Azkoitiko umeen danborrada, 1988an
(Azkoitiko Udala)
"Urtero banatzen genituen Chiquilin opilak, baina urte batean beste enpresa batek merkeago egiten zigula-eta, beste gaileta batzuk ekarri genituen, probatze aldera. Umeei banatu, eta guztiak haserretu ziren; inork ez zuen nahi hartzerik. Ordutik, berriro lehenengoak banatzen dira». Nor ez da gogoratzen azken entsegu ondoren banatzen zituzten opil ezagun haietaz? Eta entsegu hasieretako danbor hots zaratatsuez? Nork ez ditu gogoan danborrada eguneko Umore Ona elkarte aurreko ogitartekoak? Azkoitiko elkartea duela 50 urte hasi zen umeen danborrada antolatzen, eta ordutik herriko milaka ume igaro dira handik. Egun, helduak direnek ere ondo gogoan dituzte danborradako kontuak: «Asko etortzen zaizkit esanez txikitako orduko oroitzapen asko dituztela, eta gustura ibiltzen zirela danborradan», dio Juan Bastarrika Tootak. Besteak beste, Bastarrika eta Manolo Larrañaga hasi ziren antolatzen danborrada, eta urte luzez hura prestatzen eta umeei danborra jotzen erakusten aritu ziren. Bien artean, oroitzapen piloa ekarri dituzte gogora.
1955ean Umore Ona elkarteak 25 urte bete zituela-eta, «zerbait berria» egin behar zutela pentsatu zuten elkarteko orduko kideek. «Juan Elorza Txanbolinek izan zuen umeen danborrada egiteko ideia, eta nik segituan jarraitu nion. Elkartekoei ere ondo iruditu zitzaien, eta guztiok hasi ginen lanean», dio Larrañagak. Batzuk danborrak eta barrikak lortzen, beste batzuk umeei erakusten eta gainontzekoak karrozak egiten hasi ziren. Elkarteko kideak aurretik danborradan aritutakoak ziren, eta gehien kostatu zitzaiena umeei erakustea izan zen: «Batzuk besteek baino errazago ikasten zuten, baina haiek zuten ilusioarekin, ezin ba inor bidali», oroitzen du Larrañagak barrez.
Manolo Larrañaga eta Juan Bastarrika danborradako antolatzaile ohiak, Umore Ona elkartearen aurrean
(Ane Olaizola)
Bien arabera, lehenengo urtea izan zen zailena, hutsetik hasi behar zutelako: «Guztia zegoen egiteko». Laguntasuna beharrezkoa zuten, eta hala jaso zuten. «Pazko Egunarekin batera Aberri Eguna izaten zenez, alkateari esan genion pentsatu genuela danborrada egitea, eta ea arazorik egongo al zen. Ondo ikusi zuen, udalak ere laguntza eman zigun». Danborrik eta barrikarik ez zuten, eta material bila joan ziren Bergarako Umore Ona elkartera. «Zubillagakoek autoa jarri ziguten, han danbor poteak eta zeudelakoan. Baina ez zegoen ezer. Azkenean, Donostiatik alokatzen genituen, baina guk ekartzerako umeek beraiek inguratzen zituzten poteak». Jantziak ere egin behar, eta elkartea lantoki ere bihurtu zuten: «Etxean zeuden josteko makinak eramaten genituen, eta inguruko emakumeek jarduten zuten jantziak egiten».
48 laguneko danborrada
Hamabost danbor jotzailek eta 33 barrika jotzailekin egin zuten lehenengo danborrada. Kantinerak kenduta, guztiak ziren mutilak. Urteak joan ahala, aldatzen joan zen danborrada ere, eta handitzen joan zen heinean, hasi ziren neskak ere parte hartzen.
Egun Ertzainetxea dagoen inguruan Kantzela ematen zen, eta han hasi ziren entseguak egiten. Gero, Floreaga Ikastetxeko frontoian ere entseatzen zuten. Karrozak ere urtero egiten zituzten; «Joxe Mari Aldalur zen zer karroza egin pentsatzen zuena. Urtean izandako gertaeren ingurukoa izaten zen normalean». 1977an, ikurrina legeztatu zutenean, haren inguruko karroza egitea otu zitzaien: «Ikurrina Fenix Hegaztiarekin batera jarri nahi genuen, errautsetatik jaio zela adierazteko. Batzuek, ordea, ez zuten ikurrinaren kontu hori begi onez jotzen, eta guztion artean hitz egitekotan geratu ginen. Batzuek kezka agertu zuten, ea zerbait pasatuko ote zen, edo. Azkenenan, atera egin genuen».
«Oraingo danborradak ez du zerikusirik hasierakoarekin», dio Bastarrikak. Duela lau urte eskuz aldatu zen elkartea, eta ordura arte, 45 urtetan aritu ziren biak danborrada prestatzen. Oroitzapen onak dituzte biek ala biek, eta nostalgiaz gogoratzen dituzte orduko kontuak: «Giro ederra izaten zen. Danborrada laga genunean izugarrizko pena sentitu nuen. Izan ere, gustura ibiltzen ginen, eta horrenbeste urte eta gero, faltan botatzen nuen».