‘Hankak Lurrin’ jarrita abiatu dute aldi berria

Ana Abarisketa 2015ko urr. 16a, 09:00

Miguel Rodriguez, Xabier Arenaza eta Iñaki Segurola, asteazkenean, 'Hankak Lurrin' saioan. (Ana Abarisketa) Hankak Lurrin saioaren denboraldi berria martxan da. Pasa den asteazkenean hasi zuen hirugarren denboraldia Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irrati libreko hirukoteak. Aurreneko saioa berezia izan zen, Urola Kostako Hitzak zuzenean elkarrizketatu zituen Xabier Arenaza Mamo, Miguel Angel Rodriguez Miel eta Iñaki Segurola Ogrue. 94,2FM sintoniaren baitan azaldu zituzten Hankak Lurrin irratsaioaren hasierak. Hasierara atzera jauzi eginda, Miguel Rodriguezi sortu zitzaion irratia egiteko gogoa. Buruari bueltak ematen hasi, eta "edozertaz" hitz egingo lukeen saioa sortzea pentsatu zuen. Hala, lagun bati otu omen zitzaion irratsaioari Hankak Lurrin izena jartzea. Ordutik, hamaika saio egin dituzte eta asteazken arratsaldez irratia pizteko zain izaten diren entzule fidelak lortzen joan dira, ahoz ahokoari esker gehientsuenetan. Euren saioetan hamaika gai landu dituzte orain arte: hedabideak —Fedabideak da tartearen izena—; legez kontrako drogen eta, gizartean, oro har, guztiz onartuta dauden pilulen arteko desberdintasunak; menpekotasunak, 80ko hamarkadan sortutako punki mungimenduaren, borroka armatuaren eta antimilitarismoaren arteko konparaketak; edota sexua eta honi maiz ematen zaion gehiegizko balioa. Guztia, ikuspuntu propio bezain puskatzaile batetik zabalduz beti, umorea eta gai mingarriak nahastuz eta, beharbada, irrati konbentzionaletan horren ohikoak ez diren ideiak botaz. Saioa urtez urte eraldatuz joan dela diote. Miel hasi zen hizlari bakar bezala, Mamo soinu-teknikaritzara mugatuz. Gero, mikrofonoz hitz egiteari "gustua" hartu omen zion hark, eta Ogrue gonbidatu zuten. Lehen saio hartan, musika kontzertuez jardun zuen azpeitiarrak, eta, orain, ideia berbera mantentzen jarraitzen duela dio: "Lehengo kultura herrikoian, inoiz ez ziren egoten hasieratik bukaera arte abeslariei begira; hori oraingo kontua da, eta ‘kontzertua’ hitzak berak ematen dio meza aspergarri ukitua. Kontzertuena aristokraziak sortutako kontua dela pentsatzen jarraitzen dut".

Irratia, "plazerretik"

Denboraldi berriari begira, saioak bi astetik behin egiteko asmoa dute, aurreko denboraldian gainezka amaitu zuela baitio Miel-ek. Hala ere, denborak eta "gogoak" markatuko omen du saio kopurua. Ogruek, "plazerra" azpimarratzen du Hankak Lurrin saioaren ardatz bezala. "Gure konklusioa da hemen —Azkoitiko Mataideiko estudioan— kalean beste edozer egiten baino hobeto gaudela. Honek, orokorrean, ez beti, plazerra ematen duelako". Denborak ea euren arteko harremana "goxotzen, kohesioa sortzen", lagundu duen galdetuta, zuzenekoetan "ideiak askatasun osoz" botatzen dituztela diote, askatasun eta lasaitasun horren atzean, uhinetatik zabaltzen den elkar ulertua badela. Arrosa Irrati libreen sarearen barruan dago Azkoitiko Kontrako Eztarrixe. Irrati txiki eta ez horren txikiek osatzen dute Arrosa Irratia, hala nola: Info7 Irratia, Bilbo Hiria, Txapa Irratia edota Arraio Irratia. Nahiz eta Azkoitian bi programa bakarrik sortu, gainerako irratiekin batera parrilla osoa osatzea lortzen dutela dio Mamok. Saioko 60 eta 100 bitarteko deskargak izaten ditu Hankak Lurrin saioak. Ordea, ez dakite uhinetatik zuzenean zenbat entzulek jarraitzen duten. Dena den, badakite iazko azaroaren 22an Gregorio Larrañaga Mañukorta-ri egindako elkarrizketa izan dela orain arte gehien entzundakoa, 200-300 bitarteko deskargak lortuz. Hankak Lurrin Bergarako edo Ondarroako irrati libreetako parrilletan ere entzungai jartzen dute, eta hain justu "mimoz" agurtzen dituzte Ondarroako AEK-ko kideak, ikasgeletan Hankak Lurrin entzuten baitute, ikasleek beste euskalki batzuk entzun ditzaten. Kontrako Eztarrixen parte izatera gonbidatu nahi dituzte Hankak Lurrin-eko kideek irratigintza praktikan jarri nahiko luketen guztiak. Edonor dago gonbidatuta irrati librera. Saioa entzungai hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide