Jon Miren Landak zabalduko ditu bihar jardunaldiak
(Hitza)
Floreaga ikastetxeak eta hango Gurasoen Elkarteak, Azkoitiko Udalaren babesarekin, XXVI. Euskal Kultur Jardunaldiak antolatu dituzte datozen asteetarako. Aurten, salestarren fundatzailea izan zen Joan Boscoren jaiotzaren 200. urteurrena ari da ospatzen ikastetxeko komunitatea, eta beraz, bihar hasiko diren jardunaldiek santuaren lana eta bizia izango dute ardatz. Ohi bezala, hiru hitzaldi eta bertso saio bat izango dira jardunaldietan, eta hitzaldi gehienak Joan Boscoren ingurukoak izango dira. Era berean, gazteei emango diete garrantzia. Juan Inazio Sudupe antolatzailearen arabera, «oso maila altuko hizlariak» egongo dira ikastetxeko On Bosco aretoan, eta gaiak ere «erakargarriak» izango dira.
Jon Miren Landa EHUko Zuzenbide Penaleko irakasle titularrak irekiko du bihar arratsaldean ekimena. Zazpi liburu eta 40 artikulu baino gehiago argitaratu ditu Lanak, eta arrazakeria, xenofobia, diskriminazioa, gorroto delituak eta zigorrak dira bere ikerkuntzaren lerro nagusiak. Hain zuzen, bihar, egungo «gizarte anitzean gorrotoa eta indarkeria» gainditu eta gazteen heziketan nola eragin daitekeen hausnartuko dute.
Mikel Ormazabal apaiz eta Euskadiko Kristau Eskolako Zuzendari Nagusiaren eta Koldo Gutierrez teologoaren txandak izango dira gero, eta haiek Joan Boscoren bizitzan sakonduko dute. Honek XIX eta XX. mendeetan misioan eta pedagokian izandako eragina eta gazteentzat hasitako lanbide eskolak jorratuko ditu Ormazabalek, martxoaren 11n, Don Bosco, gazteen aita eta maisua: laboral eta hezkuntza proposamena hitzaldiaren bidez.
Martxoaren 18an, berriz, Joan Boscok eskaini zuen heziketa estiloa eta egun duen eragina landuko du Gutierrezek, Don Bosco: un educador de corazon hitzaldian. Ohi bezala, bertso saioarekin itxiko dituzte jardunaldiak, apirilaren 17an, eta aurten Igor Mendiluze, Igor Elortzak, Jone Uriak eta Sebastian Lizasok «saio polita» egingo dutela uste dute antolatzaileek. 200 lagunentzako lekua egongo da, eta sarrerak dagoeneko erreserbatu daitezke, 943-85 30 43 zenbakira deituta edo zuzendaritza@floreaga.com helbidera idatzita. Txartelak apirilaren 13tik aurrera banatuko dituzte, eta Beningo kaleko umeei laguntzeko proiekturako borondatea eman ahal izango da. Saio guztiak On Bosco aretoan egingo dituzte, 20:00etan, eta doan izango dira.
«Jardunaldi berezia»
Kultur Jardunaldiek izaten duten «erantzun ona» azpimarratu du Sudupek, eta aurreko urteetako balorazio positiboa egin du. «Guraso Elkarteak lan handia egiten du herritarrentzat interesgarriak diren gaiak jorratzeko hitzaldiak eskaintzen». Oro har, gizarte gaiak jorratzen dituzte hitzaldien bidez, baina aurtengoa «berezia» dela aitortu du; «agian, gizartearentzat ez dira hain erakargarriak izango, baina bere efemerideak merezi du». Bataz beste, 50 eta 60 lagun artean elkartu ohi izaten dira hitzaldietan, eta bertso saioak aretoa bete izaten du. Aurten ere hala izatea espero dute, «izen oneko» bertsolariak izango direlako taula gainean.
MARTXOAK 4, BIHAR: 20:00etan, Gizarte multikulturala eta gorroto diskurtsoa: giza eskubide eta kristau baloreetatik hausnarketa hitzaldia, Jon M. Landaren eskutik, Don Bosco aretoan.
MARTXOAK 11, ASTEAZKENA: 20:00etan, Don Bosco, gazteen aita eta maisua: laboral eta hezkuntza proposamena hitzaldia, Mikel Ormazabalekin, Don Bosco aretoan.
MARTXOAK 18, ASTEAZKENA: 20:00etan, Don Bosco: un educador de corazón hitzaldia, Koldo Gutierrezekin, Don Bosco aretoan.
APIRILAK 17, OSTIRALA: 20:00etan, bertso saioa, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Jone Uria eta Sebastian Lizasorekin, Don Bosco aretoan.