Taldean ondutako eleberria

Ainitze Agirrezabala 2017ko mai. 25a, 17:08

Lagunartean osatutako ‘Argi estalia’ eleberria aurkeztu du Julen Garatek.Azkoitiko Hizki eta Lujan liburu dendetan dago salgai 15 eurotan, eta 'Maxixatzen'-eko bazkideek hamar eurotan eskura dezakete.

'Argi estalia' eleberriaren aurkezpenean, liburuaren egile Julen Garate eta haren laguntzaileak. (Ainitze Agirrezabala) Getariako Askizu auzoko familia baten istorioa kontatzen duen Argi estalia liburua aurkeztu du gaur Julen Garatek (Azkoitia, 1968), Intxausti jauregian. Duela hamabi urte Cadaquesera (Girona, Katalunia) egindako oporraldian Garatek izandako burutazioak izan dira eleberria idazteko "errota martxan" jarri dutenak. Ohikoa den eredutik aldenduta, ordea, Garatek ez du bere bakardadean idatzi nobela. Izan ere, kontatu nahi zuen istorioa, lagina eta egitura "garatuta" izanagatik, liburua ontzeko orduan bederatzi lagunez osatutako taldearen laguntza izan du. Hala, duela bi urte, Juan Luis Zabalak Berrian eszedentzia hartu zuela aprobetxatuz, Garateren liburua idaztearen ideiari baiezkoa eman zion. Zabalaren esanetan, "esperientzia polita" izango zela-eta, lanean hastea erabaki zuten. "Garatek nahikoa argi zuen zer kontatu nahi zuen, eta nire egitekoa izan da hizkuntzaren eta idazketaren aldetik lana dotoretzea". Azkoitiar idazleak dio, Garateren eleberriak baduela "Goenkale bezalako telesailen ukitua". Izan ere, txakolindegi giroan kokatua dago, eta familia bereko hainbat belaunaldiren istorioa kontatzen du. Zabalak gaineratu du Azkoitiko eta inguruko esapideak darabiltzala egileak nobelan, eta "ekarpen oparoa" egiten duela. Egonaldia, Cadaquesen Argi estalia lana borobiltzeko, egun batzuk pasatzera joan ziren elkarrekin Garate, Zabala eta Edurne Lazkano eta Aitor Arruti zuzentzaileak. Arrutiren esanetan, egonaldiak lanari "azken ukituak" emateko balio izan zien. "Literaturaren eta artearen munduekin lotura duen Lidia Noger ezagutu genuen. Cadaquesko Sabana sorginaren alaba da, eta eleberrian haien aipamena ere egiten da". Horrez gain, Arrutik gaineratu du eleberrian bi ipuin sartu nahi zituela Garatek, eta haiek Lazkanok idatzi behar zituela "garbi" zuela. Ipuin horiek, berriz, Garateren lehengusu Andoni Salegi Otsobeltzek ilustratu ditu. Garatek prentsaurrekoan adierazi du istorioa bera kontatzea baino "politagoa" izan dela prozesua, eta beraientzat "bizi osorako gogoan" geratuko dela Cadaquesco esperientzia. Era berean, gaineratu du eleberria "erraz irakurtzekoa" dela. Garateren lana Azkoitiko Hizki eta Lujan dendetan eros daiteke 15 eurotan, eta Maxixatzeneko bazkideek 10 eurotan eskura dezakete. Donostiako, Gasteizko, Bilboko, Iruñeko eta Baionako Elkar dendetan ere jarriko dute salgai datorren astean. Lotura honetan irakur daiteke Julen Garate idazleari egindako elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide