Xavi Artigas zuzendaria
Bartzelona (Herrialde Katalanak), 2006ko otsailaren 4a. Antzoki zahar okupatu bateko ospakizuna poliziaren karga batekin amaitu da. Handik bi egunera jakinaraziko du hiriko alkate Joan Closek polizia bat koman dagoela teilatutik botatako loreontzi batek buruan jo ostean. Istiluen egunean, inguruko kaleetan, hiru hegoamerikar atxilotzen dituzte. Beste bi lagun, Patricia Heras tarteko, inguruko ospitale batean atxilotzen dituzte. Hori da dokumentala kokatzen den testuingurua.
Zein izan zen Ciutat Morta filmatzearen arrazoia?
Katalunia Plazan Maiatzaren 15eko mugimenduaren ikus-entzunezko batzordean geunden gu 2011n, eta, funtsean, Bartzelonan gertatzen zen dena grabatzen genuen. Errepresio polizialaren eta inpunitatearen kasu asko ikusi genituen, eta, hasieratik, oso presente genuen
Patriren (Patricia Heras) kasua, bi aste lehenago egin baitzuen bere buruaz beste. Amorru eta haserre handia sortzen zigun gaia zen.Era berean, errespetu handia genion gaiari, oso konplexua baitzen, min izugarria pizten zuena. Bere ingurukoak oso ukituta zeuden, eta ez zen momenturik egokiena beraiek elkarrizketatzen hasteko.
Azkenean, urrian aurrera egitea erabaki genuen.
Patriren epaiketan testigantza eman zuten bi poliziak, diplomatiko baten semearen epaiketan tortura kasuengatik errudun jo ondoren. 2006ko otsailaren 4ko gazte hegoamerikarrek salatu zituzten polizia berberak ziren. Komunikabide konbentzionalek ez zuten gaiaren berri ematen, eta, beraz, dokumentalari eustea erabaki genuen.
Dokumentala Patricia Herasi omenaldia ere bada, ezta?
Dokumentala, zalantzarik gabe, hura omentzeko intentzioarekin hasi genuen, halako sentimendu bati jarraitu genion, baina segituan konturatu ginen ezinezkoa zela Patricia elementu nagusi bilakatzea, istorio desberdin asko gurutzatzen zirelako. Beraz, eta naiz eta Patricia istorioaren elementu poetiko garrantzitsua izan, hiria bera bilakatu zen protagonista nagusia.
Otsailak 4 hartatik bederatzi urte pasatu dira. Zer puntutan dago kasua?
Kasua itxita dago. Senide batzuen nahia da Estrasburgora eramatea, baina horretarako aurretik Auzitegi Konstituzionalak hitz egin behar du. Guk beti salatu dugu, kontua ez dela hainbeste zenbat auzitegitatik pasatzen den kasua, baizik eta instrukzioa osorik berrikustea dela benetan garrantzitsuena. Espainiako sistema judizialak ez du uzten gainera, behin kasua itxita, instrukzioa berrikustea. Hala, ia ezinezkoa da kasua berriz irekitzea.
Ciutat Morta mendekuaren kronika bat da, poliziren eta erakunde publikoen mendekua. Dokumentalean erakusten den Bartzelona horrek ere beldurra ematen du, batez ere, hiria horren sakonki ezagutzen ez duenari.
Bartzelonak jakin dio munduari saltzen, 92ko Olinpiar Jokoen ondoren batez ere, nolabaiteko irudi idiliko bat. Hiri baketsu eta atseginaren irudia, ustez jendeak bizitzeko era mediterraneoa duen hiria, tapak jan eta paseatzera ateratzen diren herritarrena. Guk irudi hori guztiz desegitea nahi genuen, iruditzen zaigulako inolaz ere ez datorrela bat hiriaren errealitatearekin. Turistei hiria saltzeko bakarrik balio duen itxura besterik ez delako.
Horretaz gain, nazkatuta gaude Bartzelonaz hitz egiten den bakoitzean sekula ez aipatzea herritarrok jasaten ditugun irregulartasunak. Ez naiz ari soilik kalean sufritzen dugun indarkeria polizialaz: izan ere, aipatu beharra dago turismo industriara bideratuta dagoen bortizkeria judiziala ere.
Testuinguru horretan, nola baloratzen duzu Ada Colauren sarrera Bartzelonako udaletxean?
Gu Ada Colau beraren sarreraz baino, besteen irteeraz gaude pozik. Hau da, hiria kontrolatzen duten lobby ekonomikoen pantaila huts diren alderdi politikoen agurraz. Hortik aurrera, eta distantzia apur batez begiratuta, itxaropentsu ere ikusten dugu. Besteak bota izana da, hala ere, garrantzitsuena.
Zein da zuen hurrengo proiektua?
Gure proiektuak finantzatu ahal izateko eta bizirauteko beste hamaika proiektu txiki egin behar izaten ditugu. Hala ere, oraintxe bertan filmatze lanetan ari gara. Datorren poiektua
Ciutat Morta-ren antzeko zerbait izango da. Ez da inoren agindua, geure borondate hutsetik dator.
Gaiari dagokionez, migrazioaren kontrola eta arrazakeria instituzionala jorratuko ditu filmak, eta, 2016ko amaieran ikusi ahalko dela aurreikusten dugu.