David Fernandez. (Caos En La Red)
Galdeketarako sinaduren langa erraz gaindituta, egitasmo desberdinak antolatzen ari da Azkoitiko Urrats taldea. Euskal Herrian da atzoz geroztik David Fernandez (Bartzelona, 1974) CUPeko parlamentari ohia, gaur hitzaldia eskainiko du Azkoitian.
Kataluniako lehen herri galdeketa Arenys de Munten egin zen 2009an. Nola oroitzen duzu sasoi hura?
Erradikaltasun demokratikoaren, inplikazio munizipalistaren eta herri subiranotasunaren oroitzapen emankorra dut. Egungo egoeraren isla ere bada; izan ere, lehen herri galdeketa hura ere debekatu eta jazarri zuten judizialki. Gainera, estatuko aparatuak tematu egin ziren eta eskuin muturra saiatu zen muturra sartzen. Beste batzuk, etxekoak, ahalegindu ziren galdeketa hura barregarri uzten. Baina ez batzuk eta ez besteek, ez zuten lortu nahi zutena. Arenys de Munteko bizilagunek debekua gainditu zuten, libre izateko baimenik eskatu gabe eta libre izateagatik barkamenik eskatu gabe. Hautetsontziak gelditzeko iritsi ziren. Inork gutxik imajinatzen zuen galdeketa demokratikoen olatuak 555 udalerri gaindituko zituela.
Zortzi urte igaro dira ordutik. Zertan aldatu da gizartea?
Hori da gehien aldatu dena. Herritarrak izan dira bizi izan ditugun aldaketen motorra. Gizarteak gainditu zituen 78ko erregimenaren esparruak eta Kataluniako alderdien sistema. Herritarrak aurretik joan dira beti, eskaera demokratikoekin-eta. Hori da gakoa: eraldaketa soziala beti joaten da aldaketa polikoaren aurretik. Eta eskaera horiek ez dute alderatzeko esparrurik eskuin muturrak eta populismo xenofoboek zirikatzen duten Europako Batasunean. Orain izan behar dugu aldaketa gauzatzeko gai. Hau dena ez da inoiz lehengoa izango, eta gu ere ez.
Noiz izan zen inflexio puntua?
2010ean, Auzitegi Konstituzionalak Estatutaren aurka emandako epaiarekin. Erregimena erori zen eta itzulera puntua azkendu. Sektore horiek ikusi zuten ez zegoela zer eginik, ez zegoela inor bestaldean eta Estatuaren logika bakarra inposaketa zela. Erabaki zuten demokratikoena zela subiranotasun osoaren bidean aurrera egitea. 2012ko Diadak markatu zuen esparru autonomikoaren gainditze soziala eta bide subiranisten hegemonia. Eta bi horiekin lotu behar dira Estatu demofobikoaren aurrean sortutako sumin nazionala, krisiak eragindako triskantzaren aurrean gizarteak zuen haserrea eta ustelkeriak eragindako sumindura demokratikoa.
Espainiako Estatuak trabak jartzen jarraitzen du. Horrek independentismoa indartu du?
Askotan esan izan da Espainia independentistak egiteko fabrika dela, agertoki erabakitzaile demokratikoa prestatzea baztertu duelako. Eta hala da; izan ere, geure burua gobernatzen ez uztea, egitasmo guztiak blokeatzea eta eztabaidak galaraztea etsigarria bezain zirikatzailea da. Ez soilik erreferendumaren aurkako obsesio errepresiboagatik, beste hainbat lege egitea ere debekatu diote Kataluniako Parlamentuari. Estatuaren estrategiaren porrota nabarmena da: bide judizialak eta legalak erabiltzen dituzte bide politikoetatik eta demokratikoetatik irabazi ezin dutena eragozteko. Kataluniako gizarteak badaki aurrera egin beste biderik ez dagoela. Orain igaro behar dugu mobilizazioen fasetik berreraikitzekora.
Euskal Herriko lehen kontsultak 2014an egin ziren. Ordurako Diadak 1.800.000 lagun elkartu zituen…
Eskaerak berdinak izanagatik, ziklo politikoak desberdinak eta txandakakoak dira. Erregimenaren krisian islatzen dira euskaldunak eta katalanak. 1978an CiU erregimenaren zutabea zen, eta EAJk abstentzioaren alde egin zuen Kontituzioaren erreferendumean. Egun, justu, alderantzizkoa da egoera. Baina ez diezagula orainak beti irakaspenak ematen dizkigun iragana estal: non dago EAJ gaur eta zer ikuspegi erabiltzen du Kataluniako subiranotasuna erasotzen dutenean, azaroaren 9ko hautetsontziak epaitzean eta Parlamentuko presidentea inhabilitatu nahi dutenean? Eta gauza bera: non zegoen pujolismoa Egunkaria ixtean, alderdiak legez kanpo uztean eta Ibarretxe lintxatzean?
Azken urteetan, Euskal Herria da Kataluniari begira dagoena…
Txandaka gertatzen diren zikloen beste adibide bat da:
baskitisetik katalanitisera. Eta espero dut onerako eta elkarri laguntzeko izatea. Harremana beti izan da estua, baina ez erraza. Era berean, argi dago edozein aurrerapauso demokratiko izango dela baliogarria bi herrientzat. Guk erreferendumaren atea parez pare irekitzen badugu, Euskal Herriak ere irabaziko du. Baina bada beste paradoxa bat: independentziarako bide demokratiko bat egongo da edo demokraziarako bide independentista bat.
Badute antzekotasunik Kataluniako herri galdeketek eta Euskal Herrikoek?
Noski, erabakitzeko eskubidea herritarrei itzuli baitzaie bietan. Hautetsontziak eredu politiko baztertzaile, elitista eta klasista baten aurkako gramatika politikoa dira; eredu horrek ez du ezer jakin nahi gizartearen parte hartzeaz, demokrazian sakontzeaz eta eraldaketa sozialaz. Oinarrian dagoen beste kontua da gehiengo sozialak bide politiko demokratikoen, desobeditzaileen eta ez bortitzen aldeko hautu argia egin izana.
Zer puntutan dago Kataluniako prozesua? 2017rako iragarritako erreferenduma egingo da?
Agindu demokratikoa betetzeko zorian dago prozesua. Konpromisoa zen 2017ko iraila baino lehen deitzea erreferenduma. Eta hala izango da, zailtasun asko eta epaitegien eta komunikabideen hordagoak izan arren. Geure burua gobernatu nahi dugu, baina desgobernatu nahi gaituzte, eta hori da orekarik gabeko batailaren dilema. Armak hautetsontzien kontra. Hori da desobedituko dugun Estatuaren eskaintza. Izan ere, gure indar bakarrak dira Kataluniako askatasun politikoaren arrazoi demokratikoa eta gure herriaren mobilizatzeko ahalmen erabakigarria. Gure krabelinen iraultza egitea dagokigu. Estatu kolpeak kalean gelditu behar dira.
Eta erreferendumaren hurrengo egunean, zer?
Kataluniako gizarteak berreskuratua, gauzatua eta irabazia izango du autodeterminazio eskubidea. Herritarrek erabakiko dute herri honen etorkizuna. Baina erreferendumean gehiengoa independetista bada, prozesu eraitzailea hasiko da berehala. Orduan hasiko da errepublikarako trantsizioa eraikitzeko lana. Eraiki beharko dugu babesleku demokratikoa, soziala eta kulturala. Independentzia ez da helmuga, abiapuntu bat besterik ez da demokrazia berreraikitzeko, justizia soziala berriz josteko eta herri subiranotasuna blindatzeko.