Koldo Zuazo: "Euskara batua eta euskalkiak hizkuntza baten zatiak dira"

Ana Abarisketa 2016ko mai. 26a, 00:00

Euskalkiez eta, bereziki, Azkoitikoaz solasaldia prestatu du gaurko Maxixatzen Euskara Elkarteak, Maiatzeko Lorak egitasmoaren barruan. Koldo Zuazok gidatuko du saioa.

[caption id="attachment_304193" align="aligncenter" width="300"]Koldo Zuazo. (Oihaneder) Koldo Zuazo. (Oihaneder)[/caption] 1990az gero, Euskal Herri osoko makina bat txoko bisitatu ditu Koldo Zuazok (Eibar, 1956), bertako euskalkien eta haien ezaugarriak nahiz bilakaera aztertzen. Gaur, Azkoitian izango da urte horietan guztietan mamitutako ideiak entzuleekin partekatzeko. Elkargunean izango da hitzaldia, 19:00etan. Euskalkien sorlekuak eta Azkoitiko euskara hitzaldia eskainiko duzu gaur. Zertan sakonduko duzu? Louis Lucien Bonapartek XIX. mende erdialdean euskalkien inguruan egindako mapak Euskal Herrian zortzi euskalki mota daudela bazioen ere, aldatuz joan da iritzi hori, eta neuk ere bat egiten dut joera horrekin. Hark zortzi euskalki aipatzen bazituen ere, gaur egun sei direla esan dezakegu: mendebaldekoa, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra, zuberotarra eta ekialdeko nafarra. Horrez gain, Azkoitiko euskaraz hitz egingo dut, dakidan hori entzuleekin partekatuz. Euskalkien sorrrera Erdi Aroan kokatzen duzu. Gaur egun ziurtzat jo dezakegu guk hitz egiten ditugun euskalki hauek erromatarrak Euskal Herrira etorri ondorengoak direla. Ideia hori partekatuz, Koldo Mitxelenak berak erabilitako froga da, latinetik hartu ditugun hitz asko eta asko euskalki guztietan berdin esaten ditugula. Argudio horrek egiaztatzen du euskalkien sorrera Erdi Aroan kokatzen dela eta ez aurretik. Zergatik sortzen dira? Erromatarrak Euskal Herrira etorri zirenean euskaldunen arteko batasuna estutu egin zela dirudi, eta horrek hizkuntzaren batasuna ekarri zuen. Nafarroako Erresuma suntsitu zenean moztu egin zen batasun hori. Ondorioz, Ipar Euskal Herria Frantziara begira jarri zen; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, Gaztelara begira; eta Nafarroa bakartuta geratu zela dirudi. Ondorengo mendeetan, elkarrengandik urrun jarraitu zuten, eta distantzia hori handituz joan da ordutik. Euskalkiak galtzen ari direla ere esan duzu. Euskara batua sortzeak aldaketa ekarri zuen, eta uste dut bere momentuan gaizki intepretatu zela eukara batuaren zeregina. Kontuan izan behar dugu euskara batua frankismo garaian sortu zela, diktadura baten barruan, hain zuzen, oso egoera zailean. Garai hartan gauzak ondo mamitzeko zaitasun handiak izango zituztela uste dut. Gaur egun egoera bestelakoa da, eta zabaldu behar den mezua ere desberdina izan behar du: euskalkiak ez dira euskara batuaren kontrakoak, eta, alderantziz. Euskalkiak eta euskara batua hizkuntza baten zatiak dira. Zer da euskalkiez gehien erakartzen zaituena? Herriz herri ibili izan naiz tokian tokiko euskalkiak ikertzen. Gogoan dut bereziki Urdiain ingurko euskalkia. Urdiaingo herria Altsasuren, Bakaikuren eta Etxarri Aranatzen ondoan dago. Euskalki hori benetan da berezia, eta bertako herritarrekin hitz egitea plazer hutsa izan zen, eta gogoan ditut hainbat elkarrizketa. Askotan heziketarik jaso ez duen jendea da, eta zoragarri hitz egiten dute euskaraz. Hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat oso garrantzitsua da ondo hitz egiten jakitea. Nola definituko zenuke Azkoitiko euskara? Asko ezagutzen ez dudan euskalkia bada ere, jakin badakigu giputza dela, nahiz eta mendebaldeko ezaugarriak ere badituen. Bestalde, bada Urola eskualdean faltan botatzen dudan zerbait. Izan ere, ez dira gehiegi aztertu bertako euskalkiak, eta asko dago egiteko oraindik. Beraz, interesa dutenak animatuko nituzke bertako euskalkiak aztertzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide