Eneritz Artetxe aktorea: "Biluzik ikusita ere, jendearen bizitzaz gauza asko jakin daitezke"

Urola Kostako Hitza 2017ko urt. 26a, 10:36

Dxusturi Teatroaren Karramarroa antzezlana ikusi ahal izango da Matadeiko Antzerki Jardunaldietan igandean. Eider Rodriguezen, Miren Agur Meaberen eta Marcela Iacuben testuetan oinarritutako bakarrizketa da, eta Eneritz Artetxe (Gernika, 1972) ariko da aktore lanetan. Komedia eta kritika soziala uztartzen ditu obrak. Ez da bakarrizketa batean parte hartzen duzun lehen aldia. Gustura aritzen zara molde horretan? Hasieratik hartu nuen bide hori, intuizioz-edo. Lehiaketa batera aurkeztu nuen asko gustatzen zaidan bakarrizketa bat, eta gero konturatu naiz formatu horretan interes handia daukadala eta barrutik ateratzen zaidan zerbait dela. Molde horretan pila bat daukat ikertzeko eta arakatzeko; aukera asko ematen dizkit. Horrez gain, konturatu naiz testu literarioak asko maite ditudala. Karramarroa obran 40 urte inguruko emakume batek bere bizipenak eta gogoetak kontatzen ditu. Emakumea hondartza nudista batera heltzen da, oso sofistikatua den toki batera, eta han ikusten duenari buruz hitz egiten du. Mundu guztiaz barre egiten du; bere buruaz ere bai, noski. Biluzik ikusita ere, jendearen bizitzaz gauza asko jakin daitezke: haien maila soziala, batek tatuajeak dituela, bestea depilatuta dagoela... Nahiz eta biluzik egon, topatzen du zer esan jendeari buruz. Obra kanpotik ikusten duenak kritika soziala ikusten du, estereotipoen ingurukoa... Pertsonaiak mihi zorrotz samarra du, ezta? Inolako lotsarik gabe esaten du ikusten duena. Inguratzen duen jendeak eta berak ez dute zerikusirik bere iritziz. Ero edo arraro bezala hartzen dute, eta baztertu egiten dute ingurukoek. Zer jakingo du ikusleak emakumearen bizitzaz? Haren barruko aldea ere ikusten da obran. Hondartzara ikastera joan da, baina ezin du ikasi. Batetik, jendeak arreta galarazten diolako, eta, bestetik, etengabe mugikorrean deiak jasotzen dituelako. Aitak deitzen dio, bere senargai edo bikote arraro batek ere bai... Dei horietan ikusten da zer harreman mota daukan bere bizitzako gizon batzuekin. Dxusturi Teatroaren sortzailea zara. Busturialdean antzerkia sustatzeko eta gauzatzeko helburuarekin sortu zenuen konpainia. Zer moduz doa esperientzia? Nik ikusten nuen eta ikusten dut ez dagoela antzerkirako egiturarik eskualdean, eta horretan sakontzea nahi dut. Hori da nire saiakera; zaila da, baina horretan nabil.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide