Koldo Arandia. (A.Abarisketa)
Gerra ondorengo "beharrei aurre egiteko" sortu zuten Ibarmia famili enpresa 1953an, Azkoitian. Zulagailuak egiten hasi ziren eta, jada hiru belaunaldi igaro dira ordutik. Koldo Arandia (Itsasondo, 1963) duela 28 urtetik da lan taldeko kidea, eta "buru-belarri" sartuta dago Ibarmiaren egunerokotasunean. BECeko makina-tresnaren azokan Berrikuntza Saria eman diote Azkoitiko enpresari.
Zer egiten du Ibarmiak?
Gaur egun Ibarmiak zer egiten duen ondo ulertzeko azaldu beharko genuke zer ez duen egiten. Zulagailuak fabrikatzen hasi ziren, eta mundu mailan liderra izatera iritsi zen, gainera. 2009an, ordea, zulagailuak egiteari uztea erabaki genuen, berrinbertsioa eginda. Goi-mailako teknologia makinetan eta mekanizatuetan zentratu ginen, eta horixe egiten dugu orain. Bost ardatzeko makinak dira gehienak; horrez gain, geroz eta gehiago lantzen ditugu zeregin askoko gaitasunak dituztenak.
Zein sektoretan saltzen duzue?
Orain aeronautika sektorean saltzen dugu gehien bat. Hegazkinen atal desberdinak osatzeko makinak egiten ditugu. Oraintxe bi proiektu ditugu esku artean, eta helikopteroen osagarri bana ekoizten ari gara: Airbusentzako da bat, eta Frantziara doa; bestea, titaniozko pieza oso konplexua da, Indiara doa hori. Energia berriztagarriei dagokionez, irtenbide oso onak ditugu energia eolikorako, eta aldi batzuetan lan karga handiak sortzen dizkigu. Pieza zirkular handiak mekanizatzeko makina bat dugu. Pieza horiek eolikako haize-errota handietan erabiltzen dira batik bat.
Zuen bezeroa anitza da, beraz.
Hala da. Beharbada lan gutxien automobil-industrian egiten dugu. Sektore horretako piezak sail handikoak dira, eta guk aplikazio bereziak eta sail motzeko produkzioak egiten ditugu.
Zein da zuen lan merkatua?
Gure bezeroen %75 europarra da, gutxi gorabehera. Horrez gain, Txinan, Indian, Errusian, Amerikako Estatu Batuetan, Brasilen edo Mexikon ere saltzen dugu, besteak beste.
Indar handia al du makina-erreminta sektoreak Azkoitian?
Pisu handia du sektoreak herrian, baina tamalez are eta garrantzitsuagoa izan zen duela urte batzuk. Azkoitira iritsi nintzenean indar handiagoa zuen, eta ekoizleak ere gehiago ginen. Pixkanaka-pixkanaka indarra galtzen joan da, enpresa batzuk ixten joan dira, arrazoi desberdinak tarteko. Enpresa horietako batzuei proiektua zaharkituta gelditu zitzaien; beste batzuek, berriz, ez zuten belaunaldien arteko jarraipenik izan. Gaur egun, hiruzpalau enpresa erreferente gaude herrian.
Krisiak nola eragin dizue?
Oso gogor. Krisiaren ondorioz gure produkzioaren %60 erori zen ia-ia. 2008an jarduera oso altua genuen. 2009an nahiko on-do eutsi genion produkzioari, baina 2010 eta 2011 oso urte gogorrak izan ziren, jaitsiera handiak izan genituen. Makina-tresna sektorean ohituta gaude krisi ziklikoak izaten, eta guretzat ez zen berria izan. Beraz, planteamendu estrategikoa egin genuen. Hala, ahal zen neurrian Ibarmia osatzen zuten pertsonak mantentzea erabaki genuen, izan ere, ofizio honetan lan egiteko profilak osatzea asko kostatzen da, sektorea oso zorrotza da. Ibarmian dugun lantaldea osatzea urte askotako lana izan da. Halere, aldi baterako kontratua zutenei ez zitzaien berritu.
Beste zer neurri hartu zenituzten?
Berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustua egin genuen. Libre gelditu zitzaizkigun pertsona horiek buru-belarri jarri genituen produktu berriak garatzen. Horrez gain, alor komertziala sendotu genuen, merkatua zabaltzeko asmoz. Aldaketa horiek arrakastatsuak izan ziren, eta momentu honetan, 63 urteko ibilbidean izan dugun Ibarmiarik sendoena eta aberatsena dugu. Zentzu horretan, jendearen konpromisoa eskertu beharra dago, izan ere, oso langile onak ditugu enpresan.
Krisiak indarberritu egin zaituzte, beraz?
Hainbeste sufrimendu ekarri duen egoera ekonomiko baten aurrean gogorra da esatea, baina krisiak sendotu egin gaitu, horixe da gure irakurketa. Herri aurreratu bat gara, ahalmen handiak dituen herria da gurea, baina Alemania edo Suitza bezalako herrialdeen atzetik gaude.
Maiatzeko azken datuen arabera, langabeziak behera egin du Gipuzkoan orain urtebeteko datuekin alderatuta.
Egoera gogorra da oraindik orain. Azken bizpahiru urteetan hobera egin duela esan genezake, baina askotan esaten den bezala, ez ditugu berriro ezagutuko garai emankor haiek. Gaur egungo merkatuetan, baita politikan ere zalantza handiak daude. Uste dut garai hauek horrelakoak izango direla eta ezegonkortasun horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Erne egon beharra dago.
Makina-tresna sektoreak etorkizuna du?
Gipuzkoak duen sektore garrantzitsuenetarikoa da. Askotan esaten dut Gipuzkoa makina-tresna dela. Sektore honek etorkizuna du, baina gogorra izango da. Gaur egun ezer ez da erraza. Espainiko Estatuan makina-tresnan ekoizten den %80 baino gehiago Euskadin egiten da. Mundu mailan, berriz, bederatzigarren postuan gaude. Beraz, Euskadi bezala maila indartsua dugu nazioartean. Era berean, kontuan hartu behar da enpresa erraldoiekin lehiatzen ari garela. Horietako batzuk Espainiako Estatuko sektore guztia batuta baino indartsuagoak dira.
Horren adibiderik jartzerik bai?
Duela gutxi bat egin zuten Alemaniako eta Japoniako bi enpresa indartsuenek, eta orain Alemanian, Txinan edo Japonian produzitzen dute. Munstro bat sortu dute. Enpresa horrek Espainiako sektore guztiak bat eginda baino indar handiagoa du. Eta guk, ehun lagunekin, horien kontra borrokatzen dugu.
Nola egiten da hori?
Gure makina batek edo lehiakide horrek egiten duen makinak eskaera berdinak ditu bezeroaren partetik. Eta erosleak onura berdinak izatea espero du bien partetik. Horrek ahalegin ikaragarria egitera behartzen gaitu.
Zein da Ibarmiaren filosofia?
Lana ondo eta asko egitea. Ibarmiaren sena beti izan da berritzailea izatea, ausardiaz jokatzea, eta hori ere gure filosofiaren zati garrantzitsua da. Azkoitian finkatutako famili enpresa izanda, enpresa bera zaintzeari garrantzi handia ematen diogu. Zentzu horretan, asko gustatzen zait Azkoitian asko erabiltzen den opa izan esapidea.
Orain bi aste bukatu zen BIEMH azokan, BECen. Makina-tresna sektorearentzat oso garrantzitsua dela nabarmendu da behin eta berriz. Ibarmiarentzat ere hala da?
Espainiako Estatuko alor industrialeko azokarik garrantzitsuena da Bilbokoa. Guri etxean, eta Bilbon gehiago, itxuroso agertzea gustatzen zaigu. Uste dugu, herri honekiko dugun konpromisoagatik tokatzen zaigula halako erakustaldi indartsu bat egitea azokan. Eta aurten ere halaxe egin dugu.
Zertarako balio dute halako azokek?
Enpresaren irudia sendotzen dute. Bertan ez bazaude, jendea berehala hasten da pentsatzen zergatik ote den hori. Eta han egonda, zure ahalmenak erakusten dituzu. Horrez gain, kontaktuak egiteko ere balio du, hori da garrantzitsuena. Gure makinen batez besteko prezioa oso altua da, ia-ia 500.000 euroko salneurria dute, eta oso zaila da horrelako azoka batean horiek saltzea.
2016 Berrikuntza Saria jaso duzue BECeko azokan.
Makina-tresnako diseinu eta berrikuntza saria da, zehazki. Aurten jasotakoak ilusio handia egin digu, izan ere, izen eta ospe handiko enpresak zeuden zerrendan, gu baino handiagoak dira, gainera. Sari horrek hamabi edizio izan ditu, eta Ibarmia hirutan izan da garaile. Urteetan zehar enpresan bertan sortutako eskolaren ondorioa dela uste dut.
Bailarako garapen agentzien lanak zerbaitetarako balio dizue?
Une honetan lan oso ona egiten ari da bailarako agentzia. Nire iritziz, ordenamendu baten beharra zegoen, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman dira zentzu horretan. Badakit lana gogor egiten dutela eta asko saiatzen direla. Guk hartu-emana badugu beraiekin, baina uste dut garapen agentziaren lana gehiago nabarmendu behar dutela gu baino txikiagoak diren enpresek. Azkenean, Ibarmiak egitura eta esperientzia du, eta autonomoak sentitzen gara. Halere, agentziarekin lan egiteko irekita gaude beti.
Nora begira dago Ibarmia?
Ibarmia gora begira dago. Askotan esaten dut hazten ez dena txikitu egiten dela. Azkenean, norbera geldik egon arren, lehiakideak lanean jarraituko dute eta pasatu egingo zaituzte. 2013an egindako azken plan estrategikoan bide horri jarraitzeko erabakia hartu genuen. Hitzarmen hori orain bukatuko da, eta datozen hiru urteetara begirako gogoeta egiten hasiko gara laster. Ibarmiak garatzen eta hazten jarraitu behar du sektorean aurrera egiten jarrai dezan.
Hainbat datu
Zenbat lantegi ditu Ibarmiak? Fabrika bakarra dugu, Azkoitian, eta bertan egiten ditugu produktu guztiak. Horrez gain, bi salmenta eta zerbitzu gune ditugu: Alemanian eta Txinan.
Zenbat langile? Ibarmia hazten ari da, bai negozioari dagokionez, baita langileen kopuru aldetik ere. Orain, ehun langiletik gora ditugu. Azken urtebetean hogei bat lanpostu sortu ditugu.