txiki bateko ekoizle sare batean oinarrituz eta elikaduraren kate-maila garrantzitsu hau balioan jartzeko asmoz, agroekologia, jasangarritasuna, ikerketa eta sektore egonkor eta berritzaile baten aldeko apustua eginez. Egilea: Miguel Arribas.
  • Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena
Tokiko basalandareekin artisau produktuak eta formazio/esperientziak: Basalandareekin egindako produktu ekologikoak eta artisauak, eta hauen inguruko formazioa eta esperientziak eskeiniko dira. Garai batean gure arbasoek egin zuten antzera. Basalandare-kremak, xaboiak eta ongailua (aderezo) produktuen artean. Tailerrak, ibilbideak... zerbitzuen artean. Egilea: Jone Aldabaldetreku.
  • Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu
Hazial lau haizetara zabaltzen: Pertsonaren zaintza ardatz hartuta eta bizi prozesuekiko errespetuzko begirada zabaldu asmoz, egitasmo integral zabala eskeintzea da asmoa. Hezkuntza eta haziera berrikuntzan oinarritzen den egitasmoa da. Zerbitzu nagusiak hezkuntza eta ostalaritzarekin lotuta daude. Hezkuntzari lotuta; eskola arautua, profesionalentzako formazioak, ikastaro eta tailer eskaintza eta udalekuak. Ostalaritza esparruan; aterpetxea , jetetxe eta taberna zerbitzuak. Komunitatean sortutako ekimena da, kideon grinez sortuta eta auzolanean. Egilea: Ainara Agirregabiria.
  • Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jarri
Elikadura burujabetza: Deskribapena:Gure helburua, bertako (Euskal Herria osoa) eta garaiko produktuekin elikadura orekatu, osasuntsu eta oso bat egingarria dela demostratzea izango da. Sare sozialen bidez aurkeztuko eta zabalduko genituzke jatordu desberdinak eta protagonista bertako eta garaiko produktuak izango dira. Herritarrei heziketa nutrizional egoki bat helaraziko genieke, azken ondorioa ongizatea izango delarik. Egilea: Aitziber Aizpuru. San Andres arratsalderako ere badira hainbat ekitaldi. Besteak beste, 16:30ean, marrazki lehiaketako sari banaketa egingo dute herriko plazan. Ondoren, 17:00etan, Kontzejupe Sariaren azken partidak jokatuko dituzte Kontzejupean, Azkoitiko Pilota Eskola elkarteak antolatuta. Eta, 22:00etan, berriz, San Andres Idi Dema Saria jokatuko da, Gurea frontoian: San Pelaio, Lander Plaza eta Rafa Alegria. Bihar, ostirala. 22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea udal pilotalekuan: Etxetxo, Altuna eta Intxarburu. Etzi, larunbata. 18:00. 1 2, 3… hemen da Miru haurrentzako ikuskizuna. 22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea udal pilotalekuan: Arane, A. Alegria, Usasti eta I. Lopategi. Abenduak 3, igandea. 10:00. XXII. San Andres torneoa Elkargunean, Anaitasuna Kakute xake elkarteak antolatuta. Abenduak 4, astelehena. 22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea udal pilotalekuan: Oliden, Olazar eta Bixkiak. Hona hemen Azkoitiko sanandres goiz-eguerdiko argazki bilduma: [flickr_set id="72157689057722311"]      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide