'Laja, trikitixaren zubia' disko-liburua kalean da

Nerea Uranga 2016ko aza. 27a, 18:44

Joxe Mari Iriondok idatzi du Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegia bildumarako

Joxe Mari Iriondo, Agurtzane Elustondo, Iñaki Garmendia 'Laja' eta Javier Zubizarreta gaur, Azkoitiko udaletxean (Nerea Uranga/Hitza). Iñaki Garmendia Laja soinujoleari buruzko Laja, trikitixaren zubia disko-liburua aurkeztu dute gaur, igandea, Azkoitiko udaletxean. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegiko 12. zenbakia da. Aurkezpenean Lajaz gainera, Joxemari Iriondo liburuaren egileak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak parte hartu dute. Horiez gainera, hainbat trikitilari ere bildu da; aurretik, aurkezpena iragarriz, kalejira egin dute. Azkoitiko alkateak hartu du lehen hitza eta trikitilariek herrian duten garrantzia nabarmendu du: "Trikitilariok Azkoitiari bizia eman diozue. Eta horrelako lanak garrantzitsuak dira, ondorengoek jakiteko zuen ekarpena nolakoa izan den. Ea guztion artean asmatzen dugun ondare hori guztia gure ondorengoei transmititzen". Horregatik, Lajari berari eskerrak eman dizkio alkateak, eta baita Iriondori eta Trikikitixa Elkarteari ere. "Auskalo zenbat trikitilari izango den Azkoitian" Joxemari Iriondorentzako "ohore handia" izan da Lajari buruzko liburua egitea, eta eskerrak eman dizkio Trikitixa Elkarteari ere. Laja ezagutu zuen garaia gogora ekarriz liburuari atxikita dagoen diskoko grabazio zaharrena aipatu du Iriondok, 1963koa. "Sakabik eman zidan Azkoitiko Lajako mutil gaztearen berri; hark miresmena zion. Hala, 1963ko udaberrian joan nintzen gazte haren bila Lajara. Grabazioa egin genuen, baina ez zuen ondo irten aurrenekoak, eta bigarren bat egin genuen gero. Orduan ulertu nuen zergatik miresten zuen Sakabik". Liburuko orrialde kopurua motz gelditu zaiola ere esan du Iriondok, "hainbeste kontakizun... Gutxi batzuk aukeratu behar izan ditut libururako". Buruan askotan ibiltzen duen kontu bat ere azaldu du liburuaren egileak: "Kanpotik etorri eta ekarritako guztiak trikititixa bezala integratuz gero, gauzak beste era batera izango lirateke. Trikitixa oso euskalduna eta azkoitiarra da. Azkoitia artista lur handia da, auskalo zenbat trikitilari izango den hemen". Aurten San Andres egunean lehenbiziko aldiz Lajak primizia ere eman du bere biografiaren aurkezpenean, hala esan du: "Aurtengo San Andres egunean estreinako aldiz irtengo naiz soinuarekin kalejiran". Plazak, erromeriak, jaiak... asko eta asko eginda ditu Lajak, baina inoiz ez du irten Azkoitian San Andres egunez: "Bakarren batek ezin zuela-eta irtengo al nuen galdetu zidaten, eta nik baietz". Hala erakutsi du erretiroa hartzeko batere asmorik ez duela soinujole azkoitiarrak, eta soinu txikia gertu ez duenean ez dagoela eroso: "Behin Benidormera oporretara ere eraman nuen...". Kontatu du gaur jendaurrean. Soinuaren Liburutegiko 12. zenbakia Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko Agurtzane Elustondok nabarmendu duenez Soinuaren Liburutegia bilduma tresna egokia da soinu txikia historian kokatzeko: "Trikitixak ondare bat dakar eta hori transmititzeko helburuarekin sortu zen bilduma hau 2001. urtean". Ordutik hainbat trikitilariren biografia liburuak atera dituzte: Elgeta, sasiaren sustraiak (Koldo Izagirre), Gelatxo, soinuaren bidaia luzea (Pako Aristi), Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak (Xabier Amuriza), Sakabi, soinu txikiaren handitasuna (Iñigo Aranbarri), Epelde, mende baten soinua (Xabier Gantzarain), Zumarragako Trikitixa, trikiti doinu kaletarra (Antxiñe Mendizabal), Urrestillako Trikitixa, Auntxa eta Iturbidetarrak (JoxeMari Iriondo), Landakanda, panderoaren erregea (Miel A. Elustondo), Maltzeta, soinu bete bihotz (Juan Luis Zabala), Zendoia, pozaren mezularia (Laxaro Azkune), Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria (Joxemari Iriondo). Lajari buruzkoa 12. zenbakia da, eta ohi bezala liburuak erantsirik diskoa darama. Bertan, argitaratu gabeko Lajaren 27 pieza jaso dituzte. "1963koa da piezarik zaharrena eta 2007koa berriena", azaldu du Elustondok. [flickr_set id="72157673132377934"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide