«Oinez ibiltzen ikasi edo erakutsi», hor dago gakoa

Ana Abarisketa 2015ko urr. 9a, 00:00

Bizitzako lehen fasean haurren eta helduen arteko harremanaz aritu zen pasa den asteazkenean Nerea Mendizabal psikopedagogoa Azkoitiko Elkargunean, erakustearen eta ikastearen arteko diferentzia landuz.Lau hankan eta oinez ibiltzen, erakutsi edo ikasi?...

Bizitzako lehen fasean haurren eta helduen arteko harremanaz aritu zen pasa den asteazkenean Nerea Mendizabal psikopedagogoa Azkoitiko Elkargunean, erakustearen eta ikastearen arteko diferentzia landuz.

Lau hankan eta oinez ibiltzen, erakutsi edo ikasi?» galdera aintzat hartuta hasi zuen Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976) psikopedagogoak eta gizarte hezitzaileak asteazken arratsaldeko hitzaldia. Beste hainbat galdera ere bota zituen: «Haurrari erakutsi egin behar diogu oinez ibiltzen ala ikasiko du?», edo beste hau, «haurrari lo egiten erakusi behar diogu? Edota pixoihal lotzen?».

Mendizabalek ez du zalantzan jartzen, hilabete gutxiko haurraren oinez hasi bitarteko prozesuan helduak esku hartzen duenean, laguntzeko xedez egiten duenik, bai ordea laguntza behar ote duen. «Haurrak bere ekimenez lortutako garaipen horiek, seguruagoak eta harmoniatsuagoak izaten dira», dio. Bide horretatik omen doaz azken ikerlanak, eta, horixe da, hain justu, Mendizabali berari amatasunak erakutsi diona.

Jaioberri batek heldua izan arteko prozesuan behar fisiko nahiz emozionalak asetuta izatea da gakoetako bat. Horien artean daude: elikadura, atsedenaldia, maitasuna eta kontaktu fisikoa. «Premia horiek guztiak asetuta dituenean sentituko da babestuta, seguru eta garrantzitsu haurra; bizitzan aurrera egiteko beharrezko izango dituen oinarriak jasoz».

Lurretik arrastaka

Mendizabalek haurrak lurrean egotearen garrantzia azpimarratu zuen; lau hankan ibiltzen hasi aurreko fasea da lurrean egotearena. Horretarako etxeko gune bat haurra etzanda egoteko egokitzea proposatu zuen. Era berean, umea biluzik egoteari garrantzia eman zion. Hala, gorputza eta sexualitatea arakatu ahalko ditu, jaio eta bi urte luzez estalita izaten baititu genitalak pixoihala dela-eta.

«Laguntzarik onena ez laguntzea da», nabarmendu du Mendizabalek. «Ume guztiak daude programatuta oinez ikasteko, eta, gu helduok beraien ibilbide propio horretan ondoan izateko eta babesa emateko dauden laguntzaileak besterik ez gara».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide