Artxiboko irudi honetan Kontzejupean pilota partida jokatzen ageri dira hainbat pilotari. (Azkoitiko Udala)
Esku pilota tradizio handiko kirola da Azkoitian. Herriko frontoirik enblematikoena den Kontzejupeko hormetan lehia bizian orduak eta orduak ematearen poderioz, galtza mozdun mutil kozkor hainbat abilezia handiko pilotari zaildu bilakatu da. Kontzejupeak historian zehar pilotari harrobi handia ezagutu du, eta horregatik esan ohi da Azkoitia pilotarien sehaska dela.
Pilotak herrian garai batean zuen indarra, ordea, beste kirolen konpetentzia medio, gainbeheran joan da urteen poderioz. Umeen eta gazteen artean afizio horri bultzada bat emateko asmoz, hirugarrenez antolatu dute aurten Azkoitiko Pelotai Eune. Eta edizio honetan, berezitasun bezala, herrian pilotak izan duen tradizioa jaso nahi izan dute
Azkoitiko pilotaleku historikoak dokumentalean.
Pilotaren eboluzioa
Bi orduko iraupena duen ikus-entzunezkoa osatzeko, Azkoitiko Txulue pilota elkarteko kideak Juan Bautista Mendizabal herriko historialariarekin jarri ziren harremanetan. Denboran atzera egin eta artxibategiko agiriak arakatzen orduak igaro ostean, interes handiko materialarekin egin dute topo. Mendizabalen esanetan, garai batean, artaldearekin artzainek eta ganaduarekin unaiek hilabete luzeak igaro behar izaten zituzten mendian. Denbora librea nolabait pasatu egin behar, eta katuaren hesteekin eta belarrarekin egindako pilotekin aritzen ziren jokoan, bi lagun aurrez aurre jarrita. Pilotaleku haiek garai bateko erromeriarako zelaiak edo dantzalekuak ziren, irekiak, hormarik gabeak. "Azkoitian badira hainbat dantzaleku garai batean erromeriarako ez ezik bolalekuak edo pilotalekuak izan zirenak: Aittolan dago bat; Oletatik Aizpurutxo aldera bestea; Urrategiko bailaran, Malmai aldean ere bai; eta laugarren bat Aingeru Guarda inguruan. Jolas hura mundu guztian zen ezaguna, XV. mendean".
Gerora, jendea baserritik kalera bizitzera jaistean, kale ertzetan-eta hasi ziren pilotan jokatzen, eta joko hura "indarra hartzen" joan zen. Historiagilearen esanetan, orain kanpandorrea dagoen lekuan pilota tokia zen 1701ean, eta "
paxaka" aritzen ziren. Lau bat urtera, 1706an, udalak erabaki zuen elizaren atarian pilota tokia egitea, eta aktetan trinkete izena jaso zuten. Horma bat eta guzti eraiki zuten, mugarri bezala. "Abadeak, ordea, kexatu egin ziren, zarata handia izaten zela-eta. Une hartan udalean zeuden Peñafloridako kondearen eta Xabier Muniberen aginduz, Goiko Losan pilotalekua eraiki zuen Inazio Iberok, 1759an. Mendi lurrei eusteko, ezker horma eta frontisa ere eraiki zituzten, eta koadroei dagokienez, pilotalekua luzea izanik, erremintak erabiltzen hasi ziren: laxoa, erremontea eta zesta punta. Goiko Losan ikusi dugu pilotaren eboluzio guztia".
[caption id="attachment_322624" align="aligncenter" width="300"]

Hainbat pilotari, Goiko Losan. (Azkoitiko Udala)
XIX. mendean, bi iraultza gertatu zirela dio Mendizabalek: "Ingalaterratik latexa heldu zen, eta material harekin egindako pilota biziekin frontisaren kontra jokatzen hasi ziren mutil kozkorrak. Hala, 1867an, Goiko Losa egokitu zuten, luzeran moztuta. Modalitate hark garai hartako jende heldua haserretu zuen, betiko pilota jokoa kutsatzen zuela argudiatuta. Alabaina, orduan izan zuen sorburua gaur ezagutzen dugun euskal pilotak".
XIX. mendean "egundoko indarra" hartu zuen pilota jokoak, eta jaialdiak antolatzeaz arduratzen ziren enpresak sortu ziren. Harrezkero, Gurea pilotalekua eraiki zuten 1932an, eta Oteizaren zazpi frontoiak, 2006an.
Pasadizoak, hamaika
Txulue elkarteko kide Xabier Bastidaren esanetan, dokumentalean pilotaren eta pilotalekuen historia jasotzeaz gain, Azkoitian ospetsuak izan diren pilotarien adierazpenak ere bildu dituzte. Bastidaren arabera, ikus-entzunezkoan, besteak beste, Atanillo, Txikito VI.a, Manuel Larrañaga, Karlos Arrizabalaga
Zapatero eta Jesus Larrañaga
Txanton... elkarrizketatu eta haien hainbat anekdota jaso dute. "Trabesak egunero jokatzen zituzten: zakuan sartuta, bata besteari hankak lotuta... Kontzejupea hartzeko, aurrena joaten zenak, goizeko 04:00etan askotan, hiru pilota uzten zituen frontoiaren ertz batean. Gogorrak ziren pilota haiek goxatu ondoren, saldu egiten zituzten, bakoitza bost pezetaren truke".
Inoiz argia ikusi gabeko irudiak ere jaso dituzte Mikel Romaratek editatu duen lanean. Mendizabalek kontatu duenez, "nire aitak, Jose Antoniok, Super 8 kamera erosi zuen 1968an, eta Atanilloren omenaldiko uneak ere sartu ditugu".
Azkoitian pilotak izan duen historia jasotzeko eta tradizioa sustatzeko saiakera ona da
Azkoitiko pilotaleku historikoak ikus-entzunezkoa, inondik ere.