Aintzane Agirrebeña. (Hitza)
Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek hamahiru abestiz osatutako
Bidea hauspotzen diskoa kaleratu berri dute. Legarreko estudioan grabatu dute lana, Walter Tuzzeo soinu-teknikariak lagunduta, eta ia urtebete eman dute horretan. Eibartarra jaiotzez, Azkoitian bizi da duela hamar bat urtetik Agirrebeña. Hark azaldu dizkio
Hitzari azken xehetasunak.
Bidea hauspotzen diskoa kaleratu berri duzue. Nolako lana da?
Trikiti diskoa da, baina abestutako kantu asko ditu, izan ere, biok dugu gustuko abestea. Hamahiru abesti ditu diskoak, eta hamarretan sartu dugu ahotsa. Gainerakoan, denetik sartzen saiatu gara: dantza solteko abestiak, rantxerak, dantza lotuak, balsak...
Trikitizaleek non aurki dezakete?
Azkoitian, Ixidro erretegian eskuratu daiteke, eta, Errezilen Letea jatetxean. Gainerakoan, Eibarren edo Lasarten eros daiteke, besteak beste, hamar euro ordainduta.
Nola ekoiztu duzue diskoa?
Geure kontura grabatu dugu. Egia esan, ustekabean hasi ginen. Bizkaiko Trikitilari Elkarteak maketa lehiaketa bat antolatu zuen, eta bertan parte hartzera animatu ginen. Hiru abesti aurkeztu behar ziren, baina bost sortu genituen. Abestiak grabatuta bidali behar zirenez, kalitate onean egitea pentsatu genuen, eta diskoari eutsi genion. Halaxe hasi ginen, pixkanaka. Eibarko Legarre estudioan grabatu dugu.
Abestiak jendaurrean aurkezteko asmorik baduzue?
Betiko antzera jarraituko dugu, erromerietan jotzen. Amets bat zen guretzat diskoa argitaratzea, eta lortu dugu, baina gainerakoan betiko moduan jarraituko dugu.
Zein izan da zuen lan dinamika orain arte?
Egia esan ez gara asko ibili orain arte. Mirari Aire Aire taldean ibili zen garai batean, eta neu ere aurretik aritu nintzen beste batzuekin. Orain, bi ume ditut eta urte batzuetan apur bat lotuta egon naiz. Halere, libreago nago orain, eta erromerietan parte hartzeko ere aukera gehiago ditugu. Batez ere, auzoetako erromerietan ibiltzen gara gu.
Noiz hasi zineten elkarrekin?
Lau bat urte izango dira honezkero. Mirari beste panderojole batekin ibiltzen zen lehen, baina hura kartzelan sartu zuten eta bakarrik gelditu zen. Ondoren sortu genuen Mirari eta Aintzane trikiti taldea.
Urola bailaran soinujole eta panderojole ugari izan dira. Osasuntsu ikusten duzu hemen trikitia?
Trikiti munduarekin gehien lotzen den eskualdea da hau. Ez bakarrik trikitilari asko dagoelako, zaletasuna ere handia da. Diskoa ere inguruko herrietan saldu da gehien, eta zaletasunaren ondorioa da hori. Urola bailara trikitiaren sehaska izan da, eta hala izaten jarraitzen du. Gaur egun ere gazte askok jotzen dute trikitia, hemen bizirik dago.