Jose Antonio Azpitarte eta bere alaba, Mari Jaiaren aurrean Arriaga antzokian. (Jose Antonio Azpitarte)
Bilboko Aste Nagusiko ikur bilakatu den Marijaia Mari Puri Herrero margolariak sortu zuen, 1978ko abuztuan. Lana medio, Bizkaiko hiriburuan bizi da Jose Antonio Azpitarte
Luzie 1985etik, eta Marijaiaren begietatik jaiak nola bizi dituen azaldu du.
Nolatan hasi zinen Marijaia soinean eramaten?
Lagun kuadrilla bat elkartu ginen eta Hordago izeneko konpartsa sortu genuen 1993an,
Egunkariari laguntzeko asmoz. Gero, 2003an,
Egunkaria itxi zutenean, lege kontuengatik izena aldatu behar izan genion, eta ordutik Hordago Abante izena du. Hurrengo urtean, 2004an, gure konpartsari proposatu zioten Marijaia jaien hasieran eramatea, eta hala hasi ginen. Ordutik, 23 urtean jarraian, jaien lehen egunean, txupinazoa bota ondoren, geu arduratzen gara Marijaia eramateaz. Duela 23 urte ez zegoen halako mirespenik, baina gaur egun guztiek eraman nahi dute. Koordinakundean guztira 29 konpartsa gara, eta uste dut bakarren batek planteatu duela lehen egunean Marijaia txandaka eramatea. Nolanahi ere, Aste Nagusian egunero ateratzen du Marijaia konpartsaren batek.
Zer da zuen egitekoa?
Gaur egun, txupinazoa Arriagatik botatzen da, eta antzokiaren aurrean Marijaiari agurra egin ondoren, txupinerarekin eta pregoilariarekin batera txosnen irekierara eramaten dugu pertsonaia. Txosnaz txosna eramaten dugu, 22:00ak ingurura arte. Gero, Arriagan gordetzen dugu. Asteartean, esaterako, mus txapelketa antolatzen du koordinakundeak, eta gure konpartsari dagokio antolatzea. Ekitaldi ofiziala denez, Marijaia eramaten dugu.
Zeu bakarrik joaten al zara Marijaia soinean hartuta?
Konpartsako hainbat kideren artean eramaten dugu, txandaka, baina urte batzuetan bi lagunek bakarrik egin dugu lan hori. Aurten, adibidez, bost lagunen artean eraman dugu. Gainera, azken aldian emakumeak ere animatu dira eginkizun horretara. Ibilbide guztian pertsona bakar batek eramatea ia-ia ezinezkoa da, oso zaila da.
Zenbat kilo pisatzen ditu?
Festen bukaeran, Marijaia erre egiten dute, eta urtero egitura eta pertsonaia berria sortzen dute, baina gutxi gorabehera 25 kilo inguru pisatzen ditu.
Lan neketsua al da?
Bai. Belaunak asko izorratzen dira. Erraldoiek, esaterako, lurrean uzteko egitura dute, baina Marijaia une oro pultsuan eraman behar da. Halere, leku batera iristean, euskarri batean sartzen dugu, eta guk haize pixka bat hartzeko aprobetxatzen dugu. Izugarrizko beroa egiten du Marijaiaren barruan. Izerdi patsetan bukatzen dugu. Soluzioa edatea da.
Zer da eginkizun honen alderik txarrena?
Marijaia sinbolo eta ikono bat da, eta jendetza izugarria izaten dugu inguruan. Txosna batetik bestera joatea zoramena da. Laguntza behar duzu inguruan katea eginez bidea zabaltzeko, jendea gainera etor ez dadin. Jendea aurrean jartzen zaizu eta eskuko telefonoarekin selfieak egiten hasten da. Ez da inoiz ezer gertatu, baina Marijaia pultsuan daramagu eta oreka galdu eta eroriz gero, akabo!
Zer harreman zenuen zuk lehen Bilboko Aste Nagusiarekin?
Aurrenekoz asteburu pasa etorri nintzen Bilboko jaietara, 1983an. Konpartsa sortu genuenetik, berriz, jaiak desberdin bizi ditut, barrutik, alegia.
Bitxikeriarik edo baduzu?
Duela urte batzuk, konpartsako kide batek Marijaia eraman nahi zuela-eta hartu egin zuen, baina oreka galdu eta erori egin zitzaion. Inguruan ez zegoen jende asko, eta ez zen ezer gertatu.
Marijaia eramaten noiz arte jarraituko duzu?
Ohorea da, baina adinean aurrera noa eta... Urteurren borobila [25 urte] bete arte segitzeko asmoa dut. Gero, ea gazteek erreleboa hartzen duten.