Xabier Arzallus: "Garbi dago zein izango den katalanen etorkizuna; hori jadanik eginda dago"

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 14a, 15:16

EAJko kide historikoak uste du Katalunian ez dela galdeketarik egongo Espainiak galaraziko duelako; hala ere, "honetara ezkero", katalanek euren helburua lortuko dutela pentsatzen du Arzalluzek.

Xabier Arzallus. (EAJ) Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente izandakoa (Azkoitia, Gipuzkoa, 1932) Berriarekin mintzatu da EAJk 1977an egin zuen Nazio Batzarraren inguruko oroitzapenak berritzeko, urte hartako gertaera politiko garrantzitsuenak oinarri hartuta euskarazko egunkaria prestatzen ari den serie baterako —irailaren 5etik aurrera argitaratuko du Berriak erreportaje sorta hori—. Kontu historikoez gain, bestelako gaiak ere izan ditu hizpide, Kataluniako prozesu subiranista, esaterako. Nola ikusten duzu Kataluniako egoera? Ez dut uste Katalunian galdeketarik egingo denik. Espainiako Konstituzioa egin zenean, ni hango batzordean ez nintzen egon, eta [Miquel] Rocak eramaten zituen gure jarrerak hara. Baina Miguel Herrerok Memorias de estio bere liburuan kontatzen du batzorde haren bilera batean karpeta batetik atera zutela armadaren zuzendaritzaren agiri bat, eta hor zegoela egun Espainiako Konstituzioaren 8. artikulua dena, Armada Espainiaren batasunaren bermetzat hartzen duena. Hori militarren baldintza izan zen, militarrek konstituzioa ontzat emango bazuten onartu beharrekoa. Xantaia hutsa izan zen. Beraz, 8. artikulu horren mehatxua ikusten duzu.  Hori gure kontra jarrita dago, Espainiaren batasunaren aurka katalanak eta gu baino ez goazelako. Eta gu bagoaz, guk euskal estatu bat nahi dugulako. Horren aurrean, konstituzioa ateratzen digute, baina konstituzioa horrela eginda dago, militarren xantaia baten bidez. Hemen, benetan aurrera egin bahi baduzu, pistola jartzen dizute, edo terrorismoaren apologia egitea leporatzen dizute. Horren aurrean zerbait egitea oso zaila da: oso azkarra izan beharra dago, oso zuhurra. Elkarrizketa osoa Berria.eus-en irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide