Goretti Orbea, Matadeiko kidea. (Goretti Orbea)
Zer irizpideren arabera hautatzen dituzue filmak?
Hilero biltzen gara eta bakoitzak geure altxorrak iradokitzen ditugu: izan daitezke pelikulak, dokumentalak... Bildutako proposamen guztiekin zerrenda bat osatzen dugu, ondoren, egokiak izan daitezkeenak hautatzeko. Zine zuzendarien generoa zaintzen dugu, eta konpromiso eta ausardia apur batekin egindako lanak aukeratzen ditugu. Lan guztiak jatorrizko bertsioan dira.
Egungo gizartean pil-pilean dauden gaiak ardatz dituzten lanak hautatu dituzue, ezta?
Bai, arrazismoa, errefuxiatuak, etorkinak... hizpide dituzten filmak dira. Azken finean, zinemak gai horiez hausnartzen laguntzen digu. Gaurko [atzo] Berria egunkarian, esaterako, zinemaldiko Fipresci saria jaso duen Aki Kaurismaki zuzendariak dio "egungo Europa gorotz puska handi bat" dela. Plazera izan da Donostiako zinemaldian gizon eder hori ikustea. Aurten ikusiko dugun lehen filma harena izango da, The other side of hope (Esperantzaren beste aldea). Film horretan errefuxiatuen errealitatea landu du, modu gordinean bezain samurrean. Egia esan, ekartzen ditugun zuzendariak ez dira Hollywoodekoak, noski, etor daitezke eta etorriko dira, baina zine independienteko ikus-entzunezkoak ekartzen ditugu, batez ere.
Aurreko ikasturteetan, film bakoitzaren ostean gogoetarako tartetxo bat hartzen zenuten. Eskaintza hori luzatzen jarraitzeko asmoa duzue?
Bai. Sei-zortzi lagun biltzen gara eta geure artean egiten dugu solasaldia, talde txikian.
Iaz, film bakoitzaren amaieran, ikusleek lan bakoitza puntuatu ahal izan zuten, horretarako jarritako kaxa batzuetan. Jasotako balorazioen arabera, El boton de nacar, La mirada del silencio eta La doncella izan ziren gustukoenak, hurrenez hurren. Zer helbururekin biltzen dituzue puntuazioak?
Iaz hasi genuen ekintza bat da. Pelikula ikusten hasi aurretik, txartel bana banatzen diegu ikusleei, bukaeran filma puntuatu dezaten. Egokia iruditu zaigu ikasturtea hasterako ikusleek jakitea iaz balorazio onena zer filmek lortu zuten, eta hiru horiek daude lehen hiru postuetan. Geuk aukeratzen dugu programazioa, eta gutxi gorabehera kalkulatu nahi izaten dugu ikusleek zer iritzi duten eskaintzen ditugun filmeez. Ikusleen aldetik, parte hartze aktibo txiki bat da, nolabait esateko. Egia esan, iazko film guztiak bikainak izan ziren niretzat. Iazko programazioa oso ederra izan zen.
Pentsatu duzue kaxa bat jartzea ikusleek filmen proposamenak egin ditzaten?
Azkoitiko Udal Gobernuan Bildu zegoen garaian, egitasmo berezi bat jarri zuten martxan: zinemaren inguruko mahai ingurua. Zinema maite genuen hainbat lagun elkartzen ginen bertan, Baztartxon zinema programatzen duen arduradunarekin eta kultur zinegotziarekin. Guztion artean hitz egiten genuen zinema programazioan zer pelikula eskaini. Ekintza polita izan zen, baina, gero, bertan behera geratu zen, Udal Gobernua aldatzean. Zabalik ditugu ateak, eta ekarpenak egin edo zine forumeko kide izan nahi dutenek
zinetogram@gmail.com helbidera idatz dezakete.
Pelikula bakoitzean zenbat ikusle izaten zarete?
Hogei inguru. Publiko nahasi samarra izaten da, generoari eta adinari dagokienez.
Ezer gehiago aipatu nahi duzu?
Pelikulak iragartzeko kartelak jartzen ditugu bai Azkoitian eta bai Azpeitian, eta azken boladan, filmaren egunaren aurretik kendu egiten dituzte Azkoitian behintzat. Horregatik, mesedez, kartelak ez kentzeko eskatzen dugu.
Hona hemen Zinetogram zikloko egitaraua:
-Irailak 29, ostirala (22:00). Aki Kaurismaki zuzendari finlandiarraren
The other side of hope lana.
-Urriak 13, ostirala (22:00). Bartzelonako (Katalunia) Carla Simon zuzendariaren
Estiu 1993 filma.
-Azaroak 10, ostirala (22:00). Bukaresteko (Errumania) Cristi Puiu zuzendariaren
Sieranevada ikus entzunezkoa.
-Azaroak 24, ostirala (22:00). Port-au-Princeko (Haiti) Raoul Pecken
I Am Not Your Negro.